Euskal Liburuaren Gaua: Xabier Olarra itzultzaileak jasoko du 'dabilen elea' saria

2013 Abendua 16
Euskal Liburuaren Gaua: Xabier Olarra itzultzaileak jasoko du 'dabilen elea' saria

Euskal Liburuaren Gaua euskal liburugintzaren inguruko bost elkartek antolatzen dute: Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Euskal Idazleen Elkartea (EIE), Euskal Irudigileen Elkarte Profesionala (APIE-EIEP), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE) eta Galtzagorri, Haur eta Gazte Literaturaren Elkartea . Urtero bezala, dabilen elea saria emango da ospakizun gau honetan, liburugintzaren alorrean ibilbide jakin bati egiten zaion errekonozimendu gisa. Aurten, Xabier Olarra itzultzaile eta editoreak jasoko du saria. Ekitaldia abenduaren 19an izango da, 19:00etatik aurrera, Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan .

Euskal Liburuaren Gaua urtero egin izan da 2008. urteaz geroztik, bi helburu nagusirekin: euskal liburugintzaren sektorea gizarteratzea eta ikusaraztea, kultur industriak euskal gizarte eleanitzaren garapenari egiten dion ekarpena agerian jarriz, eta sektore horretan parte hartzen duten eragileen bilgune eta topaleku izatea: argitaratzaileak, idazleak, irudigileak, itzultzaileak…

Aurtengo ekitaldia

Aurten, Euskal Liburuaren Gaua abenduaren 19an izango da, 19:00etan, Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan. Idoia Noble itzultzaile eta interpreteak gidatuko du ekitaldia eta Joxean Goikoetxeak jantziko du musikaz.

Seigarren edizio honetan, EHUko Mikel Laboa Katedra, DSS2016 Fundazioa eta Donostia Kultura (Donostiako Udalaren Kultura departamentua) izan dituzte laguntzaile bost elkarte antolatzaileek.

Ekitaldiaren baitan, Mikel Laboa Katedraren proiektu baten aurrerakina eskainiko da. Izan ere, Mikel Laboa Katedrak Shakespeareren Sonetoak liburuan eta CDan argitaratzeko asmoa du datorren urtean, eta aukera horretaz baliatzea pentsatu dute antolatzaileek, ikusirik egitasmo horrek bete-betean egiten duela bat Euskal Liburuaren Gaua ekitaldiaren zentzuarekin. Izan ere, ondorengo deskribapenean ageri denez, liburugintzaren inguruko proiektua da, eta sektore horretako eta, oro har, euskal kulturako hainbat eragile bilduko ditu, ekinbide kolektibo bihurturik.

Juan Garzia da Sonetoen euskaratzailea, 1995eko edizioa osatu eta hobeturik; Joxean Goikoetxeak musikaz eta Koldobika Jauregik irudiz hornituko dute argitalpena; eta ehundik gora lagunen ahotsetan grabatuko dira Sonetoak CD batean. Egitasmo kolektiboa, inondik ere, euskal kulturaren eremuan dabiltzan hainbat itzultzaile, idazle, aktore, kazetari, irakasle… biltzen dituena; era, joera eta kolore askotako jendeak hartuko du parte.

Euskal Liburuaren Gaua ekitaldian, proiektu horren lagin bat eskainiko da. "Shakespeareren soneto musikatuak - Zeru horren infernuak" jarri zaio izena, eta honako hauek hartuko dute parte: Joxean Goikoetxea, Olatz Prat, Petti, Josune Marin eta Oriol Floresek.

dabilen elea saria

Aurten, Xabier Olarra Lizaso itzultzaile eta argiratzailea izan da saritua, eta, besteak beste, berarentzat bereziki egindako oroigarria jasoko du Aitziber Alonso ilustratzailearen eskutik.

1983an itzuli zuen bere lehen lana Olarrak, eta harrezkeroztik hainbat eta hainbat lan euskaratu ditu. Bere itzulpenetako zenbait dira: Antropologo bat Marten (Oliver Sacks); Postariak bi aldiz deitzen du beti eta Iruzurgilea (James M. Cain); Azken hitzordua (Sandor Márai) eta Deabruaren Hiztegia (Ambrose Bierce). Aipatutakoez gain, beste hainbat autore ezagun ere itzuli ditu: hala nola Ernest Hemingway, Robert Louis Stevenson, Jack London, William Faulkner, Jim Thompson, Saumerset Maugham, Truman Capote eta Madox Ford.

Raymond Queneauren Estilo-ariketak liburuaren itzulpenari esker jaso zuen 2006an Euskadi Saria, eta 2012an ere sari bera jaso zuen, Arantzazu Royorekin batera, Alaa Al Aswaniren Jakobian eraikina lanaren itzulpenagatik.

Filosofia eta Letretan lizentziatua da (Filologia Erromanikoan, hain justu) eta, hainbat urtez euskarako eta euskal literaturako irakaslea izan ondoren, 1988tik 2010era bitartean Nafarroako Gobernuko itzultzaile izan zen. Itzultzaile gehienek ez bezala, Olarrak literatur itzulpengintzaren lubakiaren bi aldeak ezagutzen dituela esan daiteke: alde batetik, hogei urte egin ditu literatura itzultzen, bere kutuna duen genero beltzeko eleberriak batez ere; bestetik, editore lana zer den ere ondo ezagutzen du, 1989ko apirilean Joseba Urteagarekin eta Jose Manuel Gonzalezekin batera Igela argitaletxea osatu zuenetik.