Ehun urte Andima Ibiñagabeitia jaio zenetik

2006 Otsaila 7
Ehun urte Andima Ibiñagabeitia jaio zenetik

Orain ehun urte jaio zen, Elantxoben (Bizkaia), 1906ko urtarrilak 26 zituela, Andima Ibiñagabeitia Idoiaga. Idazlea, itzultzailea, euskal letren sustatzaile nekaezina, lan eskerga egin zuen XX. mendeko garairik ilunenetan, euskararen aurrerabidea beti helburu.

Tuteran hasi zituen, jesuitekin, batxiler ikasketak. Hamabost urterekin, Loiolako santutegian. sartu zen. Filosofia ikasketak egin zituen gero, Oñan (Burgos). Kolonbian maisu aritu ondoren, Marneffe-ra (Belgika) bidali zuten Teologia eta Zuzenbide Kanonikoa ikastera. Han, 1935ean, ia ordenatzeraino iritsita zegoela, Jesusen Konpainia utzi zuen.

Ibilbide horretan, Loiolan eginiko bost urteak dira aipatzekoak, erabakigarriak izan baitziren Ibiñagabeitiaren euskaltzaletasuna errotzeko. Zailtasunak zailtasun, euskal taldetxo bat osatu zuten zenbait ikaslek, euskal akademiatxo bat, Elerti Bazkuna izendatu zutena; Andima Ibiñagabeitiarekin batera han ziren, besteak beste, Jokin Zaitegi, Lauaxeta, Plazido Mujika, Iñaki Goenaga ... Gogor ikasten zituzten klasiko greko eta latinoak; beren buruak euskaraz ondo prestatu eta haiek euskaratzeko asmo sendoa hartu zuten, bai eta hizkuntza modernoetako autore klasikoak euskarara ekartzekoa ere. Asmo horiei tinko eta irmo eutsi zien Ibiñagabeitiak, baita urte asko geroago ere, erbestean. Elantxobetarraren ahaleginen ondorio, hor ditugu Bergiliren Unai eta Alor-kantak (Bucolicon liber eta Georgicon libri), Ovidiusen Maita-bidea (Ars amandi), Lukrezioren Izadiaz (De rerum natura), Katuloren poemak, Jacinto Benaventeren Abere indarra (La Fuerza Bruta) eta Gaitzetsia (La Malquerida), Jokin Zaitegirekin batera itzuliak, Júlio Dantas portugaldarraren Kardenalen zauta (A ceia dos Cardeais); zientzia-gaiak ere itzuli zituen, zehaztasun nabarmenez gainera. Itzulpen horietako batzuk argitaratu gabe daude oraindik, Lazkaoko beneditarren etxean.

Andima Ibiñagabeitia, Orixerekin eta Jokin Zaitegirekin batera, ezinbesteko erreferentzia dugu gerra osteko urte zailetan. Euskara landu eta itzulpenen jatorrizko hizkuntzen parean jartzea izan zuten xede idazlariok, euskara kultura-hizkuntza zalu eta egoki bihurtzea. Eta, egia esatera, ez zituzten urrats makalak egin lantegi horretan.

Andima Ibiñagabeitia 1967ko azaroaren 2an hil zen erbestean, Caracasen. Jaio zenetik ehun urte bete diren honetan, merezi du haren lan zabala gogora ekartzea, eta haren itzulpen-lanei arreta gehixeago eskaintzea. Euskaltzaindiak ere -euskaltzain urgazlea izan zen-omenaldia egingo dio Elantxoben, maiatzaren 26an.

Andima Ibiñagabeitiari buruz gehiago jakin nahi izanez gero:

Andima Ibiñagabeitia
Oinarrizko bibliografia
Erbestetik barne-minez
Andimaren idazlan hautatuak