Iñigo Roquek irabazi du Itzulpenaren Euskadi Saria

2014 Urria 8
Iñigo Roquek irabazi du Itzulpenaren Euskadi Saria

Iñigo Roque Eguzkitzak irabazi du Euskarazko Literatura Itzulpenaren Euskadi Saria, António Lobo Antunes idazle portugaldarraren Gauzen ordena naturala liburuaren itzulpenagatik.

Epaimahaia Isabel Etxeberriaren zuzendaritzapean Bakartxo Arrizabalagak, Karlos del Olmok, Elizabete Manterolak eta Aingeru Epaltzak osatu dute. Saria Roqueri emateko arrazoi nagusia “jatorrizko testu bihurria, haren zailtasun formalak, itzultzaileak ederto gainditu izana” izan da: “Egilearen prosa bihurria euskarara nola ekarri duen merezimendu handiko lana da, oso modu pertsonalean egindakoa baita, hartu behar diren arrisku eta libertateak erabiliz”, epaimahaikideen hitzetan.

Literatura Unibertsala bilduman dago argitaraturik Gauzen ordena naturala, Erein eta Igela argitaletxeen elkarlanez.

Iaz ere finalista izan zen Iñigo Roque, Fernando Pessoa poetaren poemez osatutako Poemak pluralean antologia itzultzeagatik.