| EUSKARAZ · ESPAÑOL · FRANÇAIS · ENGLISH | ||
![]() ![]() |
||
| Noticias Publicaciones Actividades Herramientas La asociación Catálogo Intranet | Mapa |
|
ESTÁ USTED AQUÍ: EIZIE » Publicaciones » Senez » Senez 16 (1995) » Itzulpena eta sorkuntza - Mikel Garmendia |
||||||
|
Data: setiembre del 1995 Itzulpena eta sorkuntza - Mikel GarmendiaArtikuluska honen helburua ez da inondik ere eztabaida teoriko baterako ekarpen edo iritzi-azalpen berririk egitea, baina bai gure eremu honetan, euskal itzulpengintzarenean, azken aldi honetan indar hartzen ari den joera jakin bati -bego, oraingoz, bere horretan, bataiatzeke- ikusten dizkiodan alderdi kezkagarri eta, nire ustez, arriskutsuen gainean aritzea baizik. Itzulinguru soberakoak alde batera utzirik, HAEE/IVAP erakundeak berriki plazaraturiko liburua, Hizkera Argiaren Bidetik izenekoa da aipatu kezken zio eta sorburu. Zehatzago esanda, liburu horren egileek itzulpengintzari eskaintzen dioten atala, eta horren barruan «Itzulpenak eta Egokitzapena» izenekoa da aditzera eman nahi ditudan kezken iturburua. Argi utzi nahi dut ezer baino lehen, ordea, atal konkretu horri zuzenduak direla nire kritikak eta ez liburu osoari, zeinari hizkuntz normalizaziorako aportazio arras interesgarri eta aurrerantzean alboraezinekoa irizten diodan. Aldez aurretik esango dut, beraz, zein den arazoa: uste dut gisa horretako liburu batean -euskaraz argi idazteko gomendioak ematekoan, alegia- itzulpengintza sartzearekin bi esparru, bi mundu elkar nahastekatzen direla, eta konbentzituta nago komenigarri ez ezik premiazkoa dela esparru bakoitza bereizturik tratatzea. Lehen begiratu batean huskeria ematen duen bereizi nahi honek badu, alabaina, funtsik. Mendebaleko hizkuntza «nagusietan» nabaria da, azken urteotan, administrazio-hizkuntza errazteko joera eta ahalegina. Joera horren hastapena inon kokatzekotan duela zenbait urte Estatu Batuetan bezeroen eskubideen aldeko mugimendutik sortutako «Plain English Movement» hartan kokatuko genuke. Oso helburu argiekin sortutako mugimendua bera: b) Informazioa logikaren arabera antolatzea. c) Izenburu eta azpizenburu argiak erabiltzea. d) Diseinua eta tipografia hobetzea. Eta mihinean bilorik gabe azalduko dut nire aburua, bai baitakit bestek egindako lanak jorratuz iritziak ematea errazkeriatzat jo ohi dela, eta arrazoiz gainera gehienetan. Hona: itzultzea ez da sortzea. Jakina -erantzungo dit itzulpen teoriak nondik nora joan diren gainetik bada ere dakienak-, itzultzea ez da sortzea, birsortzea baizik. Eta nik horri ere ezetz, itzultzea ez dela birsortzea, ez dagoela zertan berriro sortzen aritu beharrik (eskubiderik?). Itzulpena eta egokitzapena Hizkera Argiaren Bidetik liburuan (hemendik aurrera HAB deituko dugunean) ondorengo baieztapenak daude jasota aipatutako «Itzulpena eta Egokitzapena» atalean: «Hortaz, lehen esan dugunez, testua xede-hizkuntzari begira itzuli behar dugu, ez jatorrizko hizkuntzari begira. Egokitzapena nahitaezkoa da komunikazioa lortuko bada.» «Itzulpen onak mezua emateko modu berria sortzen du (askatasuna) eta mezua bete-betean ematen du (leialtasuna).» Nolanahi ere den, ez dut uste Bermanen teoria hartu eta besterik gabe gure kasuari, euskararako itzulpenei aplika diezaiokegunik, beste hainbat faktore baitauzkagu gurean kontuan hartu beharrekoak, hala nola hizkuntz normalizazioaren abiadura, euskal testuen produzio eskasa etabar1. Gainera kontu hauek ez dira agian nik azaldu bezain zirt ala zartekoak, zeren, Bermanen teoria patxada apur batez irakurriz gero, esan beharra baitago argi eta garbi uzten duela berak ere testu guztietan dagoela zati bat, nolabait esatearren, ezinbestean egokitu beharrekoa. Eta hortxe dago, nik uste, gakoa, zeren las pasé moradas gaztelerazko esamoldea euskaraz ez baitago moreak pasa nituen itzultzerik, jakina, gaztelerazko esamolde horren baliokidea gorriak ikusi nituen da, gaztelerazko bueno/a euskaraz on(a) den bezalaxe, alegia. Horrekin esan nahi dut arazoa geurea dela, neurri handi batean, zeren, normala denez, gure hizkuntz normalizazio prozesuan, artean gaztelera-euskara hiztegi behin-betiko samarrik gabe gaudelarik, ez baitago burua asko estutu beharrik konturatzeko lokuzio, esamolde eta, oro har, baliokidetza mailan are ilunago jarraitzen dutela gauzek, zeren halakoak norbere kasa itzultzen jarraitzen baitugu. Horrenbestez, eta atal hau amaitzeko, hona bultzatzen den bideari ikusten diodan arriskua: gehiegizkoa da, nire ustez, xede-hizkuntza zaindu (aldiero egokitu) behar(?) horri ematen zaion garrantzia eta sorburu-hizkuntzatik gehiegi urruntzeko arriskua dago. Berehalakoan esango du baten batek nik proposatzen dudanak baduela, berebat, arrisku bat begien bistakoa, hizkuntz-menpekotasunarena, alegia. Nik, besterik gabe, García Yebra-ren hitzak gogoraraziko nituzke gaiari abiapuntutik beretik heltzearren: HAB liburutik hartutako goiko baieztapanei, esan dugunez, xede-hizkuntzara gehiegi lerratzea eta sorburu-hizkuntzatik gehiegi urruntzea egotzi diot, beraz. Eta hona, karia horretara, argitu beharreko beste puntu bat: argi utzi dugularik testu orok izango duela hainbat zati, esaldi edo dena delako zuzeneko itzulpenaren bidez eman ezinekoa, zeharreko itzulpenez egin beharrekoa beraz, gainerakoa, zehatz-mehatz itzuli behar da. Ez dago aitzakiarik, itzulpenak zehatza izan behar du (ez ahantzi HAB liburua Administrazioko itzulpenez ari dela) itzulpen izan nahi badu eta ez bertsio, itzulpen libre, moldapen edo ideien itzulpena ere deitu izan zaiona: Orain artekoarekin ezer argi utzi nahi izan badut, bi kontzeptuok eman nahi izan ditut aditzera: a) Itzulpenak zehatza izan behar du eta, beraz, ezin dugu edonola forma baztertu. b) Testu orok du hein bat zuzeneko itzulpenaren bitartez eman ezinekoa, egokitu beharrekoa, alegia. Nola egokitu? Horra arazoa, horra benetako problema. Argi ikusten dut nik bederen, batetik, egokitzapenak egin behar direnean egin behar direla eta, bestetik, egokitzapen horiek ere ez dagoela nola-hala, neurririk gabeko askatasunez egiterik. Honelaxe mintzo zitzaigun Milan Kundera idazle txekiarra aurtengo udan El País egunkarian: 1. Honi buruzko gogoeta interesgarri bat irakurtzeko ikus Juan Garziaren Etnozentriko versus arroztaile? artikulua, in SENEZ, 2-3 zenb., 1991. 2. García Yebra, Valentín. Teoría y Práctica de la Traducción, Tomo I, pág. 43. GREDOS, Madrid, 1989. 3. Vázquez Ayora G., Introducción a la Traductología. Procedimientos técnicos de traducción. pág. 265. Georgetown, Univ. Press. 4. Newmark Peter, Manual de Traducción, pág. 116, Cátedra, 1992, Madrid.
|
||||||
Zemoria 25 E-20013 Donostia | bulegoa@eizie.org Tel. +34943277111 Fax +34943277288 Eizie.org © EIZIE | Software y diseño: CodeSyntax | eu en fr |
||||||
|
||||||