Ibon Uribarrik irabazi du "Jokin Zaitegi" itzulpen-lehiaketa

2010 Urtarrila 29
Ibon Uribarrik irabazi du "Jokin Zaitegi" itzulpen-lehiaketa

Ibon Uribarrik irabazi du Jokin Zaitegi itzulpen-lehiaketa, Arrasateko AED elkarteak eta Elkar argitaletxeak Kutxaren laguntzarekin antolatzen dutena (2002az geroztik) urtez urteko Literaturako Nobel saridunaren obra bat euskaratzeko. Uribarrik, beraz, Herta Müller idazle errumaniar-alemanaren obra bat euskaratuko du aurten; azken eleberria, hain zuzen ere: Atemschaukel (Arnasaren kulunka).

Lehiaketara aurkeztu diren hamabost lanetatik, Uribarrirena aukeratu dute aho batez Joxe Austin Arrieta, Joxe Mari Berasategi eta Irati Marañon epaimahaikideek. Nabarmendu dutenez, lehiaketara aurkeztu diren hamabost itzulpenak alemanezko jatorrizko bertsiotik egin dira, eta urteotan itzulpengintzan egindako aurrerapenaren adierazgarri da hori.

Ibon Uribarri Zenekorta (Zarautz, 1967) Filosofiako doktorea da eta Itzulpengintzako irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatean. Filosofiako hainbat lan itzuli ditu, hala nola Kant-en Arrazoimen hutsaren kritika (Klasikoak, 1995) eta Hegel-en Gogoaren fenomenologia (Klasikoak, 2005). Bestalde, zenbait literatura-lan euskaratu ditu japonieratik, hala nola Yasunari Kawabataren Loti ederrak (Alberdania -Elkar, 2006) eta Haruki Murakamiren Gauaren sakonean (Erein, 2009).

Jokin Zaitegi lehiaketaren bitartez, honako obra hauek itzuli dira, azkenekotik aurrera hasita: J.M.G. Le Clézio-ren Basamortua (Luis Berrizbeitia, 2009), Doris Lessing-en Belarra kantari (Koro Navarro, 2008), Orhan Pamuk-en Elurra (Monika Etxebarria eta Fernando Rey, 2007), Harold Pinter-en Maitalea eta beste antzerki-lan batzuk (Iñigo Errasti, 2006), J.M. Coetzee-ren Lotsaizuna (Oskar Arana, 2004) eta Imre Kertesz-en Zoririk ez (Urtzi Urrutikoetxea, 2003). Saria hutsik gelditu zen 2005ean, eta, beraz, ez zen euskaratu 2004ko Nobel saridun Elfriede Jelinek-en obrarik.