Data: 2011ko abuztua
Esenin, arima eslaviarra ulertu zuen azken poeta - Roberto Serrano; Juan Ramon Makuso (poeta aholkularia)
Irakurri artikulua pdf formatuan.
Esenin – Sergei Alexandrovitx (1895-1925), errusiar poeta. Hasierako poema bildumetatik (“Radunitsa” edo “Domu Santu eguna” 1916; “Orduen Liburua”, 1918) poeta fina zela utzi zuen agerian: paisaia psikologiko sakoneko maisua, Errusiako nekazarien abeslari, hizkuntza herrikoia eta herriaren arimaren jakitun. 1919-1923 urteetan imaginisten taldean sartu zen. Poeta honen ikuspegi tragikoa, arimaren adierazpenaren nahasteak ondoko poemetan azaleratu ziren: “Zaldien ontziak” (1920), “Moskuko txiribogak” (1924), “Gizon beltza” (1925). Bakuko (Azerbaijan) komisarioei emandako “Hogeita seien balada” poeman (1924), “Errusia sobietarra” bilduman (1925), eta “Anna Snegina” poeman (1925) Esenin saiatu zen “Errusia haserre komuna” bereganatzen, nahiz eta bere burua oraindik “desagertzera doan Errusiarreko” poetatzat, “urrezko enbordun txabolako” poetatzat hartu.
Haurtzaroa. Gaztaroa
Nekazarien familia batean jaio zen, Konstantinovo herrian (Ryazan, Moskutik 270 kilometrora). Haurra zenean aita hiriburura joan zen lanera, eta osabaren familiarekin utzi zuten. Eseninen lehenengo sentimenduen artean bereizten dira itsu alderrai baten abestietan jaso zituen poema espiritualak, eta amamaren ipuinak. 1909an amaitu zuen lau urteko ikasketa Konstantinoveko ikastetxean, nota onarekin. Spas- Klepikoveko eskolan jarraitu zuen ikaskuntza (1909-12); handik eskola-maisua graduarekin atera zen. 1912ko udan Esenin Moskura joan zen, garai batean harategian egin zuen lan, aita morroi lanean zegoen leku berean. Aitarekin eztabaida sutsua izan ostean denda hura utzi zuen, argitaletxe batean sartu zen, gero Sytinen tipografian; garai honetan langileen aldeko iraultzaz zaletu zen eta polizia haren atzetik zebilkion. Honekin batera (1913-15) Eseninek Shaniavki Unibertsitateko historia eta filosofia sailean ikasten du.
Estreinaldi literarioa. Arrakasta
Haurtzaroan osatu zituen olerkiekin (orokorrean A. Koltsov, I. Nikitin, S. Drojjinen estilokoak) Eseninek kideak biltzen ditu “Surikoven literatura eta musika elkartean”, 1912. urtean sartu zen olerkizaleen talde honetan. 1914an Moskuko umeentzako aldizkarietan argitaratzen dizkiote lehen poemak (estreinaldiko olerkia “Urkia” izan zen).
1915eko udaberrian Esenin Petrogradora doa (geroago Leningrado, egun San Petersburg), bertan ezagutu zituen Alexander Blok, S. Gorodetski, A. Remizov, N. Gumilev eta beste, N. Klueven lagun mina bihurtzen da eta honek eragin handia egin zion. Elkarrekiko ekitaldiek, poemak eta kopla herrikoiak nahasirik, arrakasta handia izan zuten. “Nekazari” moduan eta estilo “herrikoian” agertzen ziren eszenatokian. Esenin ikusleen aurrean, errubio kizkurduna, alkandora zakar batez eta ahuntz-larruko bota altuekin ateratzen zen.
Soldaduska
1916ko lehen erdian zerbitzu militarra betetzera deitzen dute, baina adiskideen laguntza dela medio (“berorren gorentasunaren erabakiz”) erizain postua ematen diote armadako 143. Tsarskoselski tren-ospitalean; honi esker etenik gabe jarrai dezake literatur elkarteetan parte hartzen, mezenasen harreretan eta kontzertuetan. Lanean ari zen gaixotegian antolatu zen kontzertu batean (Enperatriza eta Printzesen erruki-erizainak ere hortxe zeuden) Tsarraren familia ezagutu zuen. Orduan, Kluevekin batera eszenara atera zen, antzinako errusiar jantziekin, Vasnetsoven diseinuarekin eginak. Horren ostean Tsarskoe Selo herrira eta Moskura ere gonbidatzen dituzte, Elizabet dukesa handiarengana.
1916ko maiatzean, errege-erreginarekin batera, tren-ospitaleko erizain moduan, Evpatoriara (Itsaso Beltza) doa. Hura izan zen Nikolas IIa Krimeara joan zen azken aldia.
“Radunitsa” (Domu Santu eguna)
Kritikak adore handiz hartu zuen Eseninen lehen poema bilduma, “Radunitsa” (1916). Bertan korronte freskoa aurkitu zuten, gaztearen naturaltasuna azpimarratu zuten, egilearen jatorrizko gustua. “Radunitsaren” olerkietan eta geroko poema bildumetan (“Urdinxka”, “Itxuraldaketa”, “Orduen Liburua”, guztiak 1918koak eta beste) jadanik gauzatzen da Eseninen “antropomorfismo” berezia: animaliak, landareak, naturaren fenomenoak eta beste, gizaki bihurtzen dira poetaren esku, jendearekin bat egiten dute, sustraitzen dira, eta naturarekin bat eginez, mundua harmonikoa da, betea, ederra. Nekazarien jakindurian, sinbolismo paganoan eta estilistika folklorikoan jaiotzen dira Eseninen Errusiako naturaren koadro fin apainduak, dena tonu honetan: labea pizten da, txakurrak kukubilkatzen dira, belar moztu gabea eta aintzirak, segalarien harrabotsa eta abereen zurrunga poetaren sentimenduen jomuga onbera, ia erlijiosoa bihurtzen da (“Egunsenti gorriminean egiten dut otoitz, errekastoan garbitzen dut neure burua”).
Iraultza
1918ko hasieran Esenin Moskun dago. Adore handiz agurtzen du iraultza, zenbait poema labur sortzen ditu pil-pilean dagoen giro honetan, (“Jordaniako usoa”, “Inonia”, “Zeruko danbor-jolea”, guztiak 1918an, eta beste), alaitasunez beterik, bizitzan “aldaketa” sakona antzemanez. Olerkitxo hauetan jainkorik gabeko jarrera nahasten da jakinduria biblikoaz, gertaeren esanahia eta maila adierazte aldera. Esenin, errealitate berriari eta honen heroiak goratu nahian, garai berriarekin bat egiten saiatu zen (“Kantata”, 1919). Beranduago idatzi zituen honako hauek: “Martxa handiaren abestia”, 1924; “Lurreko kapitaina”, 1925, eta beste). “Nora eramaten gaitu gertaeren patuak” hausnarketa eginez, poetak historiari dei egiten dio (“Pugatxov” poema dramatikoa, 1921).
Imaginismoa
Irudigintza arloko ikerketek hurbildu arazi zuten Esenin A. Mariengof, V. Shershenevitx eta R. Ivnevengana. 1919ko hasieran imaginisten taldea osatu zuten; Esenin imaginisten “Pegasoren ukuilua” kafetegiko bazkide ohia bihurtzen da, Moskuko Nikitaren Atarian. Hala ere, poeta ez zetorren bat formari “edukiaren hautsa” kentzeko ahaleginarekin. Haren interes estetikoak maila herrikoi patriarkalari zegozkion, arima herrikoiaren sormenari, sustraiko forma artistikoari (“Mariaren giltzak” tratatua, 1919). 1921. urtean Eseninek inprentara bidaltzen ditu “Bufoiaren keinuak keinu hutsari esker”, “Kideak”, imaginisten kontrako kritikak. Astiro-astiro bere lirikatik ezabatzen ditu metafora korapilatsuak.
“Moskuko txiribogak”
20ko hamarkadaren hasieran, Eseninen olerkian agertzen da “ekaitzak pitzaturiko egunerokotasunaren” gaia (1920. urtean banandu zen Z. Reichekin, ia hiru urteko bizikidetzaren ondoren), edarian murgildu zen, tristura tarteak txandakatuz. Olerkaria lotsagabe, liskarzale, mozkor bihurtzen da, arimak odola dario, “saizulo batetik bestera” mugitzen da errenka, inguruan “zarama arrotz eta barrezalea” biltzen da (“Bilauaren aitormena”, 1921; “Moskuko txiribogak”, 1924, bildumetatik).
Isedora
Eseninen bizitzan gertaera garrantzitsua izan zen amerikar dantzaria ezagutu zuenean, Isedora Duncan (1921eko udazkenean); urte erdi baten buruan ezkondu ziren. Elkarrekin Europan zehar ibili ziren (Alemania, Belgika, Frantzia, Italia) eta Iparramerikan (1922ko maiatzetik 1923ko abuztura arte), etengabeko liskar sonatuekin, Isedora eta Eseninen ateraldiek harritzen zuten mundu guztia, elkarrenganako “ulertze” eza agerian uzten zuten, areago haien artean, literalki, hizkuntza komunik ez zegoenean (Eseninek errusieraz baino ez zuen hitz egiten, Isedorak zenbait hitz ikasi zituen, ez besterik). Errusiara itzuli zirenean banandu ziren. Isedora lau urte beranduago hil zen Nizan, auto istripu batean. Autotik atera zela, bufanda atean trabatu zitzaion eta autoaren abiadak itoarazi eta kolpatu zuen.
Azken urteetako poemak
Esenin pozik itzuli zen aberrira, barruan berriztatu zeneko sentimenduaz, “Sobiet Batasun handian… kantari eta hiritar izateko gogoaz”. Garai honetan (1923-25) sortzen ditu bere bertsorik onenak: “Urrezko basoak hitz egin du…” poema, “Amari gutuna”, “Orain poliki-poliki joango gara…”, “Pertsiako gaiak” zikloa, “Anna Snegina” olerkia eta beste.
Haren olerkian, lehen bezala, leku nagusia aberriaren gaiak betetzen du, orain kutsu dramatikoa bereganatzen duelarik. Eseninen Errusiako behin mundu harmonikoa izandakoa bikoizten da: “Errusia sobietarra”, “Desagertzera doan Errusia”. Jadanik “Berrogei eguneko dolua” (1920) poeman nabarmentzen zen gaia, berria eta zaharraren arteko lehia, (“Zurda gorriko moxala” eta “Burdinazko trenaren hatzaparretan”), azken urteetako bertsoetan garatzen eta bilakatzen da: bizitza berriaren elementuak finkatzen ditu, “harrizkoa eta altzairuzkoari” ongietorria ematen die, Esenin gero eta gehiago sentitzen da “urrezko enbordun txabolako” abeslari, haren olerkigintza “hemen jada ez dute maite” (“Errusia sobietarra”, “Herri sobietarra” bildumetatik, biak 1925ekoak). Emozioa nagusi den garai honetako olerkigintza udazkeneko paisaia bihurtzen da, ondorioak ateratzeko unea, agurra.
Amaiera tragikoa
Azkenetariko lana izan zen “Bilauen herrialdea” poema; bertan Eseninek larrutzen du botere sobietarra. Horren ostean haren kontrako kanpaina hasi zen egunkarietan; hordikeriaz, iskanbilaz eta abarrez salatzen zuten. Bizitzako azken bi urteak etengabeko hara-honako mugimenduan igaro zituen: epaitegien jazarpenetik ihesean hiru aldiz joan zen Kaukasora, hainbat aldiz Leningradora, zazpi aldiz Konstantinovora. Era berean, bizitza pertsonalari hasiera berria ematen saiatu zen, S. Tolstayarekin batera (Lev Tolstoiren loba), baina honek ere ez zuen amaiera onik izan.
1925eko azaroaren amaieran, atxiloketaren mehatxupean, zoroetxe batean sartu zuten. Sofia Tolstayak P. Gannushkin katedratikoarekin hitzartu zuen poeta Moskuko Unibertsitateko klinika pribatuan sartuko zutela, gela propioan, hortxe Eseninek literatur lanak sortzen jarraitzeko aukera izan zezan.
GPU (gero KGB izango zena) eta poliziako kideek leku guztietan arakatu zuten alferrik; ezin zuten poeta aurkitu. Klinikan sartu zutela pertsona gutxik zekiten, baina norbaitek salatu zuen azkenean. Azaroaren 28an agente sekretuak oldarrean sartu ziren klinikako zuzendariaren bulegoan, P. Gannushkin, eta Esenin eman ziezaien exijitu zioten, baina honek ez zuen saldu bere herrikidea. Klinika zaintzapean jarri zuten. Momentu egokia aprobetxatuz, Eseninek sendatze prozesua moztu zuen (klinikako bisitarien artean alde egin zuen) eta abenduaren 23an Leningradora joan zen.
Abenduaren 28ko gauean, “Angleterre” hoteleko gela batean, urkatuta agertzen da. Batzuen ustez, bere buruaz beste egin zuen. Beste bertsioen arabera, zerbitzu sekretuek erail zuten. Heriotza aurreko gauean agur poema idatzi zuen:
|
До свиданья, друг мой, до свиданья. Милый мой, ты у меня в груди. Предназначенное расставанье Обещает встречу впереди. До свиданья, друг мой, без руки, без слова, Не грусти и не печаль бровей, - |
Ikusi arte, lagun, ikusi arte. Adixkide, nire bihotzean zaude. Agindutako aldentzeak etorkizuneko elkartzea dakar. Ikusi arte, lagun, eskurik gabe, hitzik gabe, ez izan triste, ez jaitsi bekainak, bizitza honetan heriotza ez da gauza berria, bizitzea, jakina, ez da berriagoa. |
Eseninek poema hau eman zion Leningradoko lagun bati, Wolf Erlich poetari. Haren oroimenean hala izan zen: «Esenin mahairantz makurtu zen, koadernotik orri bat kendu zuen, urrutitik erakutsi zidan: poema bat zen. Zera esan zuen, orria lau aldiz tolestuta eta nire jakako sakelan jarrita: “Zuretzat”. Ustinovak (Erlich-en neska-laguna) irakurri nahi izan zuen. “Ez, itxoin, bakarrik zaudenean, orduan irakurri…” Agur esan genion elkarri. Nevski kaletik itzuli nintzen berriro, paper-zorroa ahaztu nuen eta. Esenin mahaian zegoen, lasai, pijamarik gabe, soingainekoa gainean jarrita, poema zaharrak irakurtzen ari zen. Mahaian karpeta bat zabalik zeukan. Bigarren aldiz esan genion agur ».
Hau izan zen Esenin bizirik ikusi zuten azken aldia. Hurrengo goizean gorpua zintzilik aurkituko zuten; 1925eko abenduaren 28a zen, gurean “inozenteen eguna”, Errusian egun arrunta.
Eseninen poesia ez zen arrunta, hain egiazko gertatzen zen eta. Gorkik idatzi zuen bezala, “Sergei Esenin ez da gizona, organoa baizik, naturak poesiarako bereziki sortua”. Urriko iraultzak Esenini indar berebizikoa eman zion. Iraultzarik gabe Esenin izango zatekeen “zelaietako tristuraren” abeslari hutsa; haren albokak ez zukeen hain ozen eta hain argi joko. Eseninek, bere poemetan udaberriko askatasunaren alaitasuna, etorkizunerako haustura adierazten zituen, garai aldaketaren kolpatze tragikoa. Bere poemetan kontrajartzen ziren indar etsaiak, askok atzera erakartzen zuen, “Egurrezko Errusiarantz”, antzinako patriarka-arorantz (“Herriko azken poeta naiz”), baina poetaren lerro nagusiak, zekarren zamari jaramonik eginez, herriaren esperantzari begiratzen zion. “Harri eta altzairuaren bidez ikusten dut nik herriaren indarra”, –esan zuen gizonak 1925eko poemarik sendoenetako batean. Eseninen orrialderik onenek argi islatzen dute errusiar gizakiaren arimaren edertasuna. Lirikotasun fina, errusiar ikuspegiaren aztia, herriko koloreak, soinuak eta usainak jasotzeko zentzumen zorrotza, Esenin poeta handi, ausart eta borobila zen. Haren ahapaldi mota berriak, freskoak, beti dira benetako aurkikuntza artistikoa. Eseninen ideala Pushkin poeta handiaren erraztasun eta gardentasuna zen, eta ideal hau ez zuen abandonatu biziaren azken urteetara arte.
Eseninek iraultzari kantatu zion, baina batzuetan ez zuen ulertzen “nora garamatzan patuaren gertakizunak”. Hala, Eseninen poemek ez dirudite lumaz idatziak, Errusiako naturak berak belarrira diktatuak baizik. Poemak, folklorean iradokiak, folklore bihurtzen ziren pixkanaka. Bere burua errusiar lurraren puskatzat zeukan, “zuhaitzak hosto ilunak askatzen dituen bezala, honelaxe askatzen ditut nik hitz ilunak”. Sorterriko lurrarekiko sentimendua izardun unibertso mugagabearekiko erakarpen bihurtu zen, “txakurraren begiak saltoka ari ziren urrezko izarretatik elurrera”.
1925eko abenduaren 31n Moskuko Vagankovoko hilerrian lurperatu zuten.
| Сергей Есенин | Sergei Esenin | ||
| Исповедь хулигана | Bilauaren aitorpena | ||
|
Не каждый умеет петь, Не каждому дано яблоком Падать к чужим ногам. Сие есть самая великая исповедь, Я нарочно иду нечесаным, Так хорошо тогда мне вспоминать Бедные, бедные крестьяне! Но живет в нем задор прежней вправки Я люблю родину. А ты, любимый, Я все такой же. Спокойной ночи! Синий свет, свет такой синий! Я хочу быть желтым парусом |
Edozeinek ez daki abesten, edozeini ez dagokio sagar moduan beste baten hanketan erortzea. Horixe da bilauak egin lezakeen Apropos noa orraztu gabe, Orduan hain gustura gogoratzen dut, Nekazari gaixoak! Baina berean bizirik dago herriko ume bihurriaren lehengo adorea. Aberria maite dut. Eta zu, txakur maitea, Ni berbera naiz. Gabon! Argi urdina, argi hain urdina! Bela horia izan nahi dut |
||
| Поэт | Poeta | ||
|
Он бледен. Мыслит страшный путь. В его душе живут виденья. Ударом жизни вбита грудь, А щеки выпили сомненья. Клоками сбиты волоса, Сидит он в тесном чердаке, Он пишет песню грустных дум, 1910-1912 |
Zurbil dago. Bide izugarriaz hausnartzen ari da. Bere ariman irudipenak bizi dira. Bularra astinduta dago bizitzaren kolpeaz. Eta masailak edan dituzte zalantzek. Ilea xerlotan bilduta, Ganbara estuan dago, Pentsamendu ilunen kantua idazten du, 1910-1912 |
||
| X x x | X x x | ||
|
Скупались звезды в невидимом бреде. Жутко и страшно проснувшейся бредне. Пьяно кружуся я в роще помятой, Хочется звезды рукою помяти. Блестятся гусли веселого лада, В озере пенистом моется лада. Груди упруги, как сочные дули, Ластится к вихрям, чтоб в кости ей дули. Тает как радуга, зорька вечерня, С тихою радостью в сердце вечерня. 1916 |
Izarrak bainatu ziren sukar-amets ezkutuan. Sukar-ametsean krudel eta beldurrez esnatuta. Mozkor biraka ari naiz baso zimurtuan, izarrak eskuz zimurtu nahi ditut. Akorde alaidun gusliek egiten dute distira. Akordeak bustitzen dira aintzira apartsuan. Bular malguek, eguzkiak bezala jotzen zuten, zirimola ferekatzen zuten, hezurretan jo zezan. Ortzadarra bezala urtzen da arratsaldeko argia, arratsaldeko bihotzaren pozgarri isila. 1916 |
||
| X x x | X x x | ||
|
Вот уж вечер. Роса Блестит на крапиве. Я стою у дороги, Прислонившись к иве. От луны свет большой Хорошо и тепло, И вдали за рекой, 1910 |
Hona hemen arratsa. Ihintzak Distira egiten du asunean. Bide ertzean nago zutik, zumerantz makurtuta. Ilargitik argi handia dator Gustura eta epel, Eta urrutian, errekaren bestaldean, 1910 |
||
| X x x | X x x | ||
|
Поет зима - аукает, Мохнатый лес баюкает Стозвоном сосняка. Кругом с тоской глубокою Плывут в страну далекую Седые облака. А по двору метелица Озябли пташки малые, И дремлют пташки нежные 1910 |
Neguak abesten, ulu egiten du, Baso iletsua kulunkatzen da pinudiaren hotsaz. Biraka tristura sakonean urrutiko herrialdera hegan egiten dute laino urdinek. Eta patioan elur ekaitza Txoritxoak hotzak daude, Eta txoritxo goxoak lo-kuluxkan daude 1910 |
||
| Поэтам грузии | Georgiako poetei | ||
|
Поэты Грузии! Я ныне вспомнил вас. Приятный вечер вам, Хороший, добрый час! Товарищи по чувствам, Я — северный ваш друг И потому в чужой Века всё смелют, Он скажет: Свидетельствует Самодержавный 1924 |
Georgiako poetok! Oraintxe gogoratu zaituztet. Arratsalde on, Uneoro on! Bihozkideak, Iparraldeko zuen laguna naiz Eta horregatik arrotza natzaio Mendeak ehotzen dira, Esango du: Gauzen izaera Errusiar potentzia 1924 |




