Hemen zaude:
 » 
 » 
«Testu-zuzentzea» mintegi praktikoa - 2010

«Testu-zuzentzea» mintegi praktikoa - 2010

Aurten bigarrenez, testu-zuzentzeari buruzko mintegia antolatu du EIZIEk. Urtarrileko saioetan ez bezala, oraingoan mintegia zinez praktikoa izan da, Fernando Rey, Juan Garzia eta Patxi Petrirena irakasleen gidaritzapean.

Ahalik eta jende gehienari leku egiteko, bi talde osatu ziren. Hala, urriaren 18an, hamabost elkartekide bildu ziren Egiako kultura-etxean, eta, urriaren 19an, beste horrenbeste lagun elkartu ziren, IZOrekin batera antolaturiko saioan, IVAPen Donostiako egoitzan.

Mintegiaren helburu nagusia testu zuzentzailearen eguneroko lanera hurbiltzea zen, eta, horretarako, iritzi-trukean oinarrituriko saio bana eman zuten arlo desberdinetako hiru profesionalek:

Fernando Reyk eman zion hasiera mintegiari, literatur itzulpenen zuzenketa hizpide harturik. Roald Dhal-en Etxezaina ipuinaren itzulpena oinarri hartuta, testua zuzentzerakoan kontuan hartu beharreko ohar orokor batzuk azaldu zituen sarrera moduan, eta gero testua zuzentzeari ekin zion taldeak.

Zuzenketak egiterakoan erabiltzen duen metodologiaren berri ere eman zuen, bai eta zein zuzenketa-maila bereizten dituen adierazi ere.

Juan Garziaren txanda izan zen hurrena, eta kohesioari buruz jardun zuen bereziki, zientzia dibulgazioko itzulpen bat oinarri hartuta. Honela aurkeztu zuen Juanek gaia:

KOHESIOA GAKO

Hitzari misterio-kutsua kendu: elkarrekin behar duena elkarrekin joatea eta elkarrekin behar ez duena elkarrekin ez joatea da, ezer bada, kohesioa. Hiru aurpegi ditu: osagai nagusien hurrenkera, osagaien artean tartekaturiko elementuak eta puntuazioa.

Patxi Petrirenaren eskutik landu zen hirugarren saioa. Testu-liburuetako bi pasarte hautatu zituen mintegian lantzeko: geologiako bat eta pedagogiako bat. Unibertsitaterakoa lehena, lanbide-heziketarakoa bigarrena, gaztelaniatik itzuliak biak. Berak egindako zuzenketak komentatu, eta parte-hartzaileen artean eztabaidatu ziren.

Praktikoa izan zen, oro har, parte-hartzaileak pozik agertu dira emaitzarekin, eta askok, gainera, ildo honetatik jarraitzeko gogoa adierazi dute.