NordaNor euskal itzulpengintzaren datu-basea sortu du EIZIEk

2014 Iraila 11
NordaNor euskal itzulpengintzaren datu-basea sortu du EIZIEk

Euskal itzulpengintzari buruzko informazioa bildu eta zabaltzeko asmoaren barruan, NordaNor Euskal itzulpengintzaren datu-basea sortu du EIZIEk, euskaratik eta euskarara eginiko itzulpengintza, interpretazioa eta zuzenketa kontuan harturik. Irailaren 16an aurkeztuko dugu jendaurrean, Koldo Mitxelena kulturunean, arratsaldeko 19:00etan.

Datu-basearen berezitasunak

Informazioa bi ardatz edo atal nagusiren inguruan antolaturik dago, "Itzultzaileak" eta "Itzulpenak", biak elkar loturik: itzulpenetatik abiatuta itzultzaileen datuetara jotzeko aukera ematen du, eta alderantziz.

Besteak beste, bilaketa hauek egin daitezke:

  • Hizkuntza jakin batetik (edo hizkuntza horretara) zer itzuli den
  • Urte tarte jakin batean zer (kopurua eta testu motak) itzuli den
  • Obren jatorrizko izenaren araberako bilaketak
  • Itzultzaile bakoitzak zer itzuli duen
  • Itzulitako obra bakoitzak izan dituen iruzkinak
  • …

Aurkezpenean, hain zuzen ere, proiektuaren nondik-norakoak –orain artekoak eta aurrera begirakoak–azalduko dizkigute EIZIEko kideek, eta, batez ere, datu-basean ibiltzen erakutsiko digute: zer eskaintzen duen, nola antolaturik dagoen...

Gonbidatuta zaudete guztiok aurkezpen-ekitaldira.