Hemen zaude:
 » 
 » 
Zuzenketa lantegia- 2011

Zuzenketa lantegia- 2011

Testu-zuzenketari buruzko lantegi bat egin du EIZIEk maiatz-ekainetan, Donostian, 6 irakasle eta 36 ikasle zirela partaide. Hasiera batean 15-18 lagunentzat pentsatua zen lantegia, baina, askoz jende gehiagok eman zuenez izena, hemezortziko bi talde egin ziren, denei egoki erantzun nahian.

Sei aste iraun du lantegiak, eta astean 3 orduko lan-saio bat egin du talde bakoitzak irakaslearekin; saioa baino egun batzuk lehenago, hartan landuko ziren testuak jaso dituzte lantegikideek, eta beren kabuz aztertzeko aukera izan dute. Irakaslearen azalpenak bertatik bertara jasotzeko eta norberaren zalantzak argitzeko bide eman dute saioek.

Hauexek izan dira irakasleak: Xabier Mendiguren Elizegi (Elkarlanean argitaletxea), Fernando Rey (Nafarroako Aldizkari Ofiziala), Manu Arrasate (IVAP), Irene Arrarats (Berria), Juan Garzia (EHU, ZIO bilduma), Iņigo Roque (EHU). Landutako testuak, berriz, esparru eta funtzio askotakoak izan dira: literatura, administrazioa, prentsa, unibertsitateko testu-liburuak, ZIO bilduma, testu pragmatiko arruntak…




Lantegiaren emaitza pozgarria izan da. Berriz ere nabarmendu da hizkuntza-kalitatearen inguruko interesa eta irizpideak batera jartzeko premia. 2010ean ere gai berari buruzko bi lantegi egin zituen EIZIEk, urtarrilean eta urrian, eta aurrerantzean ere izango da besterik.