Fernando Reyk eta Lurdes Auzmendik irabazi dute Gasteiz itzulpen saria

2006 Azaroa 29
Fernando Reyk eta Lurdes Auzmendik irabazi dute Gasteiz itzulpen saria

Gasteizko Udalak jakitera eman ditu «Vitoria-Gasteiz» sariak, haur eta gazte literaturan euskarara egindako itzulpen onenei. Haur literaturan, Fernando Rey izan da saritua, La escola dos piratas liburuaren itzulpenagatik, eta gazte literaturan Lurdes Auzmendi, Storia di Iqbal liburuaren itzulpenagatik. Sariak azaroaren 30ean emango ditu Javier Maroto alkateordeak.

Haur literatura kategoriako lehen saria, 6.000 euroz hornitua, Fernando Reyk jasoko du, Agustín Fernández Paz galiziar idazlearen La escola dos piratas liburuaren itzulpenagatik (Piraten eskolan).

Epaimahaiak aintzat hartu du itzulpena, «egokitzapen eredugarria egiteaz gain, dotoretasun puntu batez hornitzen baitu» eta «adierazpenaren naturaltasuna nabarmentzen baitu, kontaera atsegin eta alaia lortu baitu».

Bigarren saria 3.000 euroz hornitua, Manu Lopez Gasenik jasoko du, Lewis Carroll-en The Nursey Alice liburuaren itzulpenagatik. Epaimahaiak osorik hartu du aintzat Manu Lopez Gaseniren lana (Alizia haurrentzat). Berariaz nabarmendu du liburuaren edizioa, gutxitan ikusten baita halakorik haur literaturaren itzulpen lanetan.

Gaztetxoen kategorian, lehen saria (baita ere 6.000 eurokoa) Lurdes Auzmendik jasoko du, Francesco D'Adamo italiar idazlearen Storia di Iqbal (Iqbalen historia) liburuaren itzulpenagatik. Epaimahaiak nahi izan du saritu «nabarmendu ezineko zerbait, hau da, Lurdes Auzmendiren lanak duen dohainik handiena: ez dela itzulpena denik nabaritzen». Epaimahaiaren esanetan, «testu atsegina da, aise eta gozamenaz irakurtzen dena, irakurlearentzat inolako nekerik gabe. Batetik, erabaki ausartak ditu lexiko arrunta erabiltzerakoan, eta, bestetik, jatorrizko testua ongi egokitua du euskararen sintaxiaren eta hurrenkeraren arabera».

Bigarren saria, 3.000 eurokoa, Iñaki Mendiguren itzultzaileak jasoko du, J. K. Rowling idazle ospetsuaren Harry Potter and the Order of the Phoenix liburumardularen itzulpenagatik (Harry Potter eta Fenixaren Ordena). Epaimahaiaren ustez, «itzultzaileak hizkera egokia erabili du, zaindua eta irakurterraza, euskarara ekartzerakoan testu arrakastatsu bat, irakurlearengana eragozpenik gabe iristen dena».

Lau saridunak EIZIEko kide dira.


Argazkiak: Zaldiero