Hemen zaude:
 » 
 » 
“Itzulpen zerbitzu”etarako EN-15038: 2006 Europar Arauak itzulpenak berrikustearen gainean dakartzan alderdi batzuen azterketa - Silvia Parra Galiano (Granadako Unibertsitatea)

Inprimatu

Data: 2011ko abuztua

“Itzulpen zerbitzu”etarako EN-15038: 2006 Europar Arauak itzulpenak berrikustearen gainean dakartzan alderdi batzuen azterketa - Silvia Parra Galiano (Granadako Unibertsitatea)


Irakurri artikulua pdf formatuan.


Itzulpena: Pello Goikoetxea

Sarrera

EN-15038 Europar Arauak, itzulpen zerbitzuak ematekoan kalitatea bermatzeko sistema den aldetik, itzulpena berrikusteak arrazoi askogatik zer garrantzia duen erakutsi du.

Hala, bada, EN-15038: 2006 Europar Arauaren jatorriari eta helburuari buruzko azalpen txiki bat eginez ekingo diogu artikuluari. Segidan, berrikuspena itzulpenenaren kalitatea bermatzeko prozeduratzat hartu eta haren alderdi batzuk aztertzeko erabiliko ditugun bost puntu planteatuko ditugu, betiere gaztelaniazko bertsioa (UNE-EN 15038) oinarritzat hartuta.

Azkenik, azterketatik ateratako ondorioez baliatu eta EN-15038: 2006 Europar Arauak itzulpenak berrikusteari ematen dion garrantzia justifikatuko dugu, eta baita haren eta itzulpenaren kalitatea bermatzeko beste prozedura batzuekiko harremana ere, maila bateko baino gehiagotako berrikuspenak egin baitaitezke hizpide dugun arauak agintzen duena betetzeko.

1. European Union of Associations of Translation Companies-en (EUATC) europar arau proiektua: EN-15038 Europar Arauaren jatorria

Sektoreko eragileek bost urtean egindako bilera eta eztabaida sakonen ondoren, 2006ko maiatzaren 17an argitaratu eta 2006ko abuztuaren 1ean sartu zen indarrean UNE-EN-15038 araua, Europako Normalizazio Batzordeko kide ziren 30 herrialdeek1 aurretik zituzten arauak ordezkatu zituena.

EN-15038 kalitatearen europar arau proiektuari EUATCk ekin zion (European Union of Associations of Translation Companies), Europako Normalizazio Batzordearen babesean. Helburua kalitate kontrol sistema espezifiko bat izatea zen, itzulpen proiektuen kudeaketan erabiltzeko moduko kalitate prozedura barruko batzuen bidez, kide guztiek onartu beharrekoak.

Horrezaz aparte, Euatc Quality Standard For Translation Service izendatu zituzten prozedura horien beste helburu bat EUATCren irudiari kalte egiteko moduko jokabideak, jokabide desegokiak, erabiltzen zituzten enpresak eta agentziak sartzea galaraztea zen.

Alde horretatik, Arevalillok adierazten duen moduan (2006a: 107-108), bereizketa handi bat jarri zuen EUACTk itzulpen enpresaren eta itzulpen agentziaren artean: Itzulpen enpresak, enpresa egitura benetako bat du, eta, hala, enplegatu batzuk dauzka kontratatuta, berrikuspen prozedura batzuk bere baitan eta barruan edo kanpoan egindako itzulpenaren balio erantsi bat. Itzulpen agentzia, berriz, bezeroaren eta itzultzailearen arteko bitartekari bat besterik ez da, ez dio ezeren baliorik eransten eta ez dauka nominapeko langile egitura garbi bat.

Hala, sektorearentzako dokumentu irekiagoa eta Europa osorako balioko zuena izate aldera, lankidetza eskatu zion EUATCk Europako Normalizazio Batzordeari, eta hark onartu egin zuen EUATCren kalitate arau proiektua, BT/TF 138 Translation Services lantaldearen bitartez Europako arau bihurtzeko. Era berean, itzulpen enpresak eta itzultzaileak aipatzeko termino berezi bat erabilera ere erabaki zen: Translation Service Provider (Itzulpen Zerbitzuen Hornitzailea).

Europar arau proiektuaren hasierako zirriborroa EUATCko kide batzuen artean egin zuten, eta zenbait arauren alderdirik onenak (ISO 9001, DIN 2345, Taalmerk, UNI 10574: 1996) eta EUATCren kodeetakoak (Code of Conduct eta Code of Good Practice in Translation) batu zituen.

Hala ere, EUATCren aurreneko proposamena itzulpen enpresentzako zenez, batetik, eta itzulpen enpresek balio erantsiko beste zerbitzu asko ere ematen zituztenez, bestetik, eztabaida saio handiak egin eta gero, erabaki zuten itzultzaile autonomoak ere bildu behar zituela europar arau berri hark, ahalik eta jarduera eremu handiena hartu ahal izateko hala (Arevalillo, 2004).

Eta, izanez ere, halaxe pentsatuta zegoen: ISO 9001: 2000 arauarekin bezala itzulpen zerbitzuetarako EN-15038 europar arauarekin ere, enpresek eta araua betetzen zuten itzultzaile autonomoek ere izan zezatela egiaztatzeko bidea, auditoria independente bat pasatuz gero (Núñez Ferrer, 2003). Baina, Itzulpenean berezitutako Zentroen Elkarteak (ACT) adierazi zuen moduan, araua, zuen konplexutasuna zela eta, hobeto zegoen enplegatu bat baino gehiago izan eta tamaina batetik gorako proiektuak prozesatzen zituzten enpresek ematen zituzten zerbitzuak arautzeko pentsatuta (ACT: 2003).

EUATC buru zuen BT/TF 138 Translation Services lantaldeari dagokionez, esan dezagun —garrantzitsua baita— Europako normalizazio erakunde askotako ordezkariz osatua zela (AENOR, AFNOR, BSI, DIN, ENI, EUATC, ÖN, UNI,…), eta baita itzulpen lanean adituak ziren eragile frankoz ere (itzulpen enpresak, itzultzaile profesionalen elkarteak, unibertsitateak, terminologoak eta bezeroak).

Azkenik, EN-15038 arauaren kapituluak idaztea araua egiten parte hartu zuten normalizazio erakundeen eta herrialde batzuetan eratutako lantaldeen artean partitu zen (ikus 1.go taula).

Alde horretatik, esan dezagun Espainiako Batzorde Teknikoak (‘AENOR: AEN/CTN 174 Servicios de traducción’ haren isla zen batzordeak) ez zuela nolanahiko papera izan. Bi arrazoigatik diot hori: bat, AENOR izan zelako (Asociación Española de Normalización y Certificación), Europako Normalizazio Batzordearen bozketan hala erabakita, proiektuaren idazkaritza egiteko aukeratutako erakundea; eta bi, munta handiko kapitulua (Itzulpenaren prozedura) izendatu ziotelako.

1. TAULA: EUROPAKO NORMALIZAZIO BATZORDEAREN ITZULPEN ZERBITZUEI BURUZKO ARAUAREN KAPITULUEN BANAKETA

Kapituluaren izena Erakundea Herrialdea
“Kontzeptuak eta definizioak” DIN Alemania
“Aldez aurreko baldintzak” ÖN Austria
“Enpresa-bezero eta enpresa-itzultzaile SFS Finlandia
“Itzulpenaren prozedura” AENOR Espainia
“Balio erantsia” BSI Erresuma Batua

2. EN-15038 Europar Arauaren helburua eta aplikazio eremua

Ikerketa honetan egin dugun azterketa egiteko EN-15038: 2006 Europar Arauaren gaztelerazko bertsio ofiziala erabili dugu (UNE-EN 15038).

Europako beste herrialde batzuetan arau nazionaltzat argitaratutako EN-15038 arauaren bertsio ofizialak:

  • PKN EN 15038. Polonia
  • BS EN 15038. Britainia Handia
  • DIN EN 15038. Alemania
  • NF X50-670. Frantzia
  • OENORM EN 15038. Austria
  • SN EN 15038. Suitza
  • SFS EN 15038. Finlandia
  • UNI EN 15038. Italia
  • EVS-EN 15038. Estonia
  • MSZ EN 15038. Hungaria

Arauaren sarreran adierazten denez, arauaren helburua baldintza batzuk jarri eta definitzea da, itzulpen zerbitzuen hornitzaileek kalitatezko zerbitzu bat emateko bete behar dituztenak (AENOR, 2006: 6). Alde horretatik, itzulpen zerbitzuen hornitzailea da, arau horretan datorren definizioaren arabera (ikus 2.18 apartatua), itzulpen zerbitzuak ematen dituen pertsona eta organizazioa.

Horretarako, UNE-EN 15038 arauak baldintza batzuk zehazten ditu, itzulpen zerbitzuen hornitzaileak bete behar dituenak alderdi hauetatik: langile eta baliabide teknikoen aldetik, kalitatea eta proiektuak kudeatzearen aldetik, kontratuen aldetik eta zerbitzuak dituen prozeduren aldetik (AENOR, 2006: 6).

Aplikazio eremua dela eta, aurretik izandako beste arau batzuk ez bezala —ISO arauak ez bezala, zehatzago esanda; orokorrak eta edozein prozesu edo enpresarentzat balio dutenak baitira haiek—, arau espezifikoa da EN-15038 Europar Araua, itzulpen alorrekoa, eta ez du beste alor batzuetan erabiltzeko balio (interpretazioaren alorrean, konparazio baterako).

Beste alde batetik, arau honen bereizgarria batez ere itzulpenaren prozesuari begiratzen dion araua izatea da, prozesu horren emaitzari (itzulpenari) begira izan beharrean. Horrek esan nahi duena da arau honen erdigunea ez dela, inolaz ere, itzulpena azken produktutzat hartu eta haren kalitatea baloratu eta ebaluatzea.

Dena dela, itzulpen zerbitzuen hornitzaileak araua aplikatu duelako egiaztagiria izateko, nahitaezkoa da, arauak jarritako betebehar sail bat betetzeaz eta arauan datozen beste lan eta gestio prozedura batzuk erabiltzeaz gainera, barne prozedura bat ere izatea itzulpenaren kalitatea bermatzeko.

Arevalillo Dovalek dioen bezala (2006: 108), EN-15038 arauaren benetako balioa da bildu dituen jardunbide on horiek, irizpide objektibo eta zenbakarri horiek eta itzulpenaren oinarrizko printzipio operatibo horiek denak biltzea, herrialde askotako batzordeen arteko eztabaida eta adostasunarekin, eta sektorearen jarduerak benetan sektoreak berak normalizatzea lortzea, gizarteko beste sektore batzuek inposatuta ez baina.

EN-15038 Europar Arauaren edukiari dagokionez, atal hauek ditu:

SARRERA

  1. HELBURUA ETA APLIKAZIO EREMUA
  2. TERMINOAK ETA DEFINIZIOAK
  3. OINARRIZKO BETEKIZUNAK
  4. BEZEROAREN ETA ITZULPEN ZERBITZUEN HORNITZAILEAREN ARTEKO HARREMANA
  5. ITZULPEN ZERBITZUETAKO PROZEDURAK
  6. BALIO ERANTSIA DUTEN ZERBITZUAK
  7. A ERANSKINA (PROIEKTUA ERREGISTRATZEKO XEHETASUNAK)
  8. B ERANSKINA (ITZULI AURREKO PROZESU TEKNIKOA)
  9. C ERANSKINA (SORBURU TESTUAREN AZTERKETA)
  10. D ERANSKINA (ESTILO GIDA)
  11. E ERANSKINA (BALIO ERANTSIA DUTEN ZERBITZUEN ZERRENDA TXIKI BAT)
  12. BIBLIOGRAFIA

Eskertzeko moduko gauza da, nire ustez, EN-15038 Arauak atal bat izatea (2. Terminoak eta definizioak), arauan erabiltzen diren terminoak definitzea xede duena.

Itzulpena egin duenak ez beste batek berrikusteari eta zuzentzeari garrantzia izugarria ematen dio EN-15038 Europar Arauak. Hala, gai korapilotsu hori arauan sartzearekin, berrikuslearen lana aitortzen du, inplizituki.

Alde horretatik, Arevalillok (2005) dio: Puntu hori izan zen eztabaidetako beroenetako bat, eta, batzorderik gehienek ere, puntu hori jo zuten arauaren arrakastarik handienetakotzat, berrikusleen eta zuzentzaileen lana aitortzea ekartzeaz gainera.

Edozein moduz ere, orain aztertuko dugu zenbateraino eta zer alderditatik duen garrantzia berrikuspenak EN-15038 Europar Araua itzulpenaren kalitatea bermatzeko sistematzat aplikatzekoan.

3. Berrikuspena EN-15038 Europar Arauan: itzulpenaren kalitatea bermatzeko prozedura

Badakigu gaur egun kalitatea funtsezko hitz bat dela sektore guztietan. Itzulpenaren arloan, ordea, kalitatearen kontzeptuak esan nahi bat edo bestea hartzen du pertsonaren arabera (bezeroa, enpresaria, itzultzailea, irakaslea); izan ere, faktore askoren baitan izateaz gainera (sorburu testuaren kalitatea, gaia, itzultzailearen gaitasuna…), alderdi bat edo alderdi bat baino gehiago izan baititzake ardatz (hizkuntz kalitatea, ortotipografikoa, funtzionala…).

Hori dela eta, itzulpen zerbitzuen hornitzailearen eginkizun nagusia bere kalitate kontzeptua definitu eta hura lortzeko jarraitu beharreko barne prozedurak erabakitzea da, EN-15038 arauak itzulpen zerbitzuetarako agintzen duena betetze aldera.

Artikulu honetan planteatu dudan gai nagusiari erantzuteko —hau da, EN-15038 Europar Arauak berrikuspenari zenbateko garrantzia ematen dion ikustea, berrikuspena itzulpen zerbitzuak ematekoan zerbitzu horien kalitatea bermatzeko prozeduratzat hartuta— bost galdera hauei erantzuten saiatuko naiz:

1) Zer jotzen da EN-15038 Europar Arauan berrikuspentzat, berrikuspena itzulpen zerbitzuak ematekoan zerbitzu horien kalitatea bermatzeko sistematzat hartuta?
2) Noiz eta zergatik jotzen du EN-15038 Arauak berrikuspenera?
3) Nork eta nola egin behar du berrikuspena EN-15038 Arauak agintzen duena betetzeko?
4) Zer lotura dago itzulpenak berrikustearen eta profesionalek EN-15038 Arauaren baitan kalitatea bermatzeko erabiltzen dituzten beste prozedura batzuen artean? eta
5) Zer parametro erabili behar dira itzulpenak EN-15038 Araua aplikatuz berrikusteko?

Galdera horiei erantzuten hasi baino lehen, inportantea iruditzen zait itzulpenaren kalitatea bermatzea zer den argitzea. Massop-ek honela definitzen du (2001: 92-93): prozedura multzo bat, itzulpenaren izatea osatzen duten kide guztiek erabiltzen dutena, itzulpen prozeduraren aurretik, itzulpenaren prozeduran eta gero, bezeroarentzat garrantzitsuak diren kalitate helburuak bete direla bermatzeko.

3.1. Berrikuspenaren kontzeptua EN-15038 Europar Arauan

Ikus dezagun zer jotzen duen UNE-EN 15038 Arauak itzulpenaren berrikuspentzat. Horretarako, arauaren 2. atalean bertan datozen definizioak, Terminoak eta definizioak izenekoan, aldatuko ditugu hona.

Nire irudituan, Berrikuspenaren kontzeptua oso zentzu zabalean definitzen du UNE-EN 15038 Arauak. Honela definitzen du:

“Itzulpen bat aztertzea, aurreikusitako helburuari egokitzearen eta sorburu testuak (2.13) eta xede testuak (2.15) erkatzearen alderditik, eta dagozkion zuzenketak aholkatzea” (2.10 idatz-zatia).

Oro har, Arauak ematen duen definizioa eta guk ematen duguna bat datoz, hauxe baita berrikuspentzat hartzen duguna guk (Parra Galiano, 2005: 398):

“Xede testu bat (XT) adi-adi irakurtzea, erdi bukatutako produktu edo itzulpen zirriborrotzat hartuta hura, testua itzuli duen pertsonak berak (itzultzaileak) edo, eskuarki, beste batek (zuzentzaileak) egiten duena, sorburu testuarekin (ST) alderatuz, aurrez jarritako irizpide batzuen arabera, itzulpen eskaeraren zehaztasunak bete diren egiaztatu eta xede testuan egin beharreko zuzenketak eta hobekuntzak egiteko, lana bezeroari eman baino lehen.

Oharra: Autoberrikuspenaren aldean, beste batek egiten duen berrikuspena aukerakoa izaten da, xede testuari eransten zaion balio bat baita hori, eta, beraz, ez da itzulpen prozesuari berez dagokion jardueratzat jotzen”.

Dena dela, badira beste definizio zehatzago batzuk ere, badago-eta berrikuspen moten sailkapen bat egiteko aukera, irizpide hauen arabera (V. Parra Galiano, 2005: 15-26):

1) Berrikuspena egiten duen pertsona edo pertsonen arabera: autoberrikuspena, elkarrekiko berrikuspena eta horrek dituen bi aldaerak (baterakortasun berrikuspena eta irakurketa gurutzatua), berrikuspen kolektiboa eta adituaren berrikuspena.
2) Duen helburu edo eginkizun nagusiaren arabera: berrikuspen pragmatikoa, berrikuspen hezigarria eta adituaren berrikuspena; eta
3) Berrikuspena zer eremutan egiten den: berrikuspen didaktikoa.

Beste alde batetik, Arauak “berrikuspen”tzat zer dakarren begiratuz gero, garbi atera daiteke itzultzaileak izan behar duela, eta ez berrikusle edo zuzentzaileak, egin beharreko zuzenketak egin behar dituena. Alde horretatik, nahiz eta “berrikuspena” definitzekoan “egin beharreko zuzenketak aholkatzea”k (ikus 2.10 atala) itzultzailearen eta berrikuslearen artean nolabaiteko harremanen bat izan behar duela adierazi nahi ote duen eman, ez dago garbi egin behar den berrikuspen klasea “berrikuspen pragmatikoa” (akatsik den begiratu eta haiek zuzentzea) edo “berrikuspen hezigarria” ote den (itzultzailearen gaitasuna findu eta perfekzionatzea ere helburu duena).

Geroago ikusiko dugun bezala, kontu honi eta UNE-EN 15038 Arauaren aplikazioa interpretatzearekin lotutako beste kontu batzuei erreparatuz gero, iruditzen zaigu berrikuspena egiteko modua malgua dela, aldatu egin daiteke-eta itzulpen proiektu batetik bestera.

3.2. Noiz eta zergatik jotzen du EN-15038 Arauak berrikuspenera?

Itzulpen prozesuari dagokion kapituluan (ikus 5.4 atala), prozesu hori sei ataletan banatuta dagoela ikusten da, itzulpen prozesua hasi eta bukatu bitartean egiten diren jardun edo zereginetan, hain zuzen:

1) Itzulpena (5.4.1. atala)
2) Egiaztapena (5.4.2. atala)
3) Berrikuspena (5.4.3. atala)
4) Kontzeptu zuzenketa (5.4.4. atala)
5) Proba zuzenketa (5.4.5. atala) eta
6) Azkeneko egiaztapena (5.4.6. atala).

Edozein itzultzaile profesionalek ere argi ikusten du itzulpenaren autoberrikuspena egin beharreko eginkizuna dela. Hori dela eta, adierazgarria da Arauak itzulpen prozesuari berez dagokion jardun horri “Egiaztapena” esatea (ikus 5.4.2. atala) eta honela adieraztea itzultzaileak zer egin behar duen hor:

“Aurreneko itzulpena bukatutakoan, itzultzaileak egiaztatu egin behar du bere lana. Eta hor sartzen da: esanahia ondo pasatu dela egiaztatzea, ez dela ezer ere falta, ez dela ezeren okerrik eta aurrez adierazitako zerbitzu zehaztapenak bete direla. Hala, itzultzaileak, sartu behar diren zuzenketak sartu behar ditu”.

Arauaren 5.4.3. atalak, bestalde, jartzen du “itzulpen zerbitzuen hornitzaileak, egiaztatu egin behar du itzulpena berrikusi dela”.

Planteatu dugun bigarren galderari erantzuteko (Noiz eta zergatik jotzen du EN-15038 Arauak berrikuspenera?), esan dezakegu beti berrikusi behar dela itzulpena; itzultzaileak berak, “egiaztapena” (autoberrikuspena) eginda, eta beste pertsona batek (berrikusle edo zuzentzaileak). Izan ere, itzulpen prozesuaren baitako jardunak dira (ikus 5.4. atala) eta, ondorioz, baita esaten ari garen Arauak itzulpenaren kalitatea bermatzeko jartzen dituen nahitaezko prozedurak ere.

3.3. Berrikuslearen profila eta berrikuspen prozedura UNE-EN 15038 Arauan.

Itzulpen zerbitzuen hornitzaileak prozedura dokumentatu bat izan behar du itzulpen proiektuak egiteko behar diren gaitasunak eta prestakuntzak dituzten langileak aukeratzeko.

Itzulpena berriz begiratzea nahitaezkoa dela aintzakotzat hartzen badugu, itzulpen proiektuak kudeatzekoan sartu beharreko puntuetako bat “berrikusleak eta, behar izanez gero, kontzeptu zuzentzaileak izendatzea” izango da (ikus 5.2. atala).

Arauak honela definitzen du Berrikuslearen kontzeptua: “Berrikuspena egiten duen pertsona” (2.11 atala).

Berrikusleen gaitasun profesionalei dagokienez (ikus 3.2.3 atala), Arauak dio “3.2.2. atalean itzultzaileentzat zehaztutako gaitasun berberak izan behar dituztela, eta dena delako gaia itzultzen esperientzia izan behar luketela. Gainera, zehazten du berrikuslea eta itzultzailea bi pertsona izan behar direla, eta berrikusleak gaitasun egokia izan behar duela jatorri nahiz xede hizkuntzetan (ikus 5.4.3. atala).

Xedapen horiek direla eta, ohar batzuk egin behar direla iruditzen zaigu. Alde batetik, berrikusleak itzultzailearen gaitasun berberak izan behar baditu, erredundante samarra da Arauak berariaz adieraztea berrikusleak gaitasun egokia izan behar duela jatorri nahiz xede hizkuntzetan.

Bestetik, ematen duenez, berrikuslearen eta itzultzailearen artean profil eta gaitasun profesionalen aldetik dagoen alde bakarra da berrikusleak itzulpen esperientzia izan behar duela berriz begiratu beharreko gaian. Zer eta zenbateko esperientzia izan behar den, ordea, ez da inola ere zehazten. Alde horretatik, Araua literal-literal interpretatuko bagenu, itzultzaile lizentziatu berri batek, berrikusi beharreko gaiaren gaineko testu bakar bat itzuli baldin badu, izan egingo luke proiektu batean berrikusle gisa parte hartzeko ahalmena.

Zalantza izpirik ere ez dago onen-onena itzulpen bat berrikusi behar duenak itzulpen esperientzia handia izatea litzatekeela, testuan lantzen den gaiaren inguruan. Baina, praktika profesionalari erreparatuz gero, oso nekeza da, are utopikoa ere, betekizun hori zorrotz betetzea. Izan ere, zenbait egoeratan, egokiagoa da “berrikusle tematiko” batengana jotzea (eta hark ez dauka, derrigor, itzultzailea izan beharrik), edukia berrikusi dezan.

“Berrikusle tematikoa” da “pertsona bat, xede testuan lantzen den gaian aditua dena edo, bestela, gaia ondo ezagutzen duena, edukiari dagozkion alderdiak egiaztatzeko (logika, datuak eta hizkuntza berezitua)” (Parra Galiano, 2007: 209).

Definizio hori eta Martinez de Sousak “kontzeptu zuzentzailea”rentzat ematen duena (1999: 84) bat datoz ia erabat; izan ere, harentzat, kontzeptu zuzentzailea da: “Pertsona berezitu bat, orijinal bat irakurtzen duena akats kontzeptualak, teknikoak edo zientifikoak zuzentzeko, lan baten itzulpenetik sortutakoak, eskuarki”.

Gure ustez, ordea, nolabaiteko termino anbiguotasun bat dago hor, sinonimotzat jotzen dira-eta zuzenketa eta berrikuspena, eta baita zuzentzailea eta berrikuslea ere, Erakunde-arteko estilo liburuak erakusten duen bezala (Cf. 4.1.5. Zuzentzaileen esku-hartzea):

“Gogoan izan behar dugu, ordea, zuzentzaileak ez direla “berrikusleak”; alegia, egilearen asmoekiko neutral izan behar dute beti, egileari beste inori ez baitagokio, azkenean, testuaren edukiaz hitz egitea” 2.
“Kontzeptu, estilo edo tipografia aldetik berrikusteko edo zuzentzeko jartzen diren lanek arazo bat baino gehiago izan ditzakete” (Martínez de Sousa, 1999: 187).

Alde horretatik, guk irizten diogu zuzenketarako jartzen den gaia, eta baita berrikuspenerako jartzen dena ere, erdi bukatuan den produktu bat dela; baina, berrikuspenaren aldean, sorburu testua (ST) dugula hura, nahiz eta xede testu batekin ere (XT) egin daitekeen, sorburu testutzat (ST) hartuta (Parra Galiano, 2005: 40).

Horregatik, termino nahasketarik ez izateko, nahiago dugu zuzenketa terminoa kontzeptu hau izendatzeko erabiltzea, alegia: “Adi-adi irakurtzea eta testu inprimatua eta jatorriko dokumentua alderatzea (proba tipografikoak edo ozalidak izan), zuzentzaile tipografikoak egiten duena (edo beste batek), zuzenketa zeinuak erabiliz, ortotipografia egiaztatzeko eta zuzentzeko, ezer ere ez dela falta ziurtatzeko eta deigarria gertatu zaion edozein gauza egileari, itzultzaileari edo testuaren berrikusleari adierazteko (Parra Galiano, 2005: 50).

Beraz, guk uste dugu zuzentzaileari ez dagokiola testuan aldaketarik egitea, eta berrikusleari edo itzultzaileari dagokiola, zein berrikuspen klase egiten den (pragmatikoa edo hezigarria), itzulpen zirriborroan egin beharreko zuzenketak eta hobekuntzak egitea.

Berrikuslearen profilaren gaineko azkeneko oharra praktika edo jardun profesionalaren gainekoa da. Guk geuk itzulpenaren sailean egindako ibilbidean oinarrituta, nekez pentsa dezakegu itzulpen enpresarik gehienek (enpresa txiki eta ertainak izaten dira, eskuarki) gai askotan esperientzia handia duten itzultzaile batzuk izango dituztenik beti-beti beren eskueran berrikusle gisa lan egiteko. Eta oraindik eta nekezagoa da itzultzaile autonomo batek bere lanbidean nahikoa kide izatea (alor askotako, ia kontaezin ahaletako, itzultzaileak), dena delako gaian hark baino esperientzia handiagoa dutenak eta haren itzulpenak berrikusiko dituztenak, itzulpenak UNE-EN 15038 Arauak agintzen duen eran egin dituela egiaztatu ahal izateko.

Alderdi horretatik, “guk uste dugu oso inportantea dela itzulpena berrikusi behar duen pertsonaren soslaia xede testuak (XT) eskatzen duen berrikuspen motaren baitan izan behar dela adieraztea, batez ere itzulpenaren berrikuspen osoa egiteko biderik ez denean. Berrikuspen mota bat edo bestea aukeratzea (edo mota batzuk edo beste batzuk), xede testuan egiaztatu behar diren alderdi nagusien baitan izango da; eta itzulpen eskaeran egindako zehaztapenen baitan, berriz, haiek. Beste aldera jokatzea, hau da, xede testuaren berrikuspen klasea une hartan berrikuspena egiteko moduan den pertsonaren arabera izatea, ez litzateke oso profesionala izango” (Parra Galiano, 2007: 208-209).

Ikus dezagun orain berrikusleak zer eginkizun bete behar duen itzulpen prozesuan UNE- EN 15038 Arauaren arabera:

“Itzulpenak zuen helburua betetzen duen egiaztatzeko aztertu behar du berrikusleak itzulpena. Eginkizun horren barruan izango da —itzulpen proiektuak zer eskatzen duen— sorburu eta xede testuak alderatzea ere, termino koherentzia, erregistroa eta estiloa egokiak diren egiaztatzeko” (5.4.3 atala).

Gure ustetan, “Berrikuspena”ren definizioa eta berrikuslearen eginkizuna alderatuz gero, bada nolabaiteko inkoherentzia bat. Alde batetik, itzulpenaren berrikuspenak sorburu testuaren eta xede testuaren konparazio azterketa dakar, hala dio Arauak. Baina, beste alde batetik, berrikusleak, zenbait alderdi egiaztatzeko garaian, itzulpen eskaerari erreparatu eta bi testuak alderatzea edo ez alderatzea erabaki dezake, Arauak “itzulpen proiektuak zer eskatzen duen” dio eta.

Horrek anbiguotasun puntu bat dagoela esan nahi du Arauaren aplikazioa interpretatzeko orduan, ez dago garbi-eta berrikuspena beti-beti “sorburu (2.13) eta xede testuak (2.15) alderatuz” egin behar den —“berrikuspena” terminoa definitzekoan dioen moduan— edota berrikuslearen edo itzulpen zerbitzuen hornitzailearen iritzira utziko den, itzulpen proiektuak zer jartzen duen.

Beste alde batetik, “termino koherentzia, erregistroa eta estiloa egokiak diren egiaztatzeko” (5.4.3. atala) gauza den pertsonak ez dauka zertan sorburu testuan lantzen den gaian esperientzia duen itzultzailea izan. Izan ere, “hizkuntza-berrikuspena” esaten diogun berrikuspen hori egiteko, berez, “xede testuaren hizkuntzaren erabilerarekin zerikusia duten alderdiak egiaztatzeko (hizkuntza berezitua, hizkuntz araua eta erabilera eta hartzaileari egokitzea) hizkuntz ezagupen handiak dituen pertsona” izan behar litzateke (Parra Galiano, 2007: 209).

Berrikuslearen eginkizuna aintzakotzat hartuta, beste bi galdera datozkigu burura:

Lehenbizikoa da —gero saiatuko gara horri erantzuten— ea “termino koherentzia, erregistroa eta estiloa” diren, UNE-EN 15038 Arauaren arabera, berrikusleak egiaztatu behar dituen alderdi (parametro) bakarrak.

Bigarrena da zeinek egin behar dituen egin beharreko zuzenketak itzulpena berriz begiratu eta gero, itzultzaileak edo berrikusleak?

Lehen ikusi dugun bezala, badirudi Arauak alde horretatik esan nahi duena dela berrikusleak adierazi egin behar duela zer zuzenketa egin behar den, eta guk hortik ateratzen duguna da azkenean zuzenketak egin behar dituena itzultzailea dela.

3.4. Berrikuspenaren eta kalitatea kontrolatzeko beste prozedura batzuen arteko harremana UNE-EN 15038 Arauaren baitan.

Ikusi dugunez, Arauak jartzen du berrikusleak duela (edo itzulpen zerbitzuen hornitzaileak, bestela) itzulpen proiektu batek sorburu eta xede testuak alderatu beharrik duen, hau da, itzulpenaren berrikuspen oso bat egin beharrik duen, edo ez duen erabakitzeko ahalmena.

UNE-EN 15038 Araua indarrean sartu arte, itzultzailearen lanbidean, itzulpenari beste balio bat gehiago eransten zion zerbitzutzat jotzen zen itzulpena beste batek berrikustea.

Bistan dago balio erantsi horrek, batetik, itzulpenaren prezioa garestitzea dakarrela, eta, bestetik, berrikuspena ez egiteak, itzulpenaren emaitzaren kalitateari erasan diezaiokeela. Ondorioz, alderdi ekonomiko horrek nola bezeroari hala itzulpen zerbitzuen hornitzaileari eragiten dio.

Kontuan hartzen badugu UNE-EN 15038 Araua aplikatzea ez dela derrigorra, pentsa daiteke itzulpenak arau horren arabera egiten dituela (itzulpena beste pertsona batek berrikusita) egiaztatzen duen itzulpen zerbitzuen hornitzaileak tarifa handiagoa kobratuko duela hala egiaztatzen ez duenak baino, dela itzultzaile autonomoa dela itzulpen enpresa izan.

Itzulpen zerbitzuen hornitzaileak edo berrikusleak itzulpen proiektuak ez duela sorburu eta xede testu osoen arteko konparaketa sakonik behar jotzen badu, logikoa da itzulpenaren kalitatean halako arrisku maila bat izango dela pentsatu eta bere gain hartzea ere, betiere elkarrekin lotuta dauden bi faktore hauen mende: bezeroa gustura geratzea eta akatsak ekarriko duen ondorioa. Era berean, bi faktore horiek alderdi ekonomikoari eta profesionalari eragingo diote, hurrenez hurren.

Jakinekoa dago edozein itzulpen akatsek izango duen ondorioak eta akats horrek itzulpenaren hartzaileari eragin diezaiokeen inpaktuak erasan egiten diola itzulpen zerbitzuen hornitzaileak bezeroaren aurrean duen irudi profesionalari, eta, zenbaitetan, bezeroa kalitate-prezio erlazioarekin gustura geratu ez bada, litekeena izango dela baita beste lanik ez eskatzea ere bezero hark itzulpen zerbitzuen hornitzaile horri.

Dena dela, itzulpenaren merkatuan eskatzen den kalitatea ez dago itzulpenak izango duen erabileran baitan bakarrik (argitaratzea, hedatzea, barruko informaziorako izatea…), baizik eta baita beste faktore batzuen baitan ere; adibidez, zenbateko aurrekontua izateko bidea den edota bezeroak kalitatetzat zer jotzen duen.

Itzulpena berrikusteko sorburu eta xede testuak alderatu beharra, azken batean, itzulpen proiektuaren mende baldin badago, galde genezake ea berrikusleak zehazki zer egin behar duen edo zer egin dezakeen Arauaren arabera “Itzulpen bat aurreikusitako helburuari egokitzearen alderditik aztertu eta dagozkion zuzenketak aholkatzeko” (2.10 atala).

UNE-EN 15038 Araua erne antzean irakurriz gero, ikusten dugu, arauak berrikuspenerako agintzen duena aplikatzeko (5.4.3. atala), itzulpenaren berrikuspen osoa edo parte bat egin aukeratu dezakeela berrikusleak. Itzulpena berrikusteak, Arauak dakarren definizioaren arabera, besteak beste “sorburu eta xede testuak alderatzea” esan nahi duela kontuan hartuz gero, berrikusleak berrikuspen osoa (itzulpenaren %100 sorburu testuarekin alderatuz) egin behar dela erabakitzen duenean —berrikuspen mailaz3 eman dugun definizioa oinarritzat hartuta, betiere—, “alderaketa berrikuspena” esaten dioguna egiten arituko litzateke, beste prozedura batzuekin nahasteko biderik izan ez dadin.

Beraz, Arauaren aplikaziorako, “alderaketa berrikuspena” da itzulpenaren kalitatea bermatzeko berrikuspen mailarik handiena eskatzen duen prozedura.

Beste alde batetik, lanbidean nola jardun ohi den, Arauak zer dakarren eta “proiektuak zer eskatzen duen” aintzakotzat harturik, itzulpena itzulpenaren kalitatea bermatzeko beste prozedura batzuk4 erabiliz aztertzea erabaki dezake berrikusleak, adibidez, itzulpena egiaztatzeko irakurketa eginda edota lagin batzuk berrikusi eta hala kontrolatuta itzulpenaren kalitatea.

Prozedura horiek, lehen ere SENEZen 32. alean argitaratu genuen artikuluan azaldu eta justifikatu genuen bezala (ikus 4. atala, Zuzenketa mailak eta zuzenketa modalitateak, 103-105 orr.), berrikuspen partziala edo berrikuspena zenbait mailatan egitea dakarte (V. Parra Galiano, 2007b).

Araua betetzearen alderditik, bigarren horretan (berrikuspen partzialean), bi aukera izango lituzke berrikusleak.

Aurrenekoa, xede testuaren egiaztapen irakurketa egitea izango litzateke, itzulpenaren kalitaterako prozedura gisa, eta, beraz, itzulpena osorik aztertu eta irakurtzea, eta kalitate arazoren bat ikusten duenean bestetan ez jotzea sorburu testura. “Berrikuspen elebakarra” egiten arituko litzateke orduan, hau da, “alderaketa berrikuspena”ren eta itzulpenaren kalitatea kontrolatzearen arteko tarteko berrikuspen gradu bat.

Bigarren aukera itzulpenaren kalitate kontrola egitea da, xede testuko lagin batzuk hartu (testu osoaren %10, eskuarki) eta haiek sorburu testuarekin aztertu eta alderatzea. Itzulpenaren kalitaterako, prozedura hori da —“laginak berrikustea” baita— berrikuspen mailarik txikiena eskatzen duena.

Bigarren taula honetan ikus daiteke nola EN-15038 Araua betetzeko orduan itzulpenaren kalitatea bermatzeko prozedura batzuk erabiltzeak halako edo bestelako berrikuspen maila egitea dakarren.

2. TAULA: EN-15038 ARAUA BETETZEA: BERRIKUSPEN MOTAK ETA MAILAK

Berrikuspen motak / (Itzulpenaren kalitaterako prozedurak) Berrikusitako itzulpen zatia (xede testua) Itzulpena (XT) / Sorburu testua (ST) alderatzea Berrikuspen maila
Alderaketa berrikuspena / (Berrikuspen pragmatikoa eta hezigarria) osoa (%100) beti Berrikuspen osoa/ Goiko maila
Berrikuspen elebakarra / (Itzulpena egiaztatzeko irakurketa) osoa (%100) batzuetan Berrikuspen partziala / Tarteko maila
Laginak berrikustea / (Kalitate kontrola) lagina/k (%10, eskuarki) beti Berrikuspen partziala / Beheko maila

Horiek horrela direla, bada, ondorioztatu dezakeguna da UNE-EN 15038 Arauak berrikuspenaren kontzeptua argi definitzen badu ere —nahiz eta oso modu zabalean—, itzulpen prozesuan (5.4.3. atala) berrikuslearen eginkizunez zer jartzen duen ondo irakurriz gero, ateratzen dena zera dela: berrikuslearen esku dagoela “alderaketa berrikuspena” (osoa) egitea edo, proiektuak zer eskatzen duen, itzulpenaren kalitatea kontrolatzeko beste prozedura batzuk erabiltzea. Adibidez, itzulpenaren egiaztapen irakurketa edota kalitate kontrola (“berrikuspen elebakarra” eta “laginen berrikuspena”, hurrenez hurren). Baina, berrikuspen partzialak eta alderaketa berrikuspena baino beheragoko mailakoak dira horiek.

3.5. UNE-EN 15038 Arauko berrikuspen parametroak

UNE-EN 15038 Arauak zehatz adierazten du zer alderdiri erreparatu behar dion ondo itzultzaileak itzulpen prozesu guztian “xede hizkuntzako hizkuntza-sistema bete eta proiektua izendatzekoan jasotako jarraibideak errespetatzen dituen testu bat ekoizteko” (5.4.1. atala).

Eta alderdi horiek dira, azken batean, itzultzaileak, itzultzekoan ez eze, “egiaztatze”koan ere (auto-berrikuspena esaten diogun horretan) kontuan izan behar dituen irizpideak edo parametroak, itzulpenak itzulpen eskaeraren betebeharrak betetzen dituela egiaztatzeko.

Alde horretatik, hauek dira Arauak aipatzen dituen zazpi alderdiak: a) Terminologia; b) Gramatika; c) Lexikoa; d) Estiloa; e) Tokian tokiko arauak; f) Formatua eta g) Itzulpenaren hartzaileak eta helburua.

Horiek horrela, harrigarri samarra iruditzen zaigu itzultzaileak egiaztatu beharreko hiru alderdi besterik egiaztatu edo kontuan izan beharrik ez izatea berrikusleak: alde batetik, koherentzia terminologikoa, eta, bestetik, erregistroa eta estiloa; nahiz eta, gero ikusiko dugun bezala, bi besterik ez diren.

Lehenbiziko parametroa “Terminologia” izeneko a) alderdiaren barruan ageri da. Horretan, itzultzaileak, egiaztatu behar du itzulpena “egokia dela dagokion eremurako eta bezeroaren edo emandako terminologia hartarako, eta terminologia horrek koherentzia bati eusten diola itzulpen guztian” (5.4.1.). Bigarren eta hirugarren parametroak “Estiloa” izeneko d) puntuan datoz. Hor, itzultzaileak egiaztatu behar duena da “bete egiten dela itzultzailearen edo bezeroaren estilo gida, erregistroa eta hizkuntz aldaerak ere horren barruan direla” (5.4.1.).

Aipatzeko moduko beste alderdi bat —berrikuspen parametroekin zerbaiten zerikusi bat duelako— kontzeptu zuzenketa egiteko modua da.

EN-15038 Arauaren espainiar bertsiotik atera daitekeenez, kontzeptu zuzenketa itzulpen prozesuaren barruan aukeran dagoen jarduera bat da, zeren eta “itzulpen zerbitzuen hornitzaileak itzulpena egitekoan zuzenketa hori ere egiten dela egiaztatu behar du” (5.4.4 atala), baldin eta zerbitzuaren zehaztapenetan badator; bestela, ez.

Arauaren arabera, kontzeptu zuzenketa da “Itzulitako xede testu bat aztertzea (2.15) aurreikusitako helburuari eta dagokion eremuko arauei egokitzen zaien ikusteko, eta tokatzen diren zuzenketak aholkatzea” (2.8 atala).

Definizio hori eta Martinez de Sousak emandakoa (1999: 188) bat datoz, erabat ez bada ere. Izan ere, hauxe da Martinez de Sousak Kontzeptu zuzenketatzat jotzen duena: “Haren iritzira jarri dioten testua adi-adi irakurtzea testuak lantzen duen gaian aditua den batek, helburua dela terminologiari, erabilitako hizkuntza hartzaileari egokitzeari eta gaiaren mamiari begiratzea, anakronismoak, desegokitasunak, deskripzio edo adierazpen ilunak eta abar aurkitzen saiatu eta zuzentzeko”.

Autore horren beraren arabera (Ibid: 188), eskuarki lan zientifiko edo teknikoetan edota entziklopedia edo antzeko lanetan izaten diren lankidetza lanetan egiten da hori.

Dena dela, guk uste dugu izan behar duen prestakuntza duen edozein itzultzaile profesionalek ikusten duela itzulpen prozesuari ekiteko unean bertan definitu behar duela, itzulpenak izan behar duen helburua aintzakotzat hartuta, helburu hori lortzeko estrategia zehatz bat. Helburu hori zein den, bestalde, itzulpena eskatzeko zehaztapenen bidez jakin behar du, zehazpen esplizituak edo inplizituak izan, itzultzaileak, itzulpenak betebehar horiek betetzen dituen begiratu eta egiaztatu ahal izateko gero.

5.4.4. atalaren oharrak jartzen duenez, “Kontzeptu zuzenketa itzulpena erregistroaren eta dena delako espezialitateko arauen aldean ebaluatuz egin daiteke”. Horretarako, kontzeptu zuzentzaileak “berrikuspen elebakarra egin behar du, itzulpena aurreikusitako helburuari egokitzen zaion ikusi eta dagozkion zuzenketak aholkatzeko” (5.4.4 atala).

Kontzeptu zuzenketa egiteko moduari dagokionez, Araua aintzakotzat hartuta, hiru ohar egitea iruditzen zaigu: Lehenbizikoa kontzeptu zuzentzaileak itzulpenean egiaztatu beharreko alderdi edo parametroen gainekoa da (erregistroa eta dena delako espezialitateko arauak). Alderdi horiek, batetik, itzultzaileak berak ere itzultzekoan eta itzulpena egiaztatzekoan begiratu beharreko alderdi batzuk dira: (a) Terminologia (dagokion eremurako egokia izatea), (d) Estiloa (erregistroa eta hizkuntz aldaerak ere sartuta) eta, azkenik, (e) Tokian tokiko arauak. Beste alde batetik, alderdi horiek bat datoz berrikuspen fasean erabili beharreko parametroekin, eta parametro horiek dira, lehen ikusi eta Arauak jartzen duenez: terminologia koherentzia —Terminologia izeneko a) alderdian den parametroa—, eta erregistroa eta estiloa —Estiloa izeneko d) alderdian jasotako parametroak biak hala biak ere—.

Bigarren oharra berrikusleak eta kontzeptu zuzentzaileak gaitasun profesional eta eginkizun aldetik bete behar duten soslaiari buruzkoa da. Lehen ere aipatu dugu itzultzailearen eta berrikuslearen artean den alderik handiena, hizpide dugun Arauak jartzen duenez, berrikusleak “dena delako gaia itzultzen esperientzia izatea” dela (ikus 3.2.3. atala). Beste alde batetik, kontzeptu zuzentzaileek “dena delako gaian berezituak izan behar dute xede hizkuntzan” (ikus 3.2.4. atala). Hala ere, Arauak profil profesionaletan bereizketa ulertezin bat egiten duela ikusten dugu, izan behar lukeen eginkizun bereizketarekin bat ez datorrena. Izan ere, aurreko paragrafoan zuritu dugun eran, biek hala biek duten eginkizuna betetzeko —berrikustea eta kontzeptu zuzenketa egitea— erabiltzen dituzten irizpideek edo parametroek bat egiten dute bi alderditan: Terminologia izeneko a) alderdian eta Estiloa izeneko d) alderdian.

Hirugarren oharra, azkena, kontzeptu zuzenketa egiteko moduaren gainekoa da. Kontuan izanik UNE-EN 15038 Arauaren arabera berrikuspena nahitaez egin beharreko eginkizuna dela, guk uste dugu berrikuslea dela berrikuspen elebakarra egin behar lukeen pertsona (geuron terminologia erabili dugu hor), zeren eta, aurreko epigrafean ere esan dugun moduan, Arauak aipatzen duen “berrikuspen elebakar” hori, azken batean, itzulpenaren kalitaterako beste prozedura bat da (egiaztapen irakurketa), berrikuspen partziala egitea dakarrena.

Bukatzeko, galde genezake kalitatearen aldetik eta, batez ere, ekonomiarenetik zer dakarkion bezeroari kontzeptu zuzenketak Arau honen arabera; izan ere, azaldu ditugun arrazoien argitan, erredundantea ematen baitu balio erantsiko, eta, beraz, aukerakoa den, zerbitzu hori erabiltzea itzulpenaren kalitatea egiaztatzeko (ikus UNE-EN: 15038 Arauko E eranskinean heldu den Balio erantsia duten zerbitzuen zerrenda txiki bat).

Ondorioak

Berrikuspenak itzulpenaren kalitatea bermatzeko sistema batean —horretarako sistema bat baita UNE-EN 15038 Araua— duen garrantzia nahitaezko bi jarduera hauek dakarte: itzultzaileak berak berrikustea itzulpena, “egiaztapena” (autoberrikuspena) eginda, eta beste pertsona batek (berrikusleak) berrikustea.

UNE-EN 15038 Arauak berrikuspenaren kontzeptua argi definitzen du, baina duenik eta zentzurik zabalenean. Izan ere, Arau horren aplikazioaren interpretazio hitzez-hitzezkoa eginez gero, ateratzen dena da itzulpena sorburu eta xede testuak alderatuz berrikustea itzulpen proiektuak hala eskatzen badu bestela ez dela egingo.

Horrenbestez, sorburu testua eta xede testua alderatu beharra (hau da, “alderaketa berrikuspena” egitea) itzulpen proiektuaren mende dagoela aintzakotzat hartzen badugu, pentsa dezakegu berrikusleak (edo itzulpen zerbitzuen hornitzaileak, bestela), bi testu horiek alderatu beharrik ez dela erabakitzen duenean, ordezko beste prozedura batzuetara joko duela itzulpenaren kalitatea bermatzeko.

Iruditzen zaigu zuritu dugula kalitatea kontrolatzeko beste barne prozedura batzuk aukeratu eta erabiltzeak —adibidez, itzulpenaren egiaztapen irakurketa eta kalitate kontrola, hurrenez hurren “berrikuspen elebakarra” eta “laginen berrikuspena” esaten diegunak guk— gradu desberdinetako berrikuspena egitea dakartela.

UNE-EN 15038 Arauak adierazten duenez, itzultzaileak itzulpen prozesu guztian begiratu beharreko zazpi alderdiak dira, azken batean, egiaztapen fasean (autoberrikuspena), itzulpenak itzulpen proiektuko betebeharrak betetzen dituela egiaztatzekoan, erabili behar dituenak, alegia:

a) Terminologia; b) Gramatika; c) Lexikoa; d) Estiloa; e) Tokian tokiko arauak; f) Formatua eta g) Itzulpenaren hartzaileak eta helburua.

Berrikusleak, ordea, hiru irizpideri erreparatuz aztertu behar du itzulpena (terminologia koherentzia, erregistroa eta estiloa), eta, lehen ikusi dugun bezala, horietatik bi itzultzaileak erabili behar dituen irizpide edo parametro berberak dira (terminologia eta estiloa).

Berrikuspena (nahitaez egin beharrekoa) eta kontzeptu zuzenketa (balioa eransten duen zerbitzua; ez da nahitaez egin beharrekoa) egiteko moduari dagokionez, UNE-EN 15038: 2006 Arauaren arabera, guk uste dugu azken batean eginkizun bikoiztasun bat dagoela, bi profesionalek beren eginkizunak egiteko erabili behar dituzten parametroak edo irizpideak bat datoz eta.

Azkenik, iruditzen zaigu berrikuspenak itzulpenaren kalitatea kontrolatzeko prozedura gisa duen alderdirik indartsuena (itzulpen proiektua egin abartuta dagoenean egin baita) itzultzaileen eta berrikusleen artean berrelikadura izatea dela, berrikuspen prozesuaren emaitzak (zer berrikuspen mota eta zer gradutakoa egiten den goiti-beheiti) itzulpen zerbitzuen hornitzailearen itzulpen zikloa hobetzeko balio izan dezaten, arazoak eta akatsak errepika ez daitezen zikloaren hasieratik bertatik.

BIBLIOGRAFIA

AENOR (2000). Guía para la implantación de sistemas de la calidad en PYMES. Madril: AENOR.
———. (2006). Norma Española UNE-EN 15038. Servicios de traducción. Requisitos para la prestación del Servicio. Madril: AENOR.

Agrupación de Centros especializados en Traducción (ACT). (2003). «Norma Europea de Servicios de Traducción». Web orria, [Sartutako eguna: 2004ko abuztuaren 6a]. Hemen eskura daiteke

AREVALILLO DOVAL, Juan José (2004). «A propósito de la norma europea de calidad para los servicios de traducción». El español, lengua de traducción. II Congreso Internacional. Hemen eskura daiteke [Sartutako eguna: 2004/06/02]
———. (2006a). «La norma europea de calidad para servicios de traducción EN-15038: por fin una realidad», Panace@, 7. liburukia (23. alea): 107-111. Hemen eskura daiteke [Sartutako eguna: 2004/06/20].
———. (2006b). “Visión general de la normalización en el sector de la traducción”. Puntoycoma (Boletín de los traductores españoles de las Instituciones de la Unión Europea) 100. alea, 2006ko urria/azaroa/abendua. Hemen eskura daiteke [Sartutako eguna: 2009/11/01]

BRUNETTE, L. (2000a). «L’auto-révision - Contexte d’une formation en révision». Formation des traducteurs. Actes du colloque international Rennes 2 (24-25 Septembre 1999). Collombat, O. eta Gouadec, D., 173-179. Paris: La Maison du Dictionnaire.
———. (2000b). «Towards a Terminology for Translation Quality Assessment - A Comparison of TQA Practices». The Translator 6, 2. alea: 169-182.
———. (2003). Révision et mesure de la qualité des traductions. Traduction, terminologie et Rédaction. Actes des Universités d’été et d’automme(2002) et du colloque international: Université de Rennes 2. Daniel y TOUDIC Daniel GOUADEC, 123-33. Paris: La Maison du Dictionnaire.

DARBELNET, J. (1980). «Théorie et pratique de la traduction professionnelle: différences de point de vue et enrichissement mutuel». Meta, XXV, 4: 393-400.

HORGUELIN, P. A. (1985). Pratique de la révision. 2ª ed. Montreal: Linguatech.
———. (1988). «La révision didactique». Meta 33, nº 2: 253-257.

HORGUELIN, P. A. eta BRUNETTE, L. (1998). Pratique de la révision, 3ème édition revue et augmentée. 3ª ed. Brossard (Québec): Linguatech éditeur.

HOSINGTON, B. M. eta HORGUELIN, P. A. (1980). A Practical Guide to Bilingual Revision. Montreal: Linguatech.

Instituto de la Calidad S.A. «Sistemas de Aseguramiento de la Calidad». Hemen eskura daiteke (Sartutako eguna: 2001/11/15)

KELLY, D. (2002). «La competencia traductora: bases para el diseño curricular». Puentes, nº 1: 9-20.

KOO, Siu Ling eta KINDS, Harold (2000). «A Quality-Assurance Model for Language Projects». Translating Into Success. American Translators Association, en Robert C. SPRUNG, 147-57. XI. liburukia Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins Publishing Company.

KUSSMAUL, P. (1995). Training the Translator. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins.

LAROSE, Robert (1998). «Méthodologie de l’évaluation des traductions». Meta 43, 2. alea: 163-186. Libro de estilo interinstitucional (Kontsultatutako eguna: 2002/01/05)

MARTIN, Tim (2002). «Is Revision Always Useful?». T&T. Terminologie et traduction, 2. alea: 64-71.
———. (2007). "«Managing Risks and Resources: a down-to-earth view of revision»":http://www.jostrans.org/issue08/art_martin.php (Kontsultatutako eguna: 2009/03/30)

MARTÍNEZ DE SOUSA, José (1999). Manual de edición y autoedición. Madril: Ediciones Pirámide.

MOSSOP, B. (1982). «A Procedure for Self-Revision». Terminology Update, 15. liburukia, 3. alea: 6-9. Ottawa: Department of Supply and Services Canada.
———. (1992). «Goals of a revision course». Teaching Translation and Interpretating. Training, Talent and Experience. Papers from the First Language International Conference. En Dollerup, C. eta Loddegard, A. (Eds), 81-90. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins.
———. (2000). «The Workplace Procedures of Professional Translators». Selected contributions from the EST Congress, Granada (1998). En Translation in Context, (eds) Chesterman, A. et al, 39-48. 39. liburukia. Amsterdam/Philadelphia: John Benjamins.
———. (2001a). Revising and Editing for Translators. Manchester: St. Jerome.
———. (2001b). «The Translation of Hidden Quotations» [en línea]. Terminology Update, 34, 2. alea. Hemen eskura daiteke

NÚÑEZ FERRER, Miguel (2003). «La futura norma europea de calidad para servicios de traducción». La Vanguardia, 2003ko abenduaren 10a, Itzulpenari eta interpretazioari buruzko ale monografikoa: 3.

PARRA GALIANO, S. (2001). «La revisión de traducciones en la didáctica de la traducción: cara y cruz de una misma moneda ». Sendebar 12. alea: 373-386.
———. (2002). «Artículo bibliográfico de: Revising and Editing for Translators. Autorea: Brian MOSSOP (2001). Manchester: St. Jerome Publishing. 176 pp.». Trans (Revista de Traductología) 6. alea: 241-247.
———. (2004a). “Multilingüismo, traducción y ciclo de trabajo en las instituciones de la Unión Europea”. Puentes, 3. alea: 51-60. ISSN: 1.695-3.738.
———. (2004b). «L’Évaluation de la qualité de la traduction dans le domaine professionnel: le rôle de la révision et de l’autorévision et ses implications pour la didactique de la traduction». En Georges Androulaukis (Ed.), Traduire au XXème siècle: Tendances et Perspectives. Tesalónica: University Studio Press (424-431).
———. (2005). La revisión de traducciones en la Traductología: aproximación a la práctica de la revisión en el ámbito profesional mediante el estudio de casos y propuestas de investigación. Granada: Granadako Unibertsitatea. Hemen eskura daiteke
———. (2006). “La revisión y otros procedimientos para el aseguramiento de la calidad de la traducción en el ámbito profesional”. Turjuman (Revue de Traduction et d’Interprétation – Journal of Translation Studies). 15. liburukia, 2. alea, 2006ko urria: 11-48. ISSN: 1113-1292.
———. (2007a). “Propuesta metodológica para la revisión de traducciones: principios generales y parámetros”. TRANS (Revista De Traductología). 11. alea: 197-214. ISSN: 1137-2311.
———. (2007b). “Zuzenketa, itzulpen kalitatea ziurtatzeko prozedura: zuzenketa mailak, motak eta modalitateak”. SENEZ (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen aldizkaria) 32. alea: 97-122. Arantzazu Royok euskaratu eta Gotzon Egiak zuzendua. Hemen eskura daiteke

PRESAS, M. (2000). «Bilingual Competence and Translation Competence». Developing Translation Competence. En Schäffner, C. eta Adab, B., 19-31. Amsterdam: John Benjamins Publishing Co.

OHARRAK

1. Austria, Belgika, Bulgaria, Txipre, Txekiar Errepublika, Danimarka, Estonia, Finlandia, Frantzia, Alemania, Grezia, Hungaria, Islandia, Irlanda, Italia, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Malta, Herbehereak, Norvegia, Polonia, Portugal, Errumania, Eslovakia, Eslovenia, Espainia, Suedia, Suitza, Erresuma Batua.

2. Libro de estilo interinstitucional: http://eur-op.eu.int/code/es/es-360300.htm (Kontsulta eguna: 2002-01-05)

3. Zuzenketa maila diogunean, itzulpena zuzentzerakoan gertatzen diren intentsitate mailaren aldaketaz ari gara, xede testuaren kalitatea baloratzeko eta behar diren zuzenketak edo hobekuntzak egiteko, zuzentzaileak edota itzultzaileak (auto-zuzen¬tzaileak) testu zatiak aztertu eta jatorrizko testuarekin konparatzen dituenean, itzulpen enkarguaren zehaztapenak kontuan hartuta.

4. Prozedura esaten dugunean “Jarduera bat egiteko modu espezifikoa” esan nahi dugu, ISO 8402:1994 arauak dioen eran.