Egin klik inprimatzeko  |  Itzuli artikulura

Senez 41 (2011). Data: 2011ko abuztua

Itzulpengintzako liburu-aldizkarien berri


Irakurri artikulua pdf formatuan.


ACE TRADUCTORES, Libro blanco de la traducción editorial en España. Ministerio de Cultura, 2010.

Lehen Liburu Zuria 1997an argitaratu zenetik, premia larria zegoen XXI mendeko itzultzaileen lan egoerari eta argitaletxeetako itzulpen politikari buruzko errealitate sozial eta ekonomikoa ezagutzeko. Eta hain justu ere, errealitate horren berri ematera dator Bigarren Liburu Zuri hau, ACE Itzultzaile Elkarteak zuzendu duen ikerketa soziologiko sakon baten emaitza dena. Azterketa Espainiako Itzulpen Elkarte guztietako 614 itzultzailek emandako erantzunetan oinarritzen da. Eta erantzunek argi erakusten dute oraindik ere itzultzaileen lana egonkortasunik gabekoa dela eta arrazoi horregatik haien etorkizuna kolokan egoten dela sarri askotan.

Paradoxa dirudien arren, badira egoera horri kontrajartzen zaizkion hainbat datu, lan baldintzak hobetzeko balio behar luketenak. Lehenik, komeni da gogora ekartzea Espainian argitaratzen diren liburu guztien ia %23 itzulpenak direla (2009). Eta euskararen kasuan, Kulturako Ministerioaren datuei kasu eginez gero, kopuru hori %26ra igotzen da. Eta bigarrenik, itzulpenak Espainiako barne produktu gordinaren %1,3 hartzen du eta ia 100.000 lagunek lan egiten dute argitaletxeen arloan. Horiek horrela, duda izpirik ez dago itzultzaileen lanaren garrantziaz eta lan horrek kulturan ez ezik ekonomian ere betetzen duen eginkizunaz.

Ikerketak lau atal nagusi deskribatzen ditu: lanbidearen profila, jarduera profesionala, itzultzaile elkarteak eta lan baldintzak. Goazen horiek banan banan ikustera.

Lanbidearen profilaz denaz bezanbatean, itzultzaileen %54,1 emakumezkoak dira; gizonezkoak bakarrik %45,9. Baina deigarria da ikustea 26-35 urte bitarteko gizon bakoitzeko hiru emakume direla. Eta alde hori are handiagoa da Itzulpengintzako ikasketak egiten edo amaitu dituztenen kasuan. Prestakuntza mailari dagokionez, %87,3 lizentziatuak dira eta horietatik ia %40k Itzulpengintza eta Interpretazio ikasketak egin ditu eta beste kopuru handi bat filologietako lizentziatuek osatzen dute (%28). Azkenik, bakar-bakarrik itzulpengintzan jarduten duten itzultzaileak %37,5 dira; liburuak itzultzeaz gain, ehuneko handi batek (%56) irakaskuntzan jarduten du eta beste %28,1ek literatur sorkuntzan.

Jarduera profesionalaren barruan, itzultzaileen %33,6k liburuak besterik ez ditu itzultzen; %66,4k beste itzulpen mota batzuk ere egiten ditu. Beraz, liburuak itzultzea gutxiengo baten kontua baino ez da soilik itzulpengintzan jarduten dutenen kasuan. Itzultzaileen eta argitaletxeen arteko loturari buruz, berriz, datuek agertzen dute ez dagoela esklusibotasunik, ez eta jarraitasunik ere. Gainera, eskaintzan murrizketak eta gorabehera handiak daude, gehien bat merkatuaren presioagatik, argitaraldiak gutxiagotzeagatik eta liburuaren iheskortasunagatik.

Diru sarrerak direla eta, bakarrik %6,2k aitortzen du familia unitatearen sarrera guztiak itzulpenetatik datozela. Kasu gehienetan (%63,3) itzulpenek familia unitatearen urteko sarrera guztiei %25 baino ez diete ekartzen. 2008an liburuen itzulpenetatik eratorritako urteko diru sarrera gordinen batez bestekoa 10.854 eurokoa da. Baina dispertsioa handia da oso: 496 eurotik 27.692 euroraino.

Elkarte profesionalen kasuan, deigarria begitandu zait ikustea bederatzi elkarte baino gehiago daudela Espainian. Eta elkarte guztien artean Catalunian dagoen elkarte kopurua ere harrigarri samarra da (gutxienez 3). Elkarteak garrantzitsuak dira profesionaltasun maila neurtu eta lanari behar zaion aitorpena erdiesteko, bai lege baldintzak betetzeko orduan, bai eta ordainsari duinak eta gizartearen aitorpena lortzeko orduan ere. Baina nago hemen ere dispertsioak indarra kentzen ez ote dion aldarrikapenen oihartzunari.

Lan baldintzen atala ikerketaren atalik zabalena eta zehatzena da. Saia nadin laburbiltzen. Inkestan zehar argitaletxeen aldetik hainbat jokaera ez-zuzen hauteman dira eta geldotasun halako bat itzultzaileen aldetik. Jabego Intelektualaren legearen arabera, itzultzailearen eta argitaletxearen arteko harremana lan kontratu batek arautu behar du, eta lan kontratu hori idatziz egin behar da. Bada, 2008. urtean, inkesta egin dutenen artean %27,2k lan kontraturik gabe egin zuen lan; eta areago, itzultzaileen %53k noiz edo noiz lan egin izan du inolako kontraturik gabe. Eta esanguratsua da ikustea itzulpena lan kontraturik gabe egin dutenen kasuan, %54k ez diola argitaletxeari sekula ere kontratua erreklamatu.

Orobat, Jabego Intelektualaren Legeak ezartzen dituen eskubide moralen arabera, argitaratzaileek zuzentzaileek egiten dituzten aldaketa guztien berri eman behar diete itzultzaileei, eta itzultzaileek onartu behar argitara eman aurretik. Datuek adierazten dute kasu guztien %48,8an argitaratzaileek ez zutela itzultzaileen oniritzia eskatu zuzenketak egiteko orduan.

Azkenik, egoeraren alderdi ahul eta sendoak, mehatxuak eta aukerak ematen dira aditzera. Ahuldadeen artean hauek aipatu behar:

  • Liburuen itzulpengintza segurtasunik gabeko lana da. Inork ez die liburuen itzultzaileei urte osorako lanik bermatzen, hain gutxi urte guztietarako. Hortaz, itzultzaileek bestelako itzulpenak ere egin behar izaten dituzte
  • Noiz ordainduko zaien ere ez da ziurra, eta horrela zaila da inolako aurreikuspenik egitea
  • Itzultzaileen Elkarteek kide gutxi dituzte. Itzultzaile askok ez dakite zein diren beren eskubideak. Dela informaziorik eza, dela lana galtzeko beldurra, erreklamazio gutxi egiten zaie argitaletxeei

Mehatxu nagusiak hauek dira:

  • Kasu askotan argitaratzaileek ez dute Jabego Intelektualaren Legea betetzen. Jabego intelektualarekiko begirune gutxi dago
  • Ingurune digitalean eskubideen ehunekoari eusteko zailtasunak, hala argitaratzaile digitalaren axolagabekeriagatik nola legez kanpoko kopiengatik
  • Liburu itzultzaileen gizarte proiekzioari balio eta garrantzia kentzea, itzulpen prozesuaren mekanizazioaren ondorioz (itzulpen automatikoa itzulpen literarioaren arlora ere hedatzea)
  • Ordainsari eskasak oztopo eta eragozpen bihurtzen dira profesionalizatzeko bidean
  • Argitaletxeek ezartzen duten presioa. Ekoizpen azkar eta iheskorraren zurrunbiloan murgilduta, lehenbailehen argitaratzea dute xede nagusia kalitatearen kaltetan

Alderdi sendoenak hauetxek dira:

  • Legedi aurreratua izatea itzultzaileak egile gisa aitortzeari dagokionean
  • Itzultzaileen Elkarteak dira sektore honen punturik indartsuena. Egia bada ere elkarteetako bazkideen kopurua ez dela itzultzaile guztien %50era iristen, bazkide direnen taldean jende aktibo, buruargi eta errebindikatzailea egotea indar dinamizatzailea da
  • Graduko zein graduondoko Itzulpen Ikasketek ematen duten prestakuntza maila gero eta espezializatuagoa
  • Interneten gero eta pisu handiagoa. Interneti esker sareko baliabideek bidea errazten diete itzultzaileei. Itzultzaileen foroak, datu baseak, informazio espezializatuak eta sarean aurki daitezkeen era guztietako baliabideak lagungarri gertatzen dira eta itzultzaileak ohiko bakardadetik eta indibidualismotik ateratzeko balio dute
  • Itzulpengintza europartzea. Itzultzaileek eta elkarteek bat egitea norberaren herrialdetik harago baitezpadako urratsa da errebindikazioak Europako erakundeetaraino eramateko

Datuak ezagutzea behar-beharrezkoa da errealitatea ezagutu eta hura hobetzeko konponbideak mahai gainean jartzeko orduan. Eta Bigarren Liburu Zuriak egiten duen diagnostikoa eta aditzera ematen dituen emaitzak adierazgarriak ez ezik kezkatzeko modukoak ere badira. Baina era berean etorkizuna erronkaz beterik ageri da itzulpen literarioaren irudia hobetu eta itzultzaileen egoera zeharo iraultzeko. Denon esku dago norabide horretan beharrezkoak diren urratsak ematea eta aurrera egitea. Hala biz.

Josu Barambones Zubiria


MUÑOZ-CALVO, MICAELA eta BUESA-GÓMEZ, CARMEN (arg.), Translation and Cultural Identity: Selected Essays on Translation and Cross-Cultural Communication. Cambridge Scholars Publishing . 2010.

Liburu honek itzulpengintza eta kulturen arteko komunikazioa ardatztzat duen gaia jorratzen du Itzulpengintza Ikasketen alorreko zazpi adituk idatzitako beste horrenbeste idazlanen bitartez. Idazlanak askotarikoak izan arren, elkarren artean badute lotura bat: itzulpengintza eta identitate kulturala.

Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen itzultzea ekintza linguistikoa bainoago ekintza kulturala, politiko eta soziala dela. Itzulpenek paper garrantzitsua betetzen dute identitatea hezurmamitu, hizkuntza garatu eta herrialde bateko kulturak bizirik irauteko. Eta gertatzen bada, gertatu ohi denez, itzulpenen hautaketa eta hizkuntzaren zer-nolakoaren kontrola indar politikoen esku daudela (eta bidenabar, zeharka nahiz zuzen, hizkuntzak nola izan behar duen agintzen duen elite baten esku), orduan zilegi da itzulpengintzaren eta manipulazio eta ideologiaren arteko hartu-emanez ere hitz egitea.

Itzulpen Ikasketen arloan laurogeita hamargarren hamarkadan itzulpena testu gisa hartzetik kultura eta politika gisa hartzeraino gertatzen den jauzia, edo bestela esanda, testua bere inguru kulturalean hartzea defendatzen duen ikerketa bidea, the cultural turn terminoarekin izendatu zuen Mary Snell-Hornby 1990ean. Geroztik, Susan Bassnett eta André Lefevere irakasleek bereganatu zuten delako terminoa eta sorburu eta xede testuen arteko hizkuntza alderaketaz harago joan eta itzulpenek xede kulturan betetzen duten papera aztertzeko lanei ekin zieten.

Hurbilketa berri horrek itzultzaileak eta ikertzaileak behartu egiten ditu ikergaiari heltzeko hainbat jakintza adarren arteko ikuspuntu desberdinak erabiliz, eta ez bakarrik hizkuntzalaritza oinarri duen ikuspegi murritza. Horiek horrela, liburuaren izenburuak adierazten duenez, bilduma honetan jasotzen diren artikuluek hainbat jakintza adarren arteko ikerketa ildo batzuk hartzen dituzte bere baitan, elkar osatzen duten hainbat hurbilketa garatzen dutenak: Itzulpen Ikasketak, Kultura Ikasketak, Komunikazio Ikasketak, Hizkuntzalaritza, Pragmatika, Diskurtsoaren Azterketa, Soziolinguistika, Filosofia, Historia, Psikologia eta Politika, besteak beste.

Jakintza adarren arteko hurbilketa horretatik abiatuta, lehen lau idazlanek arreta jartzen dute kulturen arteko komunikazio prozesuan hizkuntzak, kulturak eta itzulpenak betetzen duten nahitaezko rolean. Julio-César Santoyo irakasleak, esaterako, autoitzulpenaren garrantzia nabarmentzen du eta nola kulturalki markaturik ageri diren osagaien aurrean autoitzultzaileek askatasun handiagoa duten jatorrizko testuaren bigarren bertsio bat sortzeko garaian. José Lambertek bere aldetik jakintza adarren artekotasunaren garrantzia azpimarratzen du itzulitako edozein ahozko komunikazio aztertzeko orduan. Rosa Rabadanek hizkuntza eta identitate auziak ditu eztabaidagai eta identitateak sortzerakoan itzulpengintzak betetzen duen papera. Bi corpus aztertu ondoren, lortutako frogek argi erakusten dute nola identitatea itzulpenetan islatzen den. Orobat aditzera ematen du identitatea markatzeko, itzultzaileek espainolera egindako itzulpenetan agertzen dituzten itzulpen estrategiak eta hizkuntza lehentasunak. Lehen talde honi bukaera emateko, Pompeu Fabra Unibertsitateko irakasle Patrick Zabalbeascoak itzulpen arazoak identifikatu, isolatu eta konpontzeko hainbat lanabes kontzeptualen berri ematen digu.

Hurrengo bi lanek argi apur bat egin nahi dute itzulpengintzaren inplikazio ideologiko, politiko eta kulturaletan. Testuen hautaketak edo zentsurak berebiziko eragina du gure eguneroko bizitzan, albisteen nazioarteko hartu-emanean, eta, azken batean, gure pentsamoldea eratu eta taxutzen erantzukizun (eta kulpa) handia dute. Christina Schäffner-ek albisteen gaineko itzulpen politikak azaltzeko bi hedabide aztertzen ditu: Spiegel International eta BBC Monitoring Service. Raquel Merinok, TRACE ikerketa proiektuaren ildo nagusiari jarraiki, homosexualitatea gai duten hainbat antzerki obra aztertzen ditu eta aldi berean erakusten du nola itzulpenei esker gai honek bere bidea egin zuen Espainiako han-hemengo eszenatokietan.

Azkenik, Gideon Toury irakasleak Itzulpen Ikasketetako hainbat mito ekartzen ditu hizpidera eta horien existentzia bera zalantzan jartzen. Eta “mito” aipatzen duenean, frogarik gabeko baieztapenez edo sinesmenez ari da, gizarte batek, talde batek, aditu batzuek aintzat hartzen dituzten sinesmenak. Mito horietako lehena dugu pentsatzea itzultzaile guztiek sorburu testua irakurri egiten dutela, osorik irakurri ere. Baina baieztapen hori hipotesi gisa erabili beharrean, aditu askok frogatutzat jo izan dute inolako frogarik gabe. Eta okerrena dena, itzulpen teoria asko, aztertu eta frogatu gabeko uste horietan oinarrituta sortu dira. Beste mito horietako bat itzulpenaren unibertsalak dira, esan nahi baita bakarrik testu itzulietan aurki bide daitezkeen fenomenoak, hala nola esplizitazioa, errepikapena saihestea edo anbiguotasunik eza, itzulpen jarduerari soilik datxezkion fenomenoak, antza. Horiek horrela, itzulpenak berak alde batera utzi eta Itzulpen Ikasketetan murgiltzeko deia egiten die itzulpengintzako adituei, egintzei berei kasu egiteko, interes politiko eta ideologikoak kontuan hartu gabe.

Ziur naiz irakurketa hauetan irakurleek bazka ederra topatuko dutela beren gogoetak elikatzeko, eta hainbat uste, ustez sendoak, ezbaian jartzeko.

Josu Barambones Zubiria


LUNA ALONSO, ANA, MONTERO KÜPPER, SILVIA eta VALADO FERNÁNDEZ, LILIANA, (arg.), Translation quality assessment policies from Galicia. Peter Lang AG, International Academic Publishers. 2011.

Modu askotara lotu daitezke liburu honen izenburuan agertzen diren hitzak, “itzulpena, kalitatea, politikak”, eta, horrela, itzulpenen kalitateaz, itzulpen politikez, itzulpen politiken kalitateaz… mintza gintezke. Izan ere, horiek guztiak jorratzen dituzte Vigoko unibertsitateko Filologia eta Itzulpen fakultateko Luna, Montero eta Valado irakasleek ale honetan bildu dituzten 16 artikuluek.

Liburu anitz eta askotarikoa da; hasteko, hizkuntzei dagokienez, izenburua, sarrera eta zenbait artikulu ingelesez badaude ere, erdia baino gehiago gaztelaniazko testuak baitira, eta beste batzuk frantsesez idatziak. Askotarikoa da, halaber, parte hartzen duten egileen jatorri eta ibilbidea, Europa, Espainia nahiz Autonomia Erkidegoetako administrazioetako ordezkarien ondoan, zenbait itzultzaile elkartearen kideak azalduko baitzaizkigu, itzulpen ikertzaileekin batera.

Itzulpen politikei, itzulpenen argitalpen politikei eta itzulpenen kalitateari buruzko ikuspegi zabala aurkituko dugu, beraz, lau ataletan banaturik:

  • Administrazioaren itzulpen politikak
  • Argitalpen politikak
  • Itzultzaile elkarteak eta deontologia kodeak
  • Argitalpenei buruzko ikerketak

Administrazioen itzulpen politiken atalean, nazioarteko ikuspegia agertzen da lehenik, eta Marius Tukaj-ek UNESCOren Index Translationum programaren eta erakunde horrek itzulpena bultzatzeko dituen beste programa batzuen berri ematen du, oso datu interesgarriekin batera. (Aipatu behar da bai artikulu honetan bai liburuko gehienetan agertzen diren datuak 2008koak direla; izan ere, urte horretan Vigon egindako “Itzulpena eta politika editorialak” nazioarteko kongresuan agertutako ponentziak baitira artikuluon oinarri).

Gero, Espainiako Kultura Ministerioak itzulpena sustatzeko ematen dituen laguntza eta sariak aipatzeaz gain, Espainiako hizkuntza ofizialen arteko itzulpenenen berri eta horiek argitalpen ekoizpen osoaren baitan duten garrantzia agertzen du Xosé Areses-ek. Eta, atala borobiltzeko, Bizkaiko Foru Aldundiko, Kataluniako Institució de les Lletres Catalanes eta Galiziako Xuntako ordezkariek erakunde horiek itzulpenaren sustapenerako dituzten politikak azaltzen dituzte.

Bigarren atalaren muina itzulpenen argitalpenak dira, eta liburu itzulien elaborazio prozesuaz diharduten bi artikulu interesgarri biltzen ditu. Europako Editoreen Federazioko (EEF) Céline d’Ambrosiok editoreen zereginez, itzulpenen banaketez, eta EEFk aurrera eramandako zenbait ekimenez hitz egiten du, eta José Martínez de Sousak itzulpenen kalitateaz eta zuzenketaz dihardu La traducción y sus trampas artikuluan.

Hirugarren atalak itzultzaileongan jartzen du arreta, eta, hemen ere, Europatik hasi eta Euskal Herria, Katalunia eta Galiziako egoera zehatzetaraino eramango gaituzte egileek. Ros Schwartz CEATL (Europako Literatur Itzultzaileen Elkarteen Kontseilua) erakundeko buru izan zen 2000tik 2009ra, eta literatur itzultzaileen egoera profesionalaz hitz egiten digu bere artikuluan, azpimarratuz UNESCOk 1976an itzultzaileen eta itzulpenen babes juridikorako onartu zituen gomendioak (Nairobiko agiria) bete behar direla, eta itzulpenen kalitatea bermatzeko itzultzaileen ordainsari eta lan baldintza duinak ezinbestekoak direla.

Katalunia, Euskal Herria, Galizia eta Espainiako itzultzaile elkarteen ekarpenak datoz jarraian. Lehenik, Maya Busqué eta Francesc Massanak Kataluniako itzultzaile elkarteen bilakaeraren berri ematen dute, eta artean sortze bidean zen APTIC elkartearen jardunak azaltzen. Gero, Bego Montoriok ematen du EIZIEren berri: elkartearen historia eta jardunak azaltzen ditu, Euskal Herritik kanpoko irakurleak haren garrantziaz eta mugez jabe daitezen behar den testuingurua eskainiz. Galiziako egoera, berriz, ATG itzultzaile elkarteko Alberto Alvarez Lugrisek agertzen du eta, besteak beste, BIVIR (galegorako literatur itzulpenen liburutegi birtuala) proiektu interesgarriaren zehaztasunak ematen. Atal honekin amaitzeko, ACEtt elkarteko Carmen Francí eta Maria Teresa Gallegoren artikulua dator, non elkarte horrek aurrera eramaten dituen jardunak azaltzen diren, liburu itzultzaileen ikusgaitasunaren alde eta haien legezko eskubideak bete daitezen.

Liburu interesgarri honen laugarren eta azken atala ikerketari eskainita dago, eta hiru editoreen artikulu banaz gain, Edwin Gentzler estatubatuarrak idatzitako Traslation, Culture and Publishing in the United States artikulua jasotzen du.

Gorago esandako moduan, liburu itzulpengintzaren gaineko begirada zabala, askotarikoa eta dokumentatua ekartzen digu obra interesgarri honek.

Bego Montorio


 

Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea
Zemoria 25 E-20013 Donostia | bulegoa@eizie.org | Tel. +34.943277111
Eizie.org © EIZIE

Webgune honen babesleak:   www.cedro.org Gipuzkoa.net