Egin klik inprimatzeko  |  Itzuli artikulura

Senez 39 (2010). Data: 2010eko urria

Itzulpenetako euskararen ustezko eta egiazko gabeziez - Iñigo Roque


Irakurri artikulua pdf formatuan.


0- Atarikoa

Hainbat buruera izan nituen Xabier Aristegietak Senezen azken zenbakian idatzi zuen artikulua irakurtzean (Aristegieta, 2009: 103-141). Iruditu zitzaidan argitu beharra zegoela, horren premia baitago, alde batetik, xede-hizkuntzaren sistema beregaina dela eta, beste alde batetik, euskara ez dela bigarren mailako hizkuntza, Aristegietak tarteka hala iradoki arren. Artikulu honen ernamuina hori izan zen, baina, idatzi ahala, ohartu nintzen euskarari egotzi ohi zaizkion urritasun horiek hiztunei dagozkiela (itzultzaileei ere bai, bistan denez). Hala, lehenik, arituko gara Aristegietak aipaturiko ustezko moztasun horietaz, eta, hurrena, garanduko ditugu benetan kezkagarri zaizkidan joera batzuk.

Aristegietak, funtsean, sorburu-hizkuntzara lerratutako itzulpengintza aldezten du, hitzezko kateari ia alerik ale segitzen diona. Hitzez hitzeko itzulpenaren ezinak piztu du, jakina denez, ezin konta ahala eztabaida. Duela bi mila urte, Zizeronek eta Horaziok gaztigatu gintuzten verbum pro verbo erako itzulpenaren bide motxaz.

Ronald Knox reduces the entire topic to two questions: which should come first, the literary version or the literal; and is the translator free to express the sense of the original in any style and idiom to choose? (…) Over two thousand years of argument and precept, the beliefs and agreements voiced about the nature of translation have been almost the same. (Steiner, 1976: 239)

Martin Lutherrek ere luze jardun zuen afera horretaz «Itzultzailearen zeregina» izeneko gutunean. Lutherren Bibliaren itzulpenak ezarri zituen aleman batuaren zutarriak, eta hura horren jakitun izan zen.

(…) My intention was to speak German, not Latin or Greek, when I undertook to speak German in the translation. That is how German is. (Weissbort eta Eysteinsson, 2006: 61)

Etxekotzea, edo bertokotzea, izan da, salbuespenak salbu, itzulpengintzan gailendu den joera. Haatik, eztabaidak iraun du gaurdaino, eta iraungo. Estrukturalismoarekin, esaterako, filosofo asko aritu ziren giza izatearen ezaugarri unibertsalen peskizan. Walter Benjamin pentsalari heterodoxoak zioen itzulpenak aurrez aurre jartzen dituela bi hizkuntza, eta talka horretatik ezin dela bestela bezala atera xede-hizkuntza: «hinditik itzuliz gero, alemanak hindiartua behar luke», ustez eta hizkuntza ororen azpian badela hizkuntza unibertsal jainkozkoaren durundi zerbait. Chomskyk ere hainbat transformazio-arau proposatu zituen, hizkuntzen oinarri unibertsalak azaleratzeko (hizkuntzalaritza sortzailea).

Gaur egun, ordea, baztertuak daude Benjaminen buruera kabalistikoak, eta, xede-hizkuntzaren nagusigoa (target-oriented translation) aldarrikatzen denean, beste era bateko kezkak ditu itzultzaileak: itzulpena automatizatzea. Azken batean, Aristegietaren asmoa euskara nazioarteko hizkuntza nagusien mailara jasotzea den arren, funtsean lana errazteko baliabideak proposatu ditu. Jakina, horietako asko, zilegi ez ezik, onuragarri ere badira, hizkuntzaren sistemaren barruko diren aldetik (Velcro efektua, hitz-ordena…), baina beste zenbait, ez.

Tipologiaz eta adierazpidez arras bestelakoak diren hizkuntzekin lan egitea suertatu zaigu. Ez gara zorteko izan. Horrek moteldu egiten du itzulpen-prozesua, itzultzaile denak ondotxo dakienez. Eskulangilearen urratsean ari da euskal itzultzailea, lehenbizi zeharo deskodetu behar baitu jatorrizko testua, euskarazko moldeetara ekartzeko; alegia, eragiketa sakonagoak eskatzen dizkio lanbideak euskal itzultzaileari. Aipa genezake hizkuntzaren diglosia-egoera betea; aipa genezake, halaber, estandarizazioak ekarri duen orobatekotasuna (batzuetan galgarria). Ez gara erostaka hasiko, hala ere.

Javier Marías espainiar idazle eta itzultzaileak, oraintsu, oso argi azaldu du zertan den bi hizkuntzen arteko lehia:

Sí, claro, la sintaxis varía de lengua a lengua. Yo he procurado a veces forzar la del español (intentando no caer en barbaridades), entre otras razones porque esa es una forma de flexibilizar y enriquecer la lengua propia. Si un escritor «doblega» su lengua y el resultado es aceptable, eso queda ya incorporado a dicha lengua. Le recuerdo que de Borges, hoy tenido por el Escritor Argentino por antonomasia, se dijo durante mucho tiempo que era un escritor inglés, y se decía con desdén. Lo que hace el tiempo al pasar… (Marías, 2010)

Benjaminek aipatzen zuen hizkuntzen arteko talka horrek lagundu egiten dio xede- hizkuntzari garatzen, aitzinatzen, garai berrietara egokitzen, baina ez, edonola eta kosta ahala kosta.

1- Ustezko zenbait gabezia

1.1. Izenondoak

Autura ekarriko dugu Xabier Aristegietak euskarazko adjektibazioari aurpegiratzen dion margultasuna. Iruditzen zait haren iritziak hasieran berean duela herrena: gehiegi galdatzen die (exigitu esango luke Xabierrek; ala exijitu?) hiztegi elebidunei.

Alde batetik, hitz batzuen polisemia galgarria begitantzen zaio, eta, hala, izugarriren esanahi-anabasa agertzen digu, erdara lagun: suceso terrible, partido magnífico, crimen horrendo, edificio imponente… Guk denak kitatzen omen ditugu (edo kita genitzake, bederen) izugarri ahalguztidunarekin. Eta kexu zaigu, hori dela eta. Hala ere, bi kontu aintzat hartu behar genituzke: bateko, hitzek ez dutela guk eransten diegun adiera, esanguraz (konnotazioz nahiz denotazioz) horniturik baitatozkigu; bestetik, hitza ez dela, inondik ere, erreferentziazko unitatea, ezta sintagma edo esaldia ere, testua bera baino. Testuak berak argitzen digu hitzari zer adiera dagokion. Izugarrik ez du gaitz- ulerturik ekartzen, non eta ez den lokabe ageri zerrenda burugabe batean.

Bestetik, «esanahi konplexuko izenondo» batzuk aurkezten dizkigu Xabierrek, gaztelaniazkoak berriro (noizbait hitz egin beharko dugu ia beti hizkuntza bakarretik itzultzeak dituen ondorioez), zertarako eta erakusteko euskara ez dela gai horiei dagozkien konnotazio guztiak adierazteko. Bide batez, esan dezagun ez dakigula xuxen zein den haren proposamena, baina betiko hesi bera jotzen dugu: hitzaren bakartasuna. Har ditzagun, bada, siniestro eta sórdido hitzak, Aristegietak proposatu bezala, eta ez gara gai izango, ez horixe, euskarazko hitz bakar batekin ordaina emateko. Xabierrek zera dio:

• Sucio, pobre y miserable (hots hiru ezaugarriak aldi berean elkarri lotuta, eta ez batzuk besteen ordezko): vivienda sórdida.
• Indecente, inmoral, vil: sórdido escandalo.

Euskarazko hitz bakarra aski ez denean, ordea, itzultzaileak baditu beste estrategia edo teknika batzuk:

• Azalpena: etxebizitza lohi, txatxar eta badaezpadakoa; eskandalu lotsagarri eta galgarria.
• Konpentsazioa: miseriarik gorrienean bizi zen etxe beldurgarri batean.

Abia gaitezen iruntzitara, euskarazko hitz batetik:

Etxe kaxkar edo ttattar: nola adierazi hitz bakarrean gaztelaniaz?

Jakina, aurrenik eta bat aztertu behar litzateke testuak halakorik behar duen, alegia, ñabardura hori galtzeak nola eragiten dion testuari eta nolako efektua duen.

Askotan esan izan da euskarak izenondoak falta dituela, eta, entzunaren entzunez, sinetsi ere egin dugu. Esan dezagun argi, hala ere, hori ez dela egia; gezurra dela.

Graduatzaile nahiz indargarrietan ere, ez dago urritasun horren aztarrenik. Bestela, proba egin dezakegu hauek erdaratuta:

Serio demonio erantzun zion behingoan.
Zehatz aspertuta nago kalaka horrekin.
Pobre erromes hutsa zen, ezedukietan behartsuena.

Hitzezko kateari estu atxikitzeak ezin gaitu itsutu. Testuari urrundik ere behatu behar zaio, emaitza osoari antzemateko, zeren batzuetan sintagma honetan galtzen dena hangoan irabaz baitaiteke.

Translation Loss and Compensation. These concepts were again formulated by Hervey and Higgins (1992: 24): the analogy they draw is with the engineering concept of ‘energy loss’, which is inevitable in the design of machinery and which of course is the reason why perpetual motion can never be achieved. The engineer accepts that energy loss is inevitable and the aim is to minimise it; similarly, the translator’s aim is to reduce translation loss. A frequent strategy is ‘compensation’: accepting the loss of one element in the TT, and compensating by adding an element elsewhere. (Amstrong, 2005: 46)

1.2. Eufemismoak

Eufemismo lexikalizatuez solastatuko gara hemen, sorkuntzazkoak albo batera utzirik, horiek ez baitute aparteko arazorik sortzen hizkuntza batetik bestera pasatzean.

Kulturaren osagai dira eufemismoak, ihartu eta klixetuak direnean, eta, hala, itzulezintasunaren hegian daude. Umetan, Espainiar Hizkuntza eta Literaturako eskoletan eufemismoak zer ziren esplikatzeko, bicha hitza jarri ziguten adibide gisa (Andaluzian hala esaten diete sugeei). Nola eman liteke hori? Ezin da, Euskal Herrian ez baitzaio egundo izan erreparorik piztia horri. Gera gaitezen Andaluzian pixka batean. Han, hilekoari (tener la) tomata esaten bide zioten lehengo mendearen hasieran (orduko film batean entzun nuen lehenbizi). Zer bide ematen digu euskarak? Emalege, ilbehera… Ingelesezko dick, esaterako, aise eman genezake: berdela, kirtena… Hala ere, beti ez da hain erraza izaten, eta galdu egin behar ñabardura eufemistiko hori.

Berdin dio zer norabidetan itzuli behar dugun. Euskaratiko itzulpenetan arazo bera dugu. Pertsonifikazioetarako joera du gure hizkuntzak, eufemismoak eratzean: Bettiri Sants (gosetea edo pobrezia gorria), Martin Itsu (loa edo logura) edo Balbea (heriotza edo zorigaitza; ez dakit zenbateraino den pertsonifikazioa, mugatzailea hartu ohi baitu). Kultura-markak dira horiek. Martin Itsu aise txulia genezake Morfeoren bidez, baina gainerakoan itzulpenak, nahitaez, ments izango du ezaugarri edo xehetasun hori.

Esan beharrik ez dago eufemismo batzuk kultura-eremu zabalagoei dagozkiela; esaterako, pertsonifikazioez ari garelarik, Parkak aipa genitzake. Ez diezagutela Parkek kukurik egin!

Besterik gabe, har ditzagun Aristegietak artikuluan aipatzen dituen eufemismoetako batzuk, ea nola «kudea» daitezkeen:

Ciudadanos de color. Zentzurik gabeko eufemismoa da, beltz hitza, berez, ez baita laidogarri auzo-hizkuntzetan; aitzitik, harrotasunaren erakusgarri izan daiteke: black power, black panthers, black nation, black pride. Ingelesezko negro iraingarriak, ordea, arazo bat edo beste ekar diezaguke; Itziar Otegik, kasurako, negro eman ditu horiek guztiak oraintsu, Ez da erraza gizon on bat aurkitzea ipuin-bildumaren itzulpen bikainean.
Deja mucho que desear. Modulaziora jo genezake, eta konnotazio osoa ezezkako esaldien bidez eman (bigunagoak dira): ez da batere egokia, ez da oso txukuna (graduatzailea ere lagungarri da).
Defecar. Libratu dugu ordainik zabalduena; Mendebaldean obratuk korritzen du.
Orinar. Gernua hor dugu, baina gernu egin lartxo litzateke; niri, bederen, pixa/txiza egin horrek ez dit eskatzen leungarririk.

Aristegietak dio normalizazioaren seinale direla eufemismoak, euskaraz bat ere ez bageneuka bezala. Egingo nuke, haatik, itzultzaileak ezin sor ditzakeela hutsetik eufemismoak. Alabaina, konpentsazioa erabil lezake, jatorrizko testuko tonu kontuzko eta begirunezko hori jasotzeko beste era batera (sormenari katazuloa zabalik utzi behar litzaioke, beldur handirik gabe); edo azalpenezko oin-oharrez balia liteke, irakurlea gaztigatzeko. Beste aukera bat da baliokide bat bilatzea, atsotitzetan bezala. Azken batean, itzultzaileak zeharbidez eman behar ditu eufemismoak, hizkuntzaren kultura-muinari baitagozkio.

Equivalence. Vinay and Darbelnet use this term to refer to cases where languages describe the same situation with different stylistic or structural means. Equivalence is particularly useful in translating idioms and proverbs. (Munday, 2008: 44)

Artikulugilea kezketan da eufemismorik ezagatik. Uztapidek lagunduko digu, bada, herri-euskarako adibideak emanez, eufemismo-urritasunari buruzko duda-mudak uxatzen (Uztapide, 2008).

• Ura gazteagoa zan, baña danak bukatu (hil) ziran gure aitaren senideak. (51. or.)
Egualdi bustiagatik (euriteagatik), etzan ura jatordura egitera ere txabolara mogituko. (99. or.)
Bedeinkazio (madarikazio, birao) ederrak botatzen zituen. (103. or.)
• Alkain semea gure aldean gaztea zan, baña ura ere joan zen mundu onetatik. (193. or.)
• Lamitegi eta biok izan giñan urte artan, bi eguneko giñan; apaldu ta edan-alak edan eta gero, kalmantea zala ta oiera joaterako ura edan bear izaten genduan, eta ederki berdinduta (hordirik) joango giñan oiera. (256. or.)
• Orain gurea joan da (zahartu gara), eta ezin asiko gera onezkero guretzako kotxea erosten. (302. or.)
Arratseko lana (edo gaueko lana: kontrabandoa) esaten diote berak; lanik ez egiteagatik egiten den lana. (446. or.)
• Aiek zazpi litroko zatoa zeukaten, eta, goizean bete ta gosaltzerako oso ardo gutxi zuten eta ederki gobernatuta (hordirik) zeuden. (489. or.)

Zer besterik erants liteke, joritasun hori ikusirik?

2- Egiazko zenbait gabezia

Nago ez dagoela hainbeste alderik, hizkuntzaren kalitateaz den bezainbatean, euskaraz sortutako testuen eta testu itzulien artean. Kontu egin gehiago direla euskarara itzulitako testuak euskaraz sortuak baino, Administrazioaren ekoizpena dela medio; eta, gainera, gizarte elebidunean bizitzeak denok bihurtzen gaituela etengabe itzultzaile.

Gabezia bat baino gehiago aipa genitzake, baina guk horietako bi baizik ez ditugu ekarriko hona (iraizean bada ere): hizkuntzaren doinu bakarra eta hizkuntza behartuaren aztarnak.

2.1. Hizkuntzaren doinu bakarra

Hizkuntza guztiek hiru erregistro izaten dituzte (eskema orokorra da): lagunartekoa, neutroa eta jasoa. Euskara batez ere maila apalean aritu da erosoen; hala izan da hizkuntza idatzi guztietan, ahozkotik gertuen dagoen erregistroa baita. Gaur egun, ordea, badirudi egoera bestelakoa dela, batez ere ahozko jardun askotan. Hala, askorentzat arrotz dira izatez behe-mailako izan behar luketen esamoldeak.

Damn it to hell, Bea, the boy’s old enough!
Mila deabru, Bea, mutikoa ez da hain umea! (Carver, 2003: 114)

Aldea bistakoa da: ingelesezkoa korritzen duen esapidea da; euskarazkoaren erabilera- eremua, ordea, askoz murritzagoa da, eta, beraz, ez du erdiesten ingelesezkoaren efektua. Hala ere, zer besterik egin zitekeen? Ezer gutxi. Beste horrenbeste gertatzen da beste adierazpide askorekin: inuzente alaena!; inuzentea ez bestea!; txakurraren biolina!

Alokutiboarekin ere beste horrenbeste gertatzen da; gaur egun ia jende eskolatuaren seinalea da askorentzat. Etsi egin behar al dugu, ala? Ezezkoan nago. Kontua da batzuetan estimatuko genukeela behe-mailako zenbait aditz-forma erabiltzea, batez ere aginterazkoak, itzulpenen sinesgarritasuna areagotzeko.

Pasa iezadak pitxerra!
Pasadak pitxerra! / Pasatuidak pitxerra!

Txikikeriatzat har lezake baten batek, baina sarri askotan bizitasuna horretan datza; txikia da testu belaxkaren eta bixi eta txinpartatsuaren arteko aldea.

Gero, jakina, bada aintzat hartu beharreko beste alderdi bat: heiagoretan eta biraoetan ere ez direla berdinak hizkuntza guztien ohiturak.

The problem of curses and four-letter words is a serious one. Once again Germans are more prudish than Spaniards, and obscenities have a different value and impact in different languages. (Eco, 2003: 41)

Euskarak, esaterako, ia erabat debeku ditu erlijioari lotutako birao gordinak; belarri zolia izan gabe ere, edonor jabetzen da horretaz. Jar ditzagun gaztelaniazko adibide batzuk.

¡Me cago en Dios, ven para acá!

Nahitaez galdu egin behar dugu ñabardura «jainkotiar» hori, eta, beharbada, eskatologiara jo (santu-santen bizitza kontatzen duen horretara ez, kasu).

Kakazotz, hator hona! / Kaka zaharra, hator hona!

Egia da, baditugu Kristo, Alajainkoa edo Jainkoarren ere aukeran, baina, lehenbizikoa aski izan daitekeen arren, besteek gehiago dute deboziozko erregutik biraotik baino; hala ere, Jainkoaren hitza alferrik ahotan hartzea aski denez, bekatari izateko…

Beste alde batetik, asko aurreratu dugu hizkuntza eskolagabea guretzen, eta dialektoei ere bide ematen hasiak gara:

Bon che non avevate risi, perché sennè chissà che lunghi ch’el diventava. (Milango dialektoan)
Beharrik ez zinuten arrozik, bertzenaz sobera ’iñen zen. (Ginzburg, 2004: 28)

Batzuetan, ordea, arras kontrakoa gertatzen zaigu: jatorraren jatorraz, testu jasoetan tartekatu egiten ditugu erregistro apaleko hitzak. Lexikoan oso hedaturik dago jaidura hori (fraseologiaz aurrerago jardungo dugu). Har dezagun Hiztegi Batuan Beh. marka duen esapide bat, Herr. markadunetan sarri garbizaletasun-irizpideak gailentzen baitira.

hanka sartu Heg. Beh.

Bistan denez, esapideak ez luke lekurik izan behar maila batetik gorako testuetan, baina hara non txitean-pitean ageri den baita lege-testuetan ere.

Egia da 2. esku-hartzea izendatzean hanka sartzea egin dugula, izan ere Astorkia-Malasena tutueria ez dago auzoan eta bi esku- hartzeak auzo berean egin zirela pentsarazi dezake, baina ez zen hala izan. (EHAO, 2008/188)

Sí es cierto que hemos cometido un fallo en la denominación de la 2.ª actuación, por cuanto la conducción Astorkia-Malasena no está en el barrio, y puede conducir a error al pensar que las dos actuaciones corresponden al mismo barrio, pero no es así.

Ugari dira lekuz kanpoko jatorkeria horiek, baina testuari, bizitasuna eman ustean, sinesgarritasuna kentzen diote, nire iritzian. Hor dira, besteak beste, ikaragarri, izugarri, pila eta mordo horiek, tartean- tartean desitxuratzen dituztenak testurik hotsandikoenak ere.

Literatura-diskurtsoak idatziak zein ahozkoak, ikaragarri laguntzen du komunikatzeko gaitasuna sakontzen; diskurtsoa fikzioan oinarritzen denez, era askotako testuinguru, eduki, genero eta erregistroak ukitzen ditu.

El discurso literario, tanto oral como es¬crito, contribuye de manera muy especial a la ampliación de la competencia comunicativa, pues, dada su capacidad de ficcionalización, engloba una gran variedad de contextos, contenidos, géneros y registros. (EHAO, 2009/41)

Ez, ikaragarri eta de una manera muy especial ez dira ber gauza, are gutxiago contribuye adizkia ondoan dela. Ikaragarri mailukada bat da; de manera especial, txilin- hotsa.

Aitzina jarraituko dugu. Lexikoaren eremua atzean utzita, fraseologiarenean sartuko gara. Euskarazko estilo-liburuak, oro har, parataxiaren alde ageri dira.

Euskarak, tipologiaz eta garapen historikoz, parataxia du jardunbide egokiena. Estilo parataktikoa justaposizioan eta koordinazioan oinarritzen da (egitura txertatu arinak ere lagun hartuta), eta aditzezko perpaus arruntak ditu egitura nagusi. Euskarak, beraz, zatikakotasuna du estilo-ezaugarri. (Eusko Legebiltzarra)

Egingo nuke hizkuntza oro, haren tipologia edozein dela ere, erosoago aritzen dela perpaus bakunen artean (ez, bakarrik gurea); ahozkoan hala izaten da, berriketek ez baikaituzte usu eramaten konplexutasun handiko diskurtsoetara. Jakina, euskara argiaren alde ari diren estilo-liburuek administrazio-hizkera dute langai, eta haien helburu nagusia da administrazio-testuak herritar xeheei hurbiltzea, ingelesen plain english hura eredu harturik.

Guk, ordea, orotarako erabili dugu gomendio hori; bakundu egin ditugu esaldiak; zatikatu perpausak, komunikagarritasunaren mesedean (egia da), baina askotan orotarako konponbideen bertan-goxoaren ezkutuan. Ez genuke, ordea, ahaztu behar esanahiaz haraindian zenbait testuk badituztela beste konnotazio estetiko batzuk (are musikazkoak), eta horietan periodoen luzerak berebiziko eragina daukala.

Ikus dezagun, konparaziorako, zer dioen Argirok erlatiboen erabileraz.

Testuak euskaratzean, bada arazo franko ematen duen egitura bat: erlatiboa. Erlatibozko kate luzeak eginez ere, gaztelaniak erraz eman ditzake mezu argiak, erlatibozko erdal partikulak —que, el cual, de quien, con el cual, a la que…— erlatibozko menpeko perpausaren aurrean kokatzen baitira, atzean daukatenaren funtzioa iragartzen- edo dutelako. Baina, erdarazko erlatibozko esaldi luzeak euskaratzean, arazo ugari izaten dugu, zeren, jatorrizko egitura hitzez hitz-edo mantendu nahi izanez gero, atzerakarga ikaragarria sortzen baita. (IVAP, 1997: 182)

Testua irakurririk, badirudi erlatiboak emateko era bakarra izan dela euskaraz. Ez da hala, askoren ustea hori den arren: zein… bait-/(e)n erako erlatiboak (batzuek behiala erromaniko deituak) eskura ditugu. Testuak zuzentzen eman ditut azken hamar urteak, eta behin baino sarriagotan entzun behar izan dut hori ez dela euskara, zuzenkizunen batean halakorik proposatu dudanean. Askok berdintzat dituzte ahozkoa eta idatzia; jatorragotzat dute ahozkotik hurbilen dagoen diskurtso idatzia.

For the majority of the people, even of a ‘literate’ country, spoken language will have very much less in common with written language. (Brown eta Yule, 1983: 14)

Erlatibo erromanikoak ez dira, beharbada, testu arruntetarako baliabide izango, baina maila jasoko testuetan lekua izan behar dute, ezbairik gabe. Posible al da taxuzko literaturarik sortzea erlatiborik edo menderakuntzarik gabe, esaterako? Har dezagun literaturako adibide bat.

It was pleasant to drive back to the hotel in the late afternoon, above a sea as mysteriously colored as the agates and cornelians of childhood, green as green milk, blue as laundry water, wine dark. It was pleasant to pass people eating outside their doors, and to hear the fierce mechanical pianos behind the vines of country estaminets. (Scott Fitzgerald, 1998: 24)

Atsegina zen hotelera autoz itzultzea arratsean, misterioski tindaturiko itsasoaren gainetik, zeina umezaroko agaten eta kornalinen kolorekoa baitzen, esne berdea bezain berdea, garbitokiko ura bezain urdina, ardo-iluna. Atsegina zen etxe aurrean jaten ari zen jendea ikustea, eta herrietako kafe-etxeetako mahats-parren osteko piano mekaniko kartsuak entzutea.

Luze hitz egin liteke esaldion estilistikaz, baina errepara diezaiogun erlatiboari. Desegin egin liteke lan handirik gabe, ohiko bidetik.

Atsegina zen hotelera autoz itzultzea arratsean, misterioski tindaturiko itsasoaren gainetik; itsasoa umezaroko agaten eta kornalinen kolorekoa zen, esne berdea bezain berdea, garbitokiko ura bezain urdina, ardo-iluna. Atsegina zen etxe aurrean jaten ari zen jendea ikustea, eta herrietako kafe-etxeetako mahats-parren osteko piano mekaniko kartsuak entzutea.

Hondatu egingo genuke, barren, jatorrizkoaren kadentzia, abiaburu bereko eta luzera bertsuko bi periodok harilkatua. Muturreko adibidea da, baiki, eta egunero erabiltzen ditugun testuetan halako gutiziak urri dira, baina testu mota jakin batzuetan ez genuke batere bihotzeko minik izan behar horiek erabiltzeko: literaturan, dibulgazioan, zientzian, unibertsitatean, zuzenbidean… Lanari lotu aurretik, testuaren nolakoa aztertu egin behar genuke, eta horren arabera jokatu: Newmark-ek proposatutako itzulpen komunikagarria ala semantikoa aukeratu; edo, Nida-ren teoriari jarraikiz, baliokidetza dinamikoa ala formala.

Izan ere, fraseologiak ere kutsu bat eransten dio testuari, erregistro bat. Ez genituzke testu guztiak berdindu behar. Badira ederki uler daitezkeen bost lerroko periodoak; edozein ez da gai, ordea, horiek josteko, baina hizkuntzak baditu horretarako tresnak: menderakuntzazko lokailu iragarleak (nahiz (eta); zeren (eta); non eta; ezen; noiz ere/ere; ustez eta…). Nork uka esaldi honen balioa?

Está claro que, pela sua proximidade da margem do esteiro, a Porta de Ferro serviria, sobretudo, ao tráfego fluvial de pessoas e mercadorias, o que, obviamente, não seria motivo para não entrarem por ela refugiados se não fosse a circunstância de estar localizada, por assim dizer, no extremo sul da muralha, sendo portanto, de todos os acessos, o mais distante para quem viesse enxotado do norte e dos lados de Santarém.

Bistan da ezen, estuarioko ertzetik hain gertu egonik, Porta de Ferrok balio behar zuela, batez ere, pertsona eta merkantzien ibai-garraiorako, zeina, agerikoa denez, ez bailitzateke oztopo bertatik errefuxiatuak sar zitezen, baldin eta ate hori ez balego, nolabait esan, harresiko hego-muturrean, hau da, Santaremetik zein iparretik ihes zetozenentzako urrunen zegoen atea ez balitz. (Saramago, 1999: 261)

Esan dezadan berriro, badaezpada ere, testu motak erakutsiko digu nola joka, formaren eta edukiaren arteko indar-harremana kontuan izanik.

Erdarazko erlatiboak zatikatzeko jaidura horri loturik, beste kamustasun bat ageri zaigu: bi mailako erakusleen jokoa (anafora/katafora). Erlatiboak desegiteko biderik arruntena da: bi esaldi sortu eta pronominalizaziora jo erreferentzia ezartzeko. Denok barneratua dugu izenordain-erakusleen erreferentziazko jokoa: hau ondokoari dagokio; hori, aurrekoari. Ez du ezer txarrik, jakina, baina, beti bezala, larra txarra da. Alde batetik, hirugarren mailako izenordain-erakusleak bazter utzirik daude, eta, bestetik, anaforetarako beste baliabiderik ia ez da erabiltzen, ez ordezkapen nominalik, ez elipsirik, ez besterik. Emaitza larritzekoa izan ohi da: monotonia.

Cuando este acercamiento al yo real se produce (seamos honestos: para conseguirlo se requiere, además de mucho esfuerzo, un poco de introspección y un mucho de sinceridad y capacidad de autocrítica), se descubren esas debilidades que ya conocíamos pero nos costaba re-conocer y asumir porque, inevitablemente, hacerlo nos supone sufrimiento o, cuando menos, un reencuentro con lo que menos nos gusta de nosotros mismos. (Consumer, 2003-02-01)

Benetako norbere izaterako hurbilpen hori egiten denean (izan gaitezen zintzoak: hori lortzeko, esfortzu handia egiteaz gain, introspekzio pixka bat eta zintzotasun eta autokritika gaitasun handia behar dira), jada ezagutzen genituen ahultasunak ateratzen dira; eta hain zuzen ere, ahultasun horiek ber-ezagutzea eta onartzea zail egiten zaizkigu, izan ere ezinbestean hori egiteak sufrimendua sorrarazten digu edo, gutxienez, gugandik gutxien gustatzen zaigunarekin berriro topo egitea dakarkigu. (Consumer, 2003-02-01)

Edonork izango luke itzulpenean zerbait aldatzeko tentazioa, baina hel diezaiegun, huts-hutsik, letra lodiz nabarmendutako pronominalei: denak dira bigarren mailakoak (erdaraz ez bezala). Hala behar luke? Ez, nahitaez. Ikus dezagun aldaketa txiki batzuk eginik nola hobetu daitekeen testu maiztu hori (ezin izan diot tentazioari eutsi, eta, bide batez, beste gauza batzuk ere txukundu ditut).

Benetako Nira hurbiltzen garenean (izan gaitezen zintzoak: beharrezko dira, esfortzu handiaz gain, introspekzio pixka bat eta zintzotasun eta autokritika gaitasun handia), jada ezagutzen genituen ahultasunak ateratzen dira; eta, hain zuzen ere, ahultasunok ber-ezagutzea eta onartzea zail egiten zaigu, zeren eta halakoetan, ezinbestean, sufritu egiten baitugu edo, gutxienez, gugandik gutxien gustatzen zaigunarekin berriro topo egin behar izaten baitugu.

Beharbada, beste konponketa-lanek lausotu dute zenbateraino hobetu den testua pronominalak bakandurik. Egin ezazue proba ea zenbat halakoetan eta artikulu hurbilkari ageri diren gaur egungo itzulpenetan. Behar baino gutxiago, inondik ere. Izan ererik ez da faltako, ostera; ez, horratik.

Testuek asko irabaziko lukete, hiztegiak (batez ere elebidunak) eta estilo-liburuak kontu handiz erabiltzen hasiko bagina; horrenbestez, igaroko ginateke errezeta errazetatik testuaren ikuspegi osatuago batera.

2.2. Hizkuntza behartuaren aztarnak

2.2.1. Aditz «berri»ak

Asko izan daitezke testu bati itzulpen- urrin nabariegia erants diezaioketen zantzuak, baina denetan adierazgarrienak aditzak dira. Guk gauzatu eta ahalbidetu aditzei erreparatuko diegu bereziki.

Aurrenik, aztertu behar genuke zer-nolako bilakaera izan duten aditz horiek euskarazko testuetan. Klasikoetan hutsaren hurrengo dira, OEHko sarrerak erakusgarri. Gauzatuk lekukotasun gutxi ditu, eta, gainetik, lehenbiziko adiera ‘hacerse apto, capaz’ da. Ahalbide(ra)turen arrastorik, berriz, bat ere ez dago.

UPV/EHUko Euskara Institutuak gure esku jarri du hitzen bilakaerari antzemateko aplikazio ezin baliagarriago bat: Lexikoa Atzo eta Gaur (LAG). Hitzen agerraldiak alderatzen ditu maiztasunaren arabera, OEHko eta Ereduzko Prosa Gaurreko corpusak arakaturik. Zerotik hamarrera arteko eskala batean neurtzen dira goranzko nahiz beheranzko joerak. Gauzaturen agerraldiek 9 puntu gora egin dute, XIX. mendeko datuak aintzat hartu gabe. Ahalbidetu, esan dugunez, agertu ere ez da egiten.

Ahozko euskara ere ez da aitzakia, oraingoan, oso bakanetan entzuten baitira jendearen aho-mihietan, eremu akademikotik kanpo. Zergatik ugaldu diren hainbeste aditz horiek? Arrazoia bistakoa da: itzulpenak, batez ere gaztelaniatikoak.

Behinola, gaztelaniazko hacer/realizar/acometer sinonimia jori hori (frantsesez ere badena) buruturen bidez ematen zen, egin tristearekin nahikoa ez zelakoan. Euskaltzaindiak irakatsi zigun burutu amaituren esanahitik gertuago zegoela —‘bururaino eraman’ esan nahi zuela, alegia—, eta orduan, ez bat ez bi, gauzatura jo genuen itsumustuan.

Ez dut uste horrelakoez baliatu behar genukeenik, ezta euskarak hain urri eta lander antza izan ez dezan ere. Kasu horretan, beharbada, ez dugu halako hitz-aukera handirik izango, baina bai, ordea, beste eremu semantiko batzuetan: aurkitu/kausitu/ediren/idoro…, edo entelegatu/konprenitu/ulertu/aditu. Ez dakit Xabier iritzi bereko litzatekeen baina. Teknolektoen zehaztasun- premiak ere ez du zuritzen horien ugaria, gauzatu ez baita terminoa eta ahalbidetu fraseologiari erabat lotua baitago.

Utz dezagun kalaka merkea, eta ekar ditzagun adibide batzuk. Orain, egunkarien hemeroteka miatuko dugu, euskaraz sortutako testuak ere hatsitu baitituzte aditz horiek; itzultzaile ez denak erdarazko diskurtsoa hitzez hitz klonatzeko joera are nabariagoa izaten du.

Aurrez eskaerak egiteko epeei buruz inork ez zituela informatu argudiatu du Martxelo Alvarezek, eta horregatik ezin izan zutela biktimen senide guztiek eskaera hori gauzatu: «Urtebete lehenago epea zabalik egon arren, instituzioek biktimen senideei ez zieten informaziorik bidali, epea itxi aurreko hiru egunetan hamabi seniderekin kontaktatzea baino ez genuen lortu». (Berria, 2010-04-30)

Burmuin elebidunak bere lanak eginak izango ditu honezkero, eta ohartuko zen hor formalizar dagokiola gaztelaniaz; formalizar la solicitud, hain zuzen. Eta zer da hori, bada? Eskaera aurkeztea, ez besterik.

Ahalbidetuk artikulu oso baterako beste material emango liguke, itzultzaile akritikoaren (edo automatikoaren) urregorrizko tresna baita.

Izan ere, erregimen horretako Udal Estatutuak ahalbidetu zuen lehen emakumezko zinegotzi eta alkatesak izatea. (Argia, 2006-04-09)

Nola esan liteke airosago?

Izan ere, erregimen horretako Udal Estatutuek onartu zituzten lehen aldiz emakumezko zinegotzi eta alkateak.

Izan ere, erregimen horretako Udal Estatutuek eman zieten, lehen aldiz, emakumeei zinegotzi eta alkate izateko aukera.

Izan ere, erregimen horretako Udal Estatutuei esker emakumeak izan ahal izan ziren lehen aldiz zinegotzi eta alkate.

Betiko galdera entzungo dugu orain? Gaizki al dago ahalbidetu? Gaizki-gaizki, oso gauza gutxi daude gaizki. Hala ere, jakin behar dugu behar denean bakarrik bortxatzen hizkuntza, pidgin halako bat sortu nahi ez badugu, behintzat.

Beste aditz batzuk aipa genitzake, orobat: partekatu, jarraitu, errespetatu…; makuluez ere solasta gintezke, fraseologia jakin baten erakusgarri baitira: printzipoz, izan ere… Guk beste alderdi batera begiratuko dugu, ordea: kolokazioetara.

2.2.2. Kolokazioak

Kolokazioak, labur-zurrean esanda, elkarren ondoan agertu ohi diren hitz-sekuentziak dira. Adibidez, euskaraz, legeak bete edo gorde egiten dira, eta ez, errespetatzen; urratsak egiten dira, eta ez, ematen; arrainenak sardak dira, eta ez, saldoak. Kolokazioak ez dagozkio arauari (gramatikazko eginbeharrei edo eginezinei), Coseriuren normari (erabiltzen denari) baizik; ez dira sorkuntzazkoak. Kodetu egin behar dira, baina deskodetzen ez dute lanik ematen.

Corresponding to the speaker’s viewpoint, there are idioms of encoding. Some of these are also idioms of decoding, but there are others which are not idioms of decoding. To these we shall give the name collocations. Like the more familiar kinds of idioms, they have to be individually learned. (Cruse, 2004: 73-74)

Horrek, bistan denez, berebiziko eragina du itzulpenean, hitz-segidei kontu egin beharra baitakar. Ingelesez, you should mind the step; euskaraz, hari adi egon behar duzu, edo harekin kontuz ibili. Gaztelaniaz, puedes disfrutar de unas vacaciones; euskaraz, oporraldi batzuk izaten dituzu, edo igarotzen.

Hala ere, beti ez dira hain agerikoak ordainak, eta ezari-ezarian sartzen ari dira testuetan euskaraz baldar samarrak diren kolokazioak. Eragin aditz zernahitarakoa dugu horren adibide: haserrea eragin, kezka eragin, beldurra eragin, emaitza txarrak eragin… Tradizioan, ordea, oso bakanetan erabili izan da testuinguru horietan.

Har dezagun, kasurako, kezka eragin kolokazioa. OEHn beste aditz hauekin batera ageri da kezka izena: kezka hartu, kezka eman, kezkan jarri edo kezkatan sartu. Kezkarazi eragilea ere ez genuke ahaztu behar, haatik.

Guztiak kezka eragin du Zalainen eta arazoari irtenbide bat emateko eskatzen diote auzotarrek udalari. (Ttipi-Ttapa, 2010-05-12)

Izango da uste izango duenik hoben larririk ez dela horretan, baina hobekizunak beti dira aintzat hartzekoak, hanpurusak ez baikaitu itsutzen behintzat.

Guztiak kezkarazi ditu Zalaineko auzotarrak, eta arazoari irtenbide bat emateko eskatzen diote udalari. (Ttipi-Ttapa, 2010-05-12)

Sortu ere erruz sartua da testuetan, eragin bezala gaztelaniazko provocar horren eskutik. Zaratek ez ligukete buruko mina sortu behar; buruko mina eman edo jarri/ipini behar ligukete. Mundua korritzen da; ez da zeharkatzen; tabakoa gorria da; ez, horia. Ekar dezagun beste adibide bat.

En el caso de que las personas físicas vinculadas tengan la condición de socios, cuando varios de ellos presten servicios a la entidad se documentarán los pactos sociales en los que se reflejen las actividades o funciones que cada uno realiza en la sociedad y los criterios seguidos para la determinación de las retribuciones de cada uno de ellos.

Bazkide diren hainbat pertsona fisikok erakunde bati zerbitzuak eginez gero, bakoitzak egiten dituen jarduerak edo lanak eta bakoitzaren ordainsariak zehazteko erabilitako irizpideak islatzen dituzten gizarte itunak dokumentatu behar dira. (BAO, 2010/88)

Hizkuntzak aldatu egiten dira, irudizko esapideak (metafora ihartuak) barneraturik, eta honezkero berandutxo izango da islatu horiek guztiak zuztarretik erauzten hasteko, baina euskaraz, berrikira arte, urak eta ispilu- mirailek bakarrik islatzen zituzten gauzak. Datuek ekonomiaren larria islatu dezakete (aitzakiarik gabekoa da metafora, nahiz badiren beste aukera batzuk: erakutsi, agertu, salatu, adierazi…), baina irizpideak itunetan jasotzen edo ezartzen dira, besterik gabe. Ordainetan, itzultzaileak klasikoen moldeko zerbitzu egin aditz-lokuzioa eman digu opari, zerbitzu eman berriagoaren ordez.

Onartu beharra dago, kolokazioei dagokienez, alde handia dagoela lehengo eta oraingo euskaren artean, eta ez dela erraza erabakitzen noiz ari garen zorrotzegi edo noiz gauden oraindik denboraz zenbait erabilera onbideratzeko (edo lehengoratzeko). Ohartukiago aztertu behar litzateke gaia, nolanahi ere. Horretarako tresna ezin hobea dugu UPV/EHUko Euskara Institutua prestatzen ari den Egungo euskararen hiztegia, non, sarrera nagusiekin batera, kolokazioak ere jasotzen baitira «Hitz multzoen maiztasunak» ataltxoan.

2.3. Irakurlearen hizkuntza-gaitasuna

Euskarazko itzultzaileak badu beste arazo bat, mardula: hiztunen hizkuntza-gaitasuna. Ez ikusiarena egin ohi zaio faktore horri, etxekalte izan beldurrez. Hala ere, gure artean izan da argiro mintzatu denik ere.

Escribiendo en euskara, yo no tengo problemas con dijo (esan), o con respondió (erantzun); pero empiezo a tenerlos con replicó (arrapostu), debido a que esta palabra no le es familiar al lector, porque se trata de un árbol que conoce pero que, sin embargo, nunca ha visto en ese paseo. Así las cosas, el escritor vasco sabe que su lector se detendrá en esa palabra, que supondrá una interferencia. (Atxaga, 1989: 377)

Atxagak, seguruena, ez zuen adibiderik egokiena hautatu, arrapostu eta erantzun sinonimo garbiak baitira (ekialdeko ihardetsi aditza izan zen replicar horren ordain gisa erabiltzen hasi zena, XX. mendearen hasieran Hegoaldean). Dena den, mezuak bere- berea du indarra: mugatu behar al dugu geure hizkuntza, ahalik eta irakurle gehienek uler dezaten?

Ez pentsa: egunero tupust egiten dugu horma horrekin. Hona hemen adibide bat:

Así pues, y a la luz de la inmutable perduración de una ideología con un importante lastre tradicional y antiliberal, puede afirmarse que si durante la época de la Restauración el nacionalismo vasco llegó a a ser uno de los agentes impulsores de la modernización y democratización de la sociedad vasca, lo fue, al menos en parte malgré lui.

Hala, tradizionalismo eta antiliberalismoaren zama zeraman ideologia zurruna izanda, esan daiteke Berrezarkuntzaren garaian nazionalismoa modernizazioaren eta demokratizazioaren eragile eta bultzatzaileetako bat izan bazen malgré lui izan zela, neurri batean, behintzat.

Testua zuzentzen ari nintzelarik, bururatu zitzaidan lor hitzak askoz ere hobeto jasotzen zituela lastreren ñabardura guztiak. Zamaren eremu semantikoa zabalagoa da, nabarmen; ez ditu, inondik ere, lorren zehaztasuna eta indarra. Alabaina, arloko adituak gaztigatu gintuen inork ez zuela ulertuko, eta guk, zer gerta ere, baztertu egin genuen lor gaixoa.

Kontua ere ez da txokokeriak edo zaharkeriak sartzea bururik gabe, sasiletratuek bezala, ezpada hizkuntzari atarramentu osoa ateratzea, ahalik eta testurik fidelena lortzeko. Oreka zaila dugu lantegi horretan.

3- Azkena

Xede-hizkuntza eta sorburu-hizkuntza gatazka bizian ari dira etengabe, itzultzailea bitarteko dela. Negoziazio horretan testua aldaroka ibiliko da, inon ez den oreka bati eutsi nahian. Garrantzizkoa da, alde batetik, testu itzuliaren autonomia onartzea, hondarrean ageriko testu bakarra huraxe izango baita; bestetik, hitzez hitzeko katetik aldentzen ere ikasi beharra dago; automatismoak baztertu; amaierako testua jatorrizkoa balitz bezala landu…

Ez dago mirarizko konponbiderik; ez, erabateko estilo-libururik, horiek lagungarri handiak izan daitezkeen arren. Are gehiago, batzuetan irudipena izaten dut estilo-liburuek (eta hiztegi elebidunek), kirurgia estetikoak bezala, berdintzen dituztela irribarre (testu) guztiak, bizitasunez gabetzerainokoan.

Idatzi gabekoak idatzi aurretik jakin behar genuke zer dagoen lehendik idatzita. Oraindik zer ikasi handia dugu, bistan da. Horretan ari gara.

BIBLIOGRAFIA

ATXAGA, B.: Obabakoak, Ediciones Z, Bartzelona, 1989.

AMSTRONG, N.: Translation, Linguistics, Culture: A French-English Handbook, Multilingual Matters, Clevedon (Ingalaterra), 2008.

ARISTEGIETA, X.: «Euskarazko testuen komunikagarritasun-problema larriak», in Senez (37. zk.), EIZIE, 2009.

BROWN, G.; YULE, G.: Discourse Analysis, Cambridge University Press, Cambridge, 1983.

CARVER, R.: Zertaz ari garen maitasunaz ari garenean, Elkar-Alberdania, Donostia, 2003 (itz.: Koro Navarro).

CRUSE, A.: Meaning in Language: An Introduction to Semantics and Pragmatics, 2. argit., OUP, Oxford, 2004.

ECO, U.: Mouse or Rat?: Translation as Negotiation, Phoenix, Londres, 2004.

EL PAÍS: «Congreso digital de la lengua: Entrevista de los cibernautas a Javier Marías» [elkarrizketa digitala], 2010-03-03an kontsultatua.

EUSKO LEGEBILTZARRA: Idazkera arauak, < http://www.parlamento.euskadi.net/e_normas_redaccion.html> [sareko estilo-liburua], 2010-01-09an kontsultatua.

FITZGERALD, F.S.: Tender is the Night, Penguin, Londres, 1998.

GINZBURG, N.: Gure etxeko kontuak, Igela, Iruñea, 2004 (itz.: Fernando Rey).

IVAP: Argiro idazteko proposamenak eta ariketak, IVAP, Gasteiz, 1997.

MUNDAY, J.: Introducing Translation Studies, 2. argit., Routledge, Londres, 2008.

SARAMAGO, J.: Lisboako setioaren historia, Ibaizabal, Zornotza, 1999 (itz.: Jon Alonso).

STEINER, G.: After Babel, 1. argit., OUP, Oxford, 1976.

WEISSBORT, D.; EYSTEINSSON, A.: Translation - Theory and Practice, OUP, Oxford, 2006.

 

Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea
Zemoria 25 E-20013 Donostia | bulegoa@eizie.org | Tel. +34.943277111
Eizie.org © EIZIE

Webgune honen babesleak:   www.cedro.org Gipuzkoa.net