Hemen zaude:
 » 
 » 
«Gaztelania xede IV» - 2012

«Gaztelania xede IV» - 2012

2009ko, 2010eko eta 2011ko saioak oinarri hartuz, «Gaztelania xede IV» mintegia egin dugu aurten ere, uztailaren 3an eta 4an, Bilboko Euskara Etxean. Zortzi orduko mintegia izan da, launa orduko bi saiotan banatua: astearte arratsaldean lau ordu, eta beste lau asteazken arratsaldean. Hamabost lagunek parte hartu dute mintegian.

Idoia Santamaría irakasleak lau testu prestatu zituen, eta aurrez bidali zitzaizkien ikasleei euskaratik gaztelaniara itzultzeko: Berriako erreportaje bat, Anjel Lertxundiren «Hitz beste» ataleko zutabetxo bat, Rafael Moneo arkitektoari buruzko testu labur bat eta Elhuyar aldizkariko iritzi-zutabe bat. Ahal izanez gero itzulpen horiek aurrez bidaltzeko gonbita egin zitzaien ikasleei, irakasleak itzulpenak aurrez gainbegiratzeko eta haien inguruko iruzkinak prestatzeko aukera izan zezan. Ikasleak fin-fin aritu ziren, eta gogotik egin zuten lan ikastaroaren aurretik testuak itzultzeko.

Ikastaroan, jatorrizko testua ozen irakurri ondoren, ikasleek egindako itzulpenak aztertuz joan ginen, paragrafoz paragrafo, testuz testu. Horiekin batera, irakasleak atalka jasotako adibideak xehatuz joan ginen, eta gai ugari izan genituen hizpide; besteak beste: euskal toponimoen erabilera gaztelaniazko testuetan, genero-kontuak, puntuazioaren gorabeherak, ordena eta kohesioa, kolokazioak, lokailuen erabilera, erregistro-arazoak, jatorrizkotik hurbilegi edo urrunegi emandako itzulpenak, itzulpen desegokiak, aditz huts batzuen erabilera gehiegizkoa eta ortotipografia-kontu batzuk (komatxoak, zenbakiak eta ikurrak...).

Bestalde, zuzenketa-saiotxo bat ere egin genuen, eta El País egunkaritik hartutako testu batean zeuden akatsak aztertu genituen: letra larrien eta xeheen erabilera, aditz batzuek behar dituzten preposizioak, tartekien puntuazioa, zenbakiak nola idatzi, tildea noiz, aurrizkiak nola idatzi, data nola adierazi...

Halaber, azken bizpahiru urteetan izan diren berrikuntza bibliografiko nagusiak errepasatu genituen (RAEk argitaratutako gramatika eta ortografia berriak, Leonardo Gómez Torregoren Las normas académicas: últimos cambios eta José Martínez de Sousaren Manual de estilo de la lengua espańola lanaren 4. edizio eguneratua), bai eta RAEren argitalpen berri horiek zenbait erabakitan izan duten eragina ikusi ere.