Hemen zaude:
 » 
 » 
Itzulpengintza hiztegigintzaren ikuspegitik: arazoak eta konponbideak - Mikel Morris

Inprimatu

Data: 2010eko urria

Itzulpengintza hiztegigintzaren ikuspegitik: arazoak eta konponbideak - Mikel Morris


Irakurri artikulua pdf formatuan.


Azken urteetan, ikaragarri aldatu dira hiztegigintza eta itzulpengintza Euskal Herrian. Oso ikuspegi berezia daukat gaiaz, erabat bitxia ez esatearren, bai itzultzaile bezala, bai hiztegigile bezala, bai eta kanpotar bezala ere. Bi zatitan banatu dut artikulu ez-akademiko hau: 1.a, itzulpengintzako arazo praktikoak; 2.a, euskarazko hiztegigintza vs. thailandierazko eta txinerazko hiztegigintza.

1- Itzulpengintzako arazo praktikoak: ingelesetik euskarara

1.0

Ingelesaren eta euskararen arteko itzulpenak ez dira aspaldiko kontua. Esan genezake aurreneko itzulpenak Edward Spencer Dodgson ingelesak egin zituela, Sebastian Mendibururen Jesus-en compañiaco (Donostia, 1900) eta Bartolome Santa Teresaren Euscal-errijetaco olgueeta ta dantzeen gatz- ozpinduba (Dodgson eta A. Campion, Durango, 1914) liburuen itzulpenak argitaratu zituenean.

Gero, Espainiako Gerra Zibila hasi aurretik, zenbait obra euskaratu ziren, hala nola Shakespeareren antzerkiak. Hala ere, XX. mendeko 70eko hamarkadan etorri ziren ahaleginik sendoenak, batua indartzen hasi zenean. Orain arte, ordea, gaztelaniatik itzuli dira obrarik gehienak euskarara, eta, hein txikiago batean, frantsesetik. Ez da harritzekoa, Hego Euskal Herrian gaztelania baita kultura-hizkuntza bakarra. Egun, irakurle itzultzaileok ederki dakizuenez, itzulpen gehienak gaztelaniatik egiten dira: administrazio-agiriak, eskolako testu-liburuak eta, noizean behin, literatura-testuak.

Bitartean, ingelesa bihurtu da munduko hizkuntzarik garrantzitsuen, eta, goiz edo berandu, nire uste apalean, ingelesetik egingo dira itzulpenik gehienak euskarara ere, ez espainieratik, ingelesez jorratzen baitira nagusiki zientziak, arteak, literatura, etab., ez espainieraz edo frantsesez. Dena dela, orain ingelesetik, gaztelaniatik eta frantsesetik itzultzen dugu batik bat; etorkizunean, ordea, beste hizkuntza batzuetatik ere aritu beharko dugu: txineratik, adibidez.

1.1 Arazo praktikoak

1.2 Hiztegiak

Munduan zehar, hiztegigintza elebiduna oso jarduera espezializatua da, eta, jakina, oso jende gutxi aritzen da horretan. Ongi aztertuta, hiztegi on eta fidagarri gutxi da munduan. Normalean, hizkuntzarik handienek izaten dute hiztegigintza-tradiziorik zaharrena eta oparoena. Faktore asko daude horren atzean: dirua, azpiegitura, jende prestatua… Bizitzan zehar, dozenaka hiztegi erosi, irakurri eta aztertu ditut, eta, nire iritzian, Ingalaterran, Alemanian, Frantzian, Errusian eta Japonian dituzte hiztegigintza- tradiziorik onenak. Hiztegigintza elebiduneko Espainiako tradizioa ez da oso ona, baina orobat esan daiteke Estatu Batuetako tradizioaz ere.

Jakina, egin dira zenbait hiztegi on Ingalaterrako, Alemaniako, Frantziako, Errusiako eta Japoniako tradizioetatik kanpo ere, baina hiztegi bakar batek ez du osatzen tradiziorik. Adibidez, Robert Young-en The Navajo Language: a grammar and colloquial dictionary lan bikaina da. Gauza bera esan daiteke C.M. Doke-ren English-Zulu dictionary lanari buruz.

Euskal Herriko tradizioari dagokionez, ez dago asko esan beharrik. Ez da gehiegi egin; batik bat, inguruko erdarekin konparatuz gero. Oso jende gutxik, edo argitaletxe gutxik, egiten ditu hiztegi elebidunak Euskal Herrian era jarraituan (hots, noizean behin argitaraldi berriak ateratzen dituztela): Elhuyarrek, Bostak bat-ek, Morris Academy Press-ek… Jarduerari begiratuta, honako hauek ditut kezka nagusiak: hiztegien tamaina, administrazioaren laguntza urria, argitaletxeen arteko koordinaziorik eza, argitaratzaileen edo erakundeen arteko harremanik eza…

Euskal hiztegigintzaren eremua nahiko txikia da. Hor, gainera, arazo bakarra ez da euskaldunen kopuru txikia. Gutxi espero izaten da, eta gutxirekin etsitzen du hemengo askok. Esate baterako, nire hiztegia argitaratzeko Elhuyarrekin negoziatzen ari nintzela, hiztegi txikia bakarrik atera nahi zuten. Hiztegi handiagoa, hots, Morris Student handiegitzat zeukaten, eta esan zidaten agian geroago argitara zitekeela. Morris hiztegiak argitaratu aurretik, merkatuaren tamaina txikia izan zen oztoporik handiena.

Egun ere, Hegoaldeko euskaldunak pozik dira Euskal Herrian edo Espainian egiten denarekin. Elhuyarren hiztegia oso handia iruditzen zaio euskaldun askori; Oxford-en Espainiera-Ingelesa hiztegiarekin konparatuz gero, ordea, ez da hain handia. Aski da «coger», «mucho» edo «sacar» adierak hiztegi bietan konparatzea. Elhuyar hiztegiak «contráctil» edo «radiogoniometría» bezalako termino asko baditu ere, erabilera handiko adierak ez ditu behar bezala garatu. Bego argi: ez naiz ari Elhuyarrak egindakoa maiseatzen, konparaketa egiten baizik.

Morris Student Plus hiztegiak ere bekatu bera du (Elhuyarrena baino txikiagoa da, gainera). Orain gutxi arte, ordea, ez geneukan hura behar bezala handitzeko dirurik, Espainiako Parlamentuak horretarako dirulaguntza onartu zuen arte. Horrela sortu zen Morris Magnum hiztegia. Hutsune bat zegoen, eta hura betetzea izan zen asmo nagusia. Magnum handituaren bigarren argitaraldia abian da une honetan.

Edozein itzultzailek ongi dakienez, hiztegi ona eta osatua behar da itzulpengintzan, itzulpengintza araupetzen baitu, eta itzultzaileen lana errazten. Hizkuntza behar bezala garatuek «intertranslatability» (hizkuntzen arteko itzulgarritasuna) daukate. Tasun hori ez duten hizkuntzek, aldiz, desabantaila izugarria daukate. Hizkuntza garatu horien mailara heltzeko, ezinbestekoa da hiztegi elebidun handiak eta oparoak sortzea eta mantentzea. Orain arte, Eusko Jaurlaritzaren irtenbidea irtenbiderik eza izan da. Hiztegigintza ez zen lehentasuna haientzat, eta garbi aitortu zidaten; behin baino gehiagotan, gainera. Oraingo Jaurlaritzarekin, agian aldatuko da hori, baina lehengoekin horrelakoxea izan zen politika edo, hobeki esanda, politikarik eza. Katalunian, aitzitik, badakite hiztegigintza elebiduna garrantzitsua dela, eta mota guztietako hiztegiei laguntzen diete, baita sanskritozkoa, hungarierazkoa edo beste edozein hizkuntzatakoa bada ere. Tamalez, Euskal Herrian «plangintza» ugari dago, baina «egintza» gutxi.

Arauei edo arazo terminologikoei dagokienez, Euskal Herriko argitaletxeek nahiz erakundeek lankidetza urria dute beren artean. Euskaltzaindiaren aldetik, esate baterako, ez dut behin ere ezer entzun zenbait arazori buruz; adibidez, atzerriko alfabetoen transliterazioari buruz. Horrelako arazoak edo auziak eztabaidatzeko, ez da inongo forumik. Dena ateak itxita erabakitzen da, publikoaren parte-hartzerik gabe. Lankidetzarik edo eztabaidarik gabe, ordea, endogamia txokozalea izaten da ondorioa.

Azkenik, beste arazo bat aipatu nahi dut. Euskara bera ez da serioski hartzen euskal gizartean. Duela gutxi hasi ziren zer edo zer egiten zinpeko itzultzaileak sartzeko. Harrigarria. Kataluniak aspaldi konpondu zuen hori. Euskarazko itzulpenak ez dira behar bezala bultzatzen eskoletan. Hori aski ez dela, batzuek uste dute gainera gaztelaniazko itzulpenak euskarazkoak baino hobeak, edo askoz hobeak, direla!!! Hori gezur galanta bada ere, ez da gehiegi gezurtatzen. Gainera, bestseller berriak ez dira sortu eta berehala euskaratzen. Harry Potter-en itzulpenak beti beranduago agertzen ziren euskaraz, espainieraz edo frantsesez baino. Nik dakidanez, The Da Vinci Code ez da euskaratu, eta egin bada ere, zergatik ez zen egin obra berria zenean?

Asko hitz egiten da etorkinak euskarara erakarri beharraz, baina ez da ezertxo ere egiten haien hizkuntzekin. Zergatik ez da errumaniera-euskara hiztegi onik, edo txinera-euskara hiztegirik, edo portugesa-euskara edo, zergatik ez, wolofera-euskara hiztegirik? Jakina, Eusko Jaurlaritzaren jarrera eta euskararen merkatu urria ikusirik, etorkinek gaztelania hautatzen dute euskal gizartean integratzeko.

1.2 Zenbait konponbide

Demagun mundu perfektu batean bizi garela. Demagun Euskal Herriak gobernu on, eraginkor eta argi bat duela. Demagun euskalgintzak ikuspegi kosmopolita eta ireki bat duela, eta gauzak egiteko grina. Horrela balitz, konponbide anitz izan litezke euskara behar bezala garatzeko. Hori gerta dadin, dirua jarri behar da, eta denbora. Itzultzaile taldeak sortu behar dira, eta hizkuntza-pareka antola litezke. Talde bakoitzean, hizkuntza bakoitzeko natiboak leudeke. Taldeko kideek ongi lekizkete bi hizkuntzak, eta, gaztelaniara eta frantsesera ez ezik, beste hizkuntza batzuetara ere joko lukete, datu- base oparo bat biltzeko.

Eusko Jaurlaritzak (edota Foru Aldundiek) euskal corpus osoa garatzea izan behar luke lehentasunetako bat, eta erakunde pribatuek lagundu behar liokete. Ari dira corpusa garatzen une honetan, baina ez kanpora begira, egindakora begira baizik. Hori ere garrantzitsua da, baina ez nahikoa. Lehentasuna zein hizkuntza pareri eman behar zaion litzateke beste auzi bat. Gaztelania eta frantsesa izan arren Euskal Herriko hizkuntza nagusiak, ingelesa-euskara pareari eman behar zaio lehentasuna, ingelesa baita munduko estandarra. Ekialdeko Europan, komunismoa erori ondoren, hizkuntza horri eman zioten lehentasuna terminologia garatzeko, ingelesez asmatzen eta argitaratzen baitira zientziako eta teknologiako gauzarik gehienak. Jakina, gaztelania-euskara eta frantsesa-euskara pareak ere ongi garatu behar lirateke; administrazio-kontuetarako, batik-bat, eta legearen alorrean, halaber. Gainera, beste hizkuntza pare batzuk ere sor daitezke: alemana-euskara, italiera-euskara, errusiera-euskara, txinera-euskara, etab.

Euskal corpusa behar bezala garatzeko eragozpenik handiena, haatik, euskaldunen mendetasuna da. Euskal herritar askok Oxford English-Spanish dictionary, Collins English-Spanish dictionary eta antzekoak miresten dituzte, baina haietako gutxik dute Asian egindako hiztegi bikainen berri. Haietatik, honako hauek aipa ditzakegu, adibidez :

– Kenkyusha’s New English-Japanese Dictionary on Bilingual Principles

– Vaccari’s standard English-Japanese dictionary

– 21 世纪大英汉词典 / The 21st Century Unabridged English/Chinese Dictionary,

– 英汉大词典 / The English-Chinese Dictionary.

Goian aipatutako «21 世纪大银汉词典 / The 21st Century Unabridged English/Chinese Dictionary» hiztegiak 2.400 orrialde baino gehiago ditu, eta orrialde bakoitzak, hiru zutabe, oso letra tipo txikian idatzita. Horrelako hiztegi mardulak ikusirik, zergatik miretsi hainbeste Oxford-en edo Collins-en hiztegiak? Euskara hizkuntza zurtza denez, euskaldunek kanpora begiratu behar dute eredu bila: Europara, Amerikara eta Asiara.

Zergatik dira hiztegi horiek hain handiak? Txinera eta japoniera oso hizkuntza desberdinak direlako. Hango hiztegigileak ohartu ziren lehen aipatu «intertranslatability» hori iristeko ahalegin handiak egin behar zituztela. Hiztegigintzari doakionez, lehentasun osoa eman zioten ingelesari. Hango frantsesa-txinera edo gaztelania-txinera hiztegiak askoz txikiagoak dira.

Tamalez, eta ikusiak ikusita, ez zait iruditzen euskaldunek ingelesa lehenetsiko dutenik euskal corpus osoa garatzeko. Nahikoa dute gaztelania, nonbait, oinarritzat.

1.3 Hiztegiaren arazorik handienetako bat

Morris Magnum hiztegia egitean, hizkuntza maila apala adieraztea izan dut buruhausterik handienetako bat. Euskara oso formala eta dotorea izan daiteke, batik bat erlijio-testuetan:

As we commemorate the birth of Jesus Christ two millennia ago, we offer our testimony of the reality of His matchless life and the infinite virtue of His great atoning sacrifice.
Orain bi mila urte izan zen Jesu Kristoren jaiotza. Hori ospatuz, haren bizitza paregabearen errealitatea eta haren ordain- opari handiaren indar mugagabea aitortzen ditugu.

Behe mailako jardunetan, ordea, biziki zaila izan zait batzuetan euskal ordain jatorrak ematea. Euskal hiri-giroan, gainera, zail da erregistro hori topatzen. (...)

2- Euskal hiztegigintza vs. thailandierazko edo txinerazko hiztegigintza

2.0

2003an, zenbait gertakariren ondoren, inoiz baino hobeto jabetu nintzen hemengo egoeraz. Euskal Herriko zenbait pertsonaren txokokeriarekin etsirik, euskaldun askoren axolagabekeriaz jabeturik, eta garbi ikusirik, bestalde, ez zela niretzako lekurik, ez hemengo unibertsitatean, ez erakunde euskaltzaleetan, ez euskalgintzan, Euskal Herritik kanpora begiratzea erabaki nuen. Gutxiengo-hizkuntzen gorabeherak alde batera utzi nahian, Asiara jo nuen. Herriaren historiagatik eta bertako alfabeto polit-politagatik —hori ere aitortu behar da eta—, thailandiera ikasten hasi nintzen. Euskalgintzak lur jota utzi baninduen ere, hiztegigintza poz-iturri zitzaidan. Horregatik, thailandiera-ingelesa hiztegi bat egiten hasi nintzen. Handik laster, txinerazko bati ere ekin nion.

2.1 Thailandiera

Badira thailandiera-ingelesa hiztegi ugari, baina gutxi, onak. Mary Haas-en Thai English Students' Dictionary oso ona da, haren xedea hartzen bada kontuan. Ingelesdunek thailandiera ikasteko egin zuten, baina 1964an argitaratu zen. Harrezkero, ez da gauza handirik egin. Jakina, thailandieradunentzako hiztegi anitz argitaratu dira, baina ez dira, nire uste apalean, oso serioak. Hemengoen «bekatu» berak dituzte; esate baterako, adieretan hierarkiarik ez, esaldi-argibide gutxi, kaleko hizkera gutxi. Oxford-ek 2006an atera zuen bere ingelesa- thailandiera hiztegia, eta, egia esan, orain arte egin den onena da; edukiari dagokionez, ordea, anglozentrikoa edo eurozentrikoa da. Ingelesdunentzat oso baliagarria dela badiote ere, garbi dago thailandiarrentzat egin zela, nahiz eta anglozentrikoa den. Hiztegi hori Oxford hiztegien ereduaren arabera egin zuten, baina Thailandiako kultura edo historia gehiegi baliatu gabe, bistan denez.

Thailandierazko aurreneko «oztopoa» bertako alfabetoa da. Indiakoa, jatorriz. Hasteko, «abiguda» alfabetoa da, hau da, silabak dauka lehentasuna. Bestela esanda, dena silabaren inguruan eratzen da, eta kontsonantea da oinarria. Adibidez ม letra, «m» bezala ahoskatzen da, baina bokalak ondoren, gainean, azpian edo aurrean ager daitezke.

มา maa
มู muu
มี mii
เม mεε

Hori aski ez dela, transkribatzeko sistema ugari da gainera. Honako hauek erabiltzen dira gehien:

– Royal Thai General System of Transcription (RTGS)

– Nazioarteko Alfabeto Fonetikoa (IPA)

– «Paiboon Publishing» argitaletxeak diseinatutako sistema (Paiboon)

– David Smyth-ek «Teach Yourself Thai» liburuan erabili zuen sistema (Smyth)

(...)

Tarteko sistema bat hartzea erabaki nuen, zenbait gauza aldatzen nituela.

(...)

Thailandiako unibertsitateetako irakasle eta ikasle batzuekin ari naiz lanean. Hemen ez bezala, diru pixka batekin gauza asko egin daiteke han, baldin eta bertakoak ongi ezagutzen badira. Nire laguntzaileak milaka esaldi ari dira biltzen, gero hiztegian sartzeko. Esaldi asko Thailandiako egunkarietatik ateratzen dira; beste batzuk, eleberrietatik edota administrazio-agirietatik.

Eginak eginda, eta aztertuak aztertuta, baieztapen bat egin dezaket lasai asko. Askoz errazagoa da thailandiera-ingelesa hiztegi bat egitea, euskara-ingelesa hiztegi bat egitea baino; nahiz eta Thailandiako historia guztiz bestelakoa izan, nahiz eta bertako erlijioa budista izan, nahiz eta landareak edo animaliak zeharo bestelakoak izan, askoz errazagoa da.

Badira makina bat arrazoi. Bakar batzuk bakarrik aipatuko ditut:

  1. Estandarra egina dago. Erabat araututa. Eta guztiek ez badute ere behar den doinuaz egiten thailandiera ofiziala, ongi ulertzen dute. Ez da hori euskararen kasua.
  2. Bere lurraldean, thailandiera hizkuntza nagusia da. Ingelesaren eragina ere handia da elitekoen artean. Horiek, zenbait kasutan, ez dakite goi mailako fisika eta horrelakoak thailandieraz jorratzen, atzerrian ikasiak baitira gehienak. Jende arruntak, haatik, ederki daki thailandieraz. Jakina, zenbait lekutan beste hizkuntza txiki edo ez hain txiki batzuk dira (laosera, khmerera), baina thailandiera ikasten dute guztiek. Hego Euskal Herrian, euskaldun ugari askoz hobeto moldatzen dira gaztelaniaz, euskaraz baino. Zenbait kasutan, hobeki idazten dute ingelesez, euskaraz baino!
  3. Erraza da ingelesez eta thailandieraz bikain moldatzen diren itzultzaileak aurkitzea han. Euskal Herrian, aldiz, lanak izaten dira euskaraz eta ingelesez maila ona duten itzultzaileak harrapatzeko. Gure herrian, orain gutxi hasi dira ingelesa irakasten, eta nabari da oraindik.

Baten batek galde dezake, agian txantxetan, ea thailandiera-euskara hiztegirik egingo den. Une honetan, ez dut inolako interesik ikusten, ez thailandiarren aldetik, ez euskaldunen aldetik. Badira gaztelania-thailandiera hiztegi pare bat, baina oso eskasak. Ez, oraingoz ez da interes handirik Europako txoko honetan, ez eta Irribarreen Herrian (Thailandiaren ezizena) ere.

Thailandierarekin hasi eta gero, txinera ikasteari ere ekin nion. Etxekoek eta adiskideek ziostaten askoz errentagarriagoa izango nuela txinera-ingelesa hiztegi bat egitea, thailandiera-ingelesa hiztegi bat egitea baino. Zeregina ikertzen hasi nintzen, eta beste hiztegi-diseinu bat egin nuen.

2.2 Txinera

Belgikako lagun hiztegigile batzuen bitartez, kontaktu batzuk lortu nituen Txinan. Bertako enpresari kulturazale baten laguntzarekin, laguntzaile talde eder bat ipini nuen lanean, eta agindu zehatzak eman nizkion. Dagoeneko, corpus handia bildu da; euskarazkoa (Euskal Herrian hiztegigintza elebidunean inork edo sekula bildutakoa) baino askoz handiagoa da. Datu-base berezi batean dago gordeta, eta harekin ari zaizkit lanean. Proiektua etenda eduki dut aldi batez, ingelesa-euskara hiztegi handian lan egiteko (zeharo ezustean etorri zitzaidan hori).

Dena den, thailandierarekin bezalaxe, askoz errazagoa da txinera-ingelesa hiztegi bat egitea, ingelesa-euskara hiztegi bat egitea baino, lehen aipatutako arrazoiengatik. Gainera, txineraren kasuan, irakurgai asko dago.

Mandarina edo 普通话 pˇu tōnghuà duela gutxi arautu zen, orain ehun urte baino gutxiago. Beraz, pˇu tōnghuà eratzea oso gai interesgarria da.

Transliterazioa ez da inolako arazoa, pinyina oso araututa baitago. Ingelesa-txi¬nera hiztegi asko egin dira, baina, nonbait, ez behar bezala. Txinerazko gramatika ez dute behar bezala sartu, esaterako, eta adibide gutxi jarri dituzte.

Egia esan, ez litzateke oso zaila euskara-txinera hiztegi bat egitea. Irudietan ikus daitekeen bezala, egin dut zer edo zer.

Kontuan hartu dira txinerazko gramatikaren zehaztasunak. Jakina, ez da komeni hitz zerrenda bat egitea, hiztegi duin bat egitea baizik. Geroak esango du euskaldunek horrelako hiztegirik nahi duten ala ez.

2.3 Euskal Herria terminoari buruzko anabasa Asian

Nolanahi ere, arazoak sortzen dira euskal hitzak txinerara edo thailandierara itzultzeko orduan. Ezin korapilatsuagoa da Asiako hizkuntzetara itzultzea. Kasu nabarmen bat: Euskal Herria terminoa.

Mendebaldean, «Herria» horren ordaina ematea oso erraza da: «Country» edo «Land», «País», «Pays», «Paese», «cтpaнa», etab.

Asian, beste arazo bat dago, eta kontu ideologikoa da gainera:

Oxford-en ingelesa-thailandiera hiztegian begiratuz gero, Euskal Herria, hots Basque Country, «ภูมิภาคบาสก์ในสเปน puumípâak nai Sàpeen» da. Hitzez hitz: Espainian dagoen Euskal Eskualdea. Thailandierazko Wikipedian, ordea, «Euskal Herri» terminoari «แคว้นบาสก์ «kwε´εn bask» esaten zaio, hau da, «Euskal Eskualde». Txinerazko Wikipedian begiratuta, antzeko arazo bat dago: «巴斯克地区 Bāsīkè Dìqū», hau da, «Euskal Eskualdea». Koreeraz, «바스크 지방 Baseukeu Jibang» esaten dute, baina «jibang» hori txinerazko «地方 dìfāng» hitzetik dator; alegia, «Euskal Lekua» esaten dute. Vietnameraz, Wikipedian begiratuta, «Xú· Basque» esaten dute, baina, beste adibideetan bezalaxe, «Xú·» hitzak «eskualde» esan nahi du. Soilik japonieraz esaten dute Euskal Herria, itzulpenean: «バスク国 Basuku Koko», Wikipediaren arabera bederen.

«巴斯克地区 Bāsīkè Dìqū» ordez , «巴斯克国 Bāsīkè Guó» proposatu dut nik txinerarako, eta txinatar batzuei esan diet. Oro har, ados daude nirekin. Gauza berbera egin daiteke thailandieraz: แคว้นบาสก์ kwε´εn bask edo «ภูมิภาคบาสก์ในสเปน puumípâak nai Sàpeen» ordez, «ประเทศบาสก์ Pràtêet Bask» proposatzen dut . Pràtêet sanskritozko «प्रदेश pradeśa» hitzetik dator, eta hitz hori erabiltzen dute «herria» edo «country» esateko. Vietnameraz, «nu·ó·c Basque» proposatuko nuke, «nu·ó·c» herria/country baita (ura ere esan nahi du!)

Irakurleak ikus dezakeenez, hiztegigintza oso arlo korapilatsua da, eta euskarazko hiztegigintza, berriz, zailenetako bat.