Hemen zaude:
 » 
 » 
Euskal Liburuaren Gaua, dabilen elea saria - 2011

Euskal Liburuaren Gaua, dabilen elea saria - 2011

Euskal liburugintzak bide luzea eta oparoa egin du azken urteotan, eta ez dira gutxi lortutako emaitzak. Egindakoaren guztiaren erakusle dira gaiari buruzko liburu eta azterlan ugariak, baina oraingoan lana eskertu eta goraipatzera gatoz; asmo horrekin sortu baitziren Euskal Liburuaren Gaua eta dabilen elea saria.

Liburugintzaren bidean, euskarazko liburuaren —hau da, euskaraz sortu, ekoiztu eta irakurtzearen— aldeko ekimen bat mamitu nahi izan dugu, gure kultur industriak euskal gizarte eleanitzaren garapenari egiten dion ekarpena agerian jarri eta ikusarazteko. Euskal liburugintzaren eragile esanguratsuenetakoak garen bost elkartek antolatzen dugu ekimen hori urtero: EEEk (Euskal Editoreen Elkarteak), EIEk (Euskal Idazleen Elkarteak), APIE-EIEP (Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak), EIZIEk (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarteak) eta Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura Elkarteak. Elkarte horiek guztiek, bakoitzak bere esparru eta aukeren arabera, lan eta saiakera handiak egiten dituzte euskal gizarte osoari liburugintzan egiten den lanaren berri emateko. Bestalde, guztiok biltzen gaituenez euskarazko liburuak, lan horretan eragile garen elkarte eta erakundeok elkarlanean jardutea ezinbesteko ikusten dugu.

Lan hori guztia ezagutarazi, eta, bide batez, elkarlana goraipatu nahi da. Hori gogoan, ospakizun kutsu nabarmena izan nahi duen ekitaldia antolatu dugu laugarren urtez: Euskal Liburuaren Gaua. Horretarako, Kutxaren babesa eta Donostia Kultura eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan dugu.

dabilen elea saria

Ekitaldiaren osagai nagusia da dabilen elea saria ematea. Izan ere, euskal liburugintzan egindako ibilbide jakin bati egin nahi zaio errekonozimendu publikoa sari honen bidez.


Aurten, Mariasun Landa idazlea saritu dugu elkarteok, aho batez saritu ere. Izan ere, berritzailea izan da Mariasun Landa haur eta gazte literaturaren arloan; oparoa liburuak idazten; hizkuntza askotara itzulia; jende askok irakurria; sari askoren irabazlea eta beste zenbaiten hautagaia; irakurzaletasunaren sustatzaile nekaezina…

Sariaren oroigarria Juan Azpeitiaren H pieza da.

Duela hiru urte eskaini zen lehen aldiz dabilen elea saria: Antton Olariagak (2008), Joan Mari Torrealdaik (2009) eta Itxaropena argitaletxeak (2010) jaso dute saria hurrenez hurren.

Ekitaldia

2011ko azaroaren 10ean egin da ekitaldia, Donostiako Victoria Eugenia Club aretoan. Bai bertaratuen esanetan, bai sarituarenean, ederra eta hunkigarria izan da. Idoia Nobleren gidaritzapean eta Joxan Goikoetxearen musika lagun, Aitziber Alonso Galtzagorri elkarteko lehendakariaren agur-hitz ederrak jaso ditugu; Mariasun Landaren ezagun eta lankideak beraren testuak irakurtzen ikusi ditugu oholtza gainean; harentzako opari gisa eginiko bideo samur bezain alaia ikusiz gozatu dugu; iazko saritu Pello Unzurrunzagari aurtengoari saria ematen lagundu diogu; eta liburuaren inguruan dihardugunok elkarren ondoan egoteko parada izan dugu amaieran, hitz eta pitz, mokadu goxo bat dastatuz.

Bideoa Hitzen Uberan web orrian argitaraturiko erreportajekoa da.

Gonbidatuak

Euskal liburugintzaren sektorean diharduen lagun asko izan dira ekitaldian: editoreak, idazleak, itzultzaileak, irudigileak, literatur adituak eta kritikariak, ipuin-kontalariak, banatzaileak, inprimatzaileak, liburu-dendariak eta bibliotekariak. Irakurleak ahaztu gabe, noski. Halaber, Euskal liburugintzari lotutako erakundeen eta erakunde publikoen ordezkariak ere hurbildu dira aretora.


Argazkiak

Hemeroteka