Ángel-Luis Pujante eta Juan Garzia: Shakespeareren bi itzultzaile solasean

2014 Azaroa 24
Ángel-Luis Pujante eta Juan Garzia: Shakespeareren bi itzultzaile solasean

Datorren ostegunean, hilak 27, solasaldi bat antolatu dugu "Shakespeareren Ametsa biziarazten" ekimenaren barruan. Ángel-Luis Pujante eta Juan Garzia itzultzaileak gonbidatu ditugu, Shakespeareren obrak itzultzen duten eskarmentuaren berri eman diezaguten. Batez ere, A Midsummer Night's Dream antzerki-lana izango dute hizpide ostegunekoan. Donostian izango da, Donostia 2016 gunean (Easo kalea), arratsaldeko 19:00etan.

Pujante Ingeles Literaturako irakasle da Murtziako Unibertsitatean 1981. urteaz geroztik, eta Shakespeareren lan guztiak jarri ditu gaztelaniaz (Sari Nazionala jaso zuen 1998an La Tempestad obraren itzulpenarengatik). Orobat, Shakespeareren harrerari buruzko ikerketa-proiektu baten zuzendari izan zen zortzi urtez.

Garziak ere Shakespearen hainbat lan ekarri ditu euskarara: soneto guztiak, Hamlet, eta, berriki, Uda-gau bateko ametsa.

Ikus solasaldiari eta itzultzaileei buruzko informazio zehatzagoa.