Itzulpengintzaren Nazioarteko Eguna 2008

2008 Iraila 29
Itzulpengintzaren Nazioarteko Eguna 2008

Terminologia: hitzek axola dute 2008ko Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunaren kariaz, Itzultzaileen Nazioarteko Federazioak (International Federation of Translators-FIT) terminologia eta terminologoen lana hartu nahi ditu aintzat. Hizkuntzaren arloko profesional guztiek aitortzen dute terminologiaren eginkizun baitezpadakoa. Nola itzuli, interpretatu, idatzi edo lokalizatuko genuke ezer, ahalik eta eraginkortasunik handienaz, osagai behar-beharrezko eta oinarrizko horiek gabe, hitzik gabe, alegia, terminologiarik gabe?

Hitzak funts-funtsezkoak dira, bai, baina axola duten hitzak behar ditugu bereziki, aldez aurretik identifikatutako kontzeptu bat deskribatu eta jakintza-arlo bateko, espezialitate bateko, ingurune jakin bateko edo komunitate baten baitako komunikazioa argia eta eraginkorra izan dadin laguntzen duten hitzak. Hain zuzen ere, behin jarraibide eta gomendio batzuen arabera (hala nola ISO estandarrak) elkarrekin lotu ondoren, hizlarien arteko komunikazioak huts egitea eragozten duten eta munduan barrena diren sistema batzuek eta besteek elkarri eragitea sustatzen duten hitzak behar izaten ditugu. Orobat, egoerak hala eskatzen duenean beharrezkoa den pisua edo larritasuna beren gain hartzen duten hitzak. Estatuari, segurtasun publikoari, pandemiei edo hondamendi naturalei dagozkien kontuetan, esate baterako, funtsezkoa da komunikazio argia, dela hizkuntza bakarrean edo dela hainbat hizkuntzetan. Terminologia estandarizaturik gabe ezingo lirateke gauzatu horiek guztiak, izan ere, terminologiari esker hitz egin dezakegu ahots bakarrarekin.

UNESCOk eta Nazio Batuen Erakundeak Hizkuntzen Nazioarteko Eguna izendatu dute 2008. urtea, eta Estatu kideei eskatu diete susta, babes eta zain ditzatela pertsonek munduan zehar hitz egiten dituzten hizkuntzak. Babes horrek berekin dakar pertsona horiek erabiltzen dituzten hitzak aintzat hartu beharra, bai eta, bereziki, adituek giza jarduera guztietan finkatzen duten terminologia. Aditu horiek dira, hain zuzen ere, terminologoak.

«Herri baten berezko izaeraren lehenbiziko tresna hizkuntza da», nabarmentzen du UNESCOk bere adierazpenean, Stendhal-en aipua baliatuz. Hain zuzen ere, FITek tresna horixe sustatu nahi du, 2008ko Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunaren ardatz terminologia jarriz. Egun horretako leloa honako hau izango da: Terminologia: Axola duten hitzak, eta, horrela, ezinbestekoa izan arren oraindik ere ahaztu eta aintzat hartzen ez den lanbide hori nabarmendu nahi du, alegia, terminologia, zeina, hain zuzen, balio ekonomiko uka ezinezkoa izan arren, ezkutuan geratzen baita maiz. Lanbide hori unibertsitatean aintzat hartua izateko bidean da, eta jakintza-adar berezko gisa irakatsiko da azkenean, eskubide osoz.

FITek terminologoen lanari omenaldi egitera gonbidatzen zaitu, hizkuntzaren arloko profesional guztiek gogokoen dituzten punta-puntako lanabes teknolinguistiko, lexiko-bilduma, glosario eta terminologiako eta hizkuntzalaritzako datu-baseen sortzaile hauek ohoratzera; batez ere axola duten hitzen artisau diren hauek ohoratzera, alegia.

Itzultzaileak, interpreteak eta terminologoak biltzen dituzten elkarte profesionalen munduko federazioa da Itzultzaileen Nazioarteko Federazioa. 80 erakunde kide ditu 60 herrialde baino gehiagotan, eta 400.000 profesional baino gehiago ordezkatzen ditu.