Mikel Atxaga

2009 Apirila 2
Mikel Atxaga

Mikel Atxaga kazetari eta itzultzailea omendu zuen Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak, 2009ko apirilaren 1ean Donostian. Mikel Atxaga (Urnieta, 1932) ohorezko bazkide dugu 2002an izendatua, eta EIZIEren Itzulpen Antologia III haren itzulpen bat argitaratu genuen: Izurde urdinen uhartea .

Kazetaritzaren esparruan lan handia egin du Mikel Atxagak, Zeruko Argia aldizkarian, Deia egunkarian, eta azken boladan Kultura Sailaren Bidegileak bildumaren zuzendari izan da.

Sarien artean, Merezimenduzko Argia Saria jaso zuen 2009ko hasieran.

1960ko eta 70eko hamarkadetan itzulpengintzaren barrenak hobeki ulertzeko, Lurdes Auzmendik EIZIEren Itzulpen Antologia III liburukiaren aurkezpenean hitz hauek idatzi zituen:

«Beste itzultzaileak, hurrenkera alfabetikoak behartuta, ondorengoak dira: Joxe Agirre, Patxi Altuna, Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi», Dionisio Amundarain, Mikel Atxaga, Lukas Dorronsoro, Hiazinto Fernandorena, Xalbador Garmendia, Andoni Lekuona, Txomin Peillen, Juan Mari Lekuona, Jose Mari Satrustegi eta Jose Luis Zurutuza.

Izen gehienak oso ezagunak ditugu euskararen munduan, eta askotan lan alor nahiko desberdinetan jardundakoak badira ere, guztiek dituzte komunean zenbait ezaugarri. Esate baterako, bakoitza bere lan esparrutik euskararen aldeko langile etengabeak izan dira. Arantzazun 1968an euskara batuaren aldeko bidea hartu ondoren, orduan 40 urteren bueltan zebilen belaunaldiko antologia honetan biltzen ditugun guztiak igo ziren gurdi hartara, eta beraietako asko Euskaltzaindian bertan kargu pisuzkoak izatera ailegatu dira urteen joanean.

Bestetik, irakaskuntzan, komunikabideetan, itzultzaile lanpostuetan eta abarretan zeuzkaten lanetatik erretiratuta dauden arren, guztiek jarraitzen dute lanean, eta esan behar da askok itzultzaile lanetan dihardutela gaur oraindik. Baina badute guztiek ezaugarri bat euskararentzat eta zehazkiago euskal itzulpengintzarentzat ekarpen handia izan dena: 13 itzultzaile handi hauek benetako bidegileak izan ziren, eta hori garbi ikusten da landu dituzten itzulpen-alorrei erreparatu hutsarekin. Testu sakratuak itzuli zituzten, itzulpenaren teoria orokorra egiteko betidanik gehien aintzat hartu izan diren itzulpenak; antzerkia, baina antzerki garaikidea, antzerki soziala; poesia, bai idatzia eta baita abestua izateko kantu formakoa ere; gure baserritarrei prestakuntza probetxuzkorako aukera ederrak eman zizkien nekazaritzako testuak; saiakera, historia, hizkuntzalaritza, politika eta beste hainbat alorretakoa, eta abar.

Azken batean, euskara alor guztietara hedatzen hasteko orduan, erabilera soziala bermatuko bazen, alor gehienetan gure hizkuntzak behar zituen baliabideak lantzen, edo zeuden baliabideak behar berrietara egokitzen hasi zen belaunaldia da hau, horretarako erabili zuen tresnetako bat itzulpena izan zelarik. Kasuren batean testuak gazteleraz sortu ziren propio, ondoren euskarara itzuli eta argitaratzeko, jatorrizkoa ilunbeetan galdu zen bitartean. Izan ere hain ziren handiak egiteke zegoen lana eta nabaritzen ziren beharrak.»

Erreferentziak: