You are here:
 » 
 » 
Espainiako itzulpen eta interpretaritzaren estatutu profesionala

Print

Data: 1993ko urtarrila

Espainiako itzulpen eta interpretaritzaren estatutu profesionala

Edozein profesiok garapen eta heldutasun-maila jakin bat lortzen duenean, garbi izaten ditu gizartean, beste lanbideen artean, bere tokia eta mugak. Profesio horretan ari direnek aski zehaztua izaten dute beren eginbeharra eskubide eta obligazio guztiekin bezeroen, Haziendaren eta baita iharduera desegokien bitartez, kode deontologikoa gutxietsiz, lanbidearen duintasun eta iraumena arriskuan jartzen dituztenen aurrean nola jokatu ere. Aipaturiko heldutasun eta kontzientzi puntura iristean, lanbidean ari diren kideen bilgune diren elkarteek beren estatutu profesionala finkatu eta idazteari ekin ohi diote, ondoren indarrean dagoen lege-markoaren barruan kolegio profesional bat eraturik, beren iharduerak bideratu eta arautzeko. Hauxe da Espainiako Estatuan joan den maiatzean burutu eta orain eskuetan dugun proiektuaren zentzua.

Bost elkarteren artean mamitu den dokumentu hau, aipaturiko lanbidean dabiltzan ahalik eta kide gehienen onarpena jaso ondoren, Parlamentuan onartua izan dadin aurkeztuko da, aurrerantzean dagokion indar ofizialaz horniturik, lanbideak behar dituen ekimenetarako pausu guztiak eman daitezen. Esan beharrik ez dago garrantzi handieneko urratsa ematen dela dokumentu hau Gorteetan aurkeztean eta etorkizunean itzulpenak eta interpretaritzak Espainiako Estatuan eta Autonomi Elkarte bakoitzean adin-nagusitasuna lortzen dutela, Europako beste zenbait herrialdetan bezala.

*****

Espainiako itzultzaile eta interpretarien Elkarte Profesionalak (APETI), berekin dituela Espainiako Hitzaldi-Interpretarien Elkartea (AICE), Galiziako Itzultzaileen Elkartea (ATG) eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkartea (EIZIE), eta Espainiako Hitzaldi-Interpretarien Nazioarteko Elkarteko kideen lankidetzarekin honako Estatutu Profesional hau aurkezten du:

Espainiako itzulpen eta interpretaritzaren estatutu profesionala

(1992ko ekainak 5)

Atarikoa:

Itzulpena eta interpretaritza ezinbesteko iharduerak dira gizakien arteko komunikazioan, eta munta eta garrantzi berria hartu dute gaurko munduan, nazioarteko komunikazioan eta harremanetan. Interpretaritza eta itzulpena munta handiko komunikabideak dira gaur egun munduan, eta ezinbestekoak dira informazio-trukeak behar bezala funtzionatuko badu eremu zientifiko, tekniko, ekonomiko, politiko, soziokultural eta militarrean.

Itzulpenak eta interpretaritzak hartu duten garrantzia dela eta, ezinbestekoa da legezko marko bat eratzea, bi iharduera profesionalok arautu eta babesteko; egon ere iharduerok Ekonomia eta Haziendako Ministraritzak aitorturik bait daude efektu fiskal eta zergazkoetarako.

Era berean, alde batetik Nazioarteko Lan Erakundeak (OITk) zehaztuta dauzka bi lanbide horien lan-perfilak, "International Standard Classification of Occupations"-en dokumentuaren epigrafe 1-95-30 eta 1-95-40koetan, eta bestetik, Nazio Batuen Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Erakundeak (UNESCO) itzultzaileen eta itzulpenen babes juridikoa eta itzultzaileen egoera hobetzeko bitarteko praktikak iragartzen ditu "Nairobiko gomendioa" bezala ezagutzen denaren bidez (1976ko azaroaren 30eko XIX. bilera).

Bestalde, 1987ko azaroaren 11ko Jabego Intelektualaren legea aipatu behar da, bertako agindu batzuk jatorrizko lanen itzulpen eta egokitzapenean, zuzenketan eta eguneratzeen egile eskubideak arautzen dituztelako (22/87 Legeko 11. art.). Azkenik azpimarratu behar da, Espainian badela titulazio unibertsitario bat Hizkuntzen Itzulpen/Interpretaritzakoa. Premia gorria bait dago itzultzaile eta interpretari profesiorako bidea ezeze, horien izendapen profesionala bera ere legez babesteko, premia horri erantzun egoki bat emateko asmotan dator estatutu profesionalaren proiektu hau.

I. Atalburua: Itzulpena

  1. ARTIKULUA:

Itzultzaile-lana izaera analitiko-sintetiko-kritikoa duen sormen-prozesu bat da, eta ezagutza espezializatuak eta komunikazioa elkartzen diren puntuan aurkitzen da.

  1. ARTIKULUA:

Itzulpengintzak honako iharduerok hartzen ditu bere barnean, zuzenean edo zeharka:

A) Zuzeneko iharduerak honakoak dira:

  1. Sorburu-hizkuntza batetik helburu-hizkuntza batera testuak itzultzea, forma, edukina eta estiloa ahalik eta gehiena mantenduz.
  2. Sorburu-hizkuntza batetik helburu-hizkuntza batera testuak itzultzea, formaz, edukinez eta estiloz zein talderentzat destinatuak dauden espezifikoki hartara moldatuz.
  3. Jatorrizko testuak eta itzulpenak berrikustea, hau da, linguistikaren ikuspuntutik birlantzea.

B) Zeharkako iharduerak honakoak dira:

  1. "Terminologia" espezifiko bat lantzea. Iharduera honen bidez hauxe da bilatzen dena:

    a) esamolde eta formulazio espezifikoak sailkatu eta prestatzea;
    b) hizberri espezializatuak finkatzekoan espezialistei aholku ematea.
    c) horrela finkatutako terminologia informatika-bidez lantzea;
    d) terminologia hau datu-bankuetan sartu, eguneratu eta modu ordenatuan (hiztegi-moduan) erabiltzeko moduan jartzea.
  2. Elaborazio "lexikografikoa".

Langintza honen bidez bilatzen dena da, lexikoak, indizeak, glosarioak eta abar landu eta birlantzea, dela metodo tradizionalen dela informatikoen bidez.

  1. ARTIKULUA:

"Itzultzailearen" kontsiderazio profesionala izango dute hartarako behar den titulua daukatenek edo beren gaitasun profesionala frogatu dutenek, gutxienez jarraian aipatzen diren baldintza hauek betetzen badituzte:

  1. Espainiako edo atzerriko unibertsitateren batek emanik, Itzulpengintzako goimailako tituluaren jabe izatea, konbalidazio edo homologazioari dagokionez indarrean dauden xedapenei jarraituz.
  2. Edozein nazioarteko organismoren itzultzaile-azterketa gainditurik edukitzea.
  3. Edozein organismo publiko edo pribatutan hitzaldi-interpretari edo itzultzaile bezala bakarrik, berrehun egun gutxienez aritu izatea.
  4. Gutxienez mila folioren parekoa den itzulpen-kopuru bat argitaraturik edukitzea, dela liburutan, dela aldizkari nahiz periodiko artikulutan edo pelikula-gidoitan; kasu bakoitzean behar den kreditapen dokumentala eta deklarazio zinpetua aurkeztuko dira.
  5. Iharduera Ekonomiko, Artistiko eta Profesionaletako Erroldan alta emanda egotea, dokumentu-bidez kreditatuz, gutxienez, mila folio itzuli dituela Administrazio Publiko edo enpresa pribatuarentzat.

II. Atalburua: Hitzaldi-Interpretaritza

  1. ARTIKULUA:

Hitzaldi-interpretaritza esanez ulertzen da, honako modalitateok bere barnean hartzen dituen ahozko itzulpena bakarrik:

A) Aldibereko interpretaritza:

  1. Interpretariak, kabina insonorizatu batetik, eta bilera-sala bistan duela, aldi berean, beste hizkuntza batera itzultzen du hizlariaren hitzaldia.
  2. Aurrekoaren mota berezi bat da "ahopeko interpretaritza", zeinaren bidez, interpretariak, bilera-tokian bertan itzultzen bait du ahapetik entzulearentzat hizlariaren mezua.

B) Esanosteko interpretaritza:

Interpretariak, bilera-tokian bertan, hizlariaren ondoren hartzen du hitza, horren mezua beste hizkuntza batera itzultzeko. Itzulpen-modu honetarako, oharrak hartzeko teknika berezi bat ere erabil dezake.

  1. ARTIKULUA:

Hitzaldi-interpretarien lana egingo da batipat, nazioarteko hitzaldi, kongresu eta bileretan, eta edozein eratako negoziazioetan.

  1. ARTIKULUA:

"Hitzaldi-interpretarien" kontsiderazio profesionala izango dute nazio barruko zein atzerriko unibertsitate bateko hitzaldi-interpretaritzako titulu goimailakoa, eta Espainiako agintariek onartua, daukatenek. Halaber, hitzaldi-interpretarien kontsiderazio profesionala izango dute lizentziatu unibertsitarioek edo balio-berdineko kultur maila eta esperientzia profesionala daukatenek, baldin eta gainera ondoko baldintza hauetakoren bat betetzen badute:

  1. Nazioarteko edozein organismotan hitzaldi-interpretaritzako funtzioak betetzeko onarpen-frogak gaindurik edukitzea.
  2. Nazioarteko edozein organismotan, hitzaldi-interpretaritzako funtzioak iraunkorki betetzen aritzea.
  3. Kontratu edo faktura bidez frogatzea hitzaldi-interpretari bezala lan egin dela, gutxienez, berrehun egunetan aldibereko eta/edo esanosteko interpretaritza egiten.

Tratamendu berezia izango dute, UNESCO-k emandako definizioaren arabera, hedadura mugatukoak diren hizkuntzek.

III. Atalburua: Zinpeko itzulpen eta interpretaritza

  1. ARTIKULUA:

Zinpeko interpretaria profesional bat da, hartarako azterketa gainditu ondoren, Kanpo-Arazoetako Ministraritzarengandik behar bezalako titulua eskuratu duena, zeinak gaitzen bait du profesioan Espainiako lurralde osoan aritzeko, hartarako onartu zaizkion hizkuntzetan.

  1. ARTIKULUA:

Zinpeko Interpretaria, bere tituluaren bertutez, itzulpenaren eta interpretaritzaren fedemaile publikoa da.

  1. Itzultzaile denez, zinpeko itzultzailea da itzulpenaren notarioa. Bera da legezko ondoriorik sortu behar duen edozein dokumentu egiaztatu behar duena.
  2. Interpretari denez, bera da auzitegien aurrean, notarioen aurrean, erregistroetan edo beste edozein erakundetan ihardun behar duena, haren interpretaritzak legezko ondoriorik sortu behar duenean.
  3. ARTIKULUA:

Naziozgaindiko komunitatearen barruan, Espainia ere barneko bait da, eleanitzeko auzirik denean, justiziaren lankide bat gehiago da interpretaria, abokatua edo epailea bezalaxe. Horren ondorioz, zinpeko interpretariak erantzun behar du bere jarduera judizialaren egiazkotasunaz eta zehaztasunaz.

IV. Atalburua: itzultzaile eta interpretarien obligazioak

  1. ARTIKULUA:
  2. Itzultzaile eta interpretariek, lana ematen dienaren zerbitzuan jarri behar dituzte beren ezagutza eta gaitasun profesionalak, eta berebat konpromisoa hartu behar dute haren legezko interesak babesteko.
  3. Itzultzaile eta interpretariek onartuko dituzten lanak izango dira, berek behar bezala bete ditzaketenak, kontuan edukiz bai profesioaren arauak eta bai bezeroaren interesak. Kontratu bat onartzeak esan nahi du, profesionalki garantizatzen dela hura.
  4. Itzultzaile eta interpretariek gorde egin behar dute sekretu profesionala, beren profesioaren ihardueran gomendatzen zaizkien testuei eta informazioari dagokienez, eta ezin erabiliko dituzte, norberaren edo beste inoren probetxutan, itzulpengintza edo interpretaritzaren bidez jakin izan duten egitate eta daturik. Sekretu profesionalaren gordebeharrak bizirik iraungo du kontratua iraungita gero ere.
  5. Itzultzaile eta interpretariek ez dute onartu behar norberaren lanbideari ospe txarra lekarkiokeen lanik, eta eskubide izango dute beren kontzientziaren kontra doazen lanak ezesteko.
  6. Itzultzaile eta interpretariek beren gain hartuko dituzte, beren profesioaren iharduera normaletik sor litezkeen erantzunbeharrak.
  7. Itzultzaile eta interpretariei, 1987ko azaroaren 11ko Jabego Intelektualaren legean aitortzen zaizkien eskubide guztiak dagozkie (E.A.O. 275. zbk., 1987ko azaroaren 17koa).

Madrilen, mila bederatzirehun eta larogeitamabiko ekainaren bostean.