"...atzean itzultzailea dago" prentsa-artikuluak
ItzulBaita eta EIZIE itzulpengintzaren ikusgarritasuna bultzatzeko hainbat ekimen ari dira garatzen eta, horren harian, beharrezko iritzi diote egoera desberdinetan itzulpenak sortzen edo erabiltzen dituztenen ikuspegi eta pertzepzio askotarikoak gizarteratzeari, itzulpenak egun duen benetako presentziaz eta dimentsioaz ohartarazteko.
Lau artikulu argitaratu ditugu, Berria egunkarian (astean bat, lau aste jarraian) «...atzean itzultzailea dago» izenburupean. Lehena 2007ko azaroaren 13an atera zen, eta azkena abenduaren 4an.
Helburu orokorrak
- Gure gizarte hurbilean burutzen diren itzulpen praktika askotarikoen berri eman, horren garrantziaz ohartarazteko.
- Itzulpena, gaur egun, herritar guztioi dagokigun zerbait dela ohartarazi, itzultzaileei dagokien lan kontua baino askoz gehiago dela.
- Itzulpengintzaren errealitateaz jabetuta, aurreiritziak baztertu eta praktika hobeak bultzatu
Helburu espezifikoak
- Informazioaz haratago jo eta itzulpenarekiko bizipenen berri eman.
- Itzultzaileak (profesionalak) direnen eta ez direnen arteko «amildegiak» gainditu.
- Itzulpena sortu edo erabiltzen duten sektoreak itzulpengintzaren gaineko gogoetan inplikatu.
Artikuluak
Gizartean dauden itzulpen praktika askotarikoen ikuspegi zabala emateko asmoz, lagun hauei eskatu diegu artikulu bana idatz dezaten:
- Itzulpena gatazketan
Atzean itzultzailea dago (I)
Joseba Iriondo, Nazioarteko informazioa lantzen duen kazetaria.
Bereziki interesatzen zaigu kazetariak ez dakizkien hizkuntzetan mintzo diren gizarteetan jardun izana, hau da, tokian tokiko informazioa jasotzeko tarteko hizkuntzak erabili behar izatea eta gero informazioa beste hizkuntza batean (euskaraz) ematea.
- Itzulpena literaturan
Atzean itzultzailea dago (II)
Petra Elser, literatur itzultzailea.
Azken urteotan, apurka-apurka, ugaltzen joan dira euskaratik erdaretarako literatur itzulpenak eta interesgarria deritzogu ispiluaren bestaldeko horiei ahotsa ematea.
- Euskarazko filmen aldeko lanean tinko
Atzean itzultzailea dago (III)
Marian Galarraga, ikus-entzunezkoen munduan diharduen laguna.
Ikus-entzunezkoena gure gizartean eragin handian duen alorra delako interesatzen zaigu.
- Itzulpena zientzian
Atzean itzultzailea dago (eta IV)
Juantxo Agirre, zientzialaria.
Egia izan arren gaur egun zientzia alorrean ingelesa dela hizkuntza nagusia –ikerketan, adituen arteko komunikazioan…-, jakintza zientifikoa hainbat hizkuntzatan komunikatu behar da eta oso interesgarria da jakitea alor berezitu horietan hizkuntza kode batetik bestera pasatu beharrak zer suposatzen duen.
Jarduera honek CEDROren laguntza jaso du.
|