| EUSKARAZ · ESPAÑOL · FRANÇAIS · ENGLISH | ||
![]() ![]() |
||
| Albisteak Argitalpenak Jarduerak Tresnak Elkartea Itzulpen katalogoa Intranet | Mapa |
|
HEMEN ZAUDE: EIZIE » Argitalpenak » Senez » Senez 8 (1990) » AGENCIA EFE, Manual de español urgente, 5. argitalpena, Catedra, Madrile 1989. - Koldo Biguri |
||||||
|
Data: 1994ko urria AGENCIA EFE, Manual de español urgente, 5. argitalpena, Catedra, Madrile 1989. - Koldo BiguriEfe Agentziaren Manual de Espanol Urgente hau (MEU aurrerantzean), atariko orrian dioenez, gazteleradun komunitatean argitaratu direnetatik aintzinakoena da, bai eta zabalduena ere. Haren bidez halako konponbide bat eman nahi zaie kazetaritzaren hizkuntzak—eta ez bakarrik kazetaritzarenak, gehitu beharko genuke guk, zeren eta alor horretatik haruntzago ere aise iristen bait da—dituen arazo larriei, Espainiako Hizkuntz Akademiaren Hiztegia berriz noiz argitaratuko zain egoterik ez bait dute. Hitzaurrean gehiago zehazten da betekizun hori, esanez gerta daitezkeen hizkuntz-okerrei aurrea hartu, zalantzak argitzeko laguntza eman, eta gaur egun hizkuntzaren alorrean dagoen iraunezkortasun handia dela bide hitz berrien erabilerari buruzko irizpide bateratuak eskeintzen saiatzea dituela helburu. Eskuliburu hau 1976an plazaratu zen lehen aldiz, eta dagoeneko bosgarren argitalpenera iritsi da, datu nahikoa argigarria haren balioaz eta arrakastaz. Gaur gaurko gaztelaniaren beharrak erabakitzen eta hizkuntza modernoaren auzien korapiloa askatzen gehienetan geldo samar ibiltzen den Hizkuntzaren Akademiari aurrea hartu eta halako edo bestelako bide bat seinalatu izanak eman eta ematen diote balioa MEU-ari; lantegi horretan baditu filologo talde bat, eta batzorde aholkulari bat, Efe Agentziak eskeintzen dituen albisteen hizkera findu eta orrazte lanetan, batez ere gaztelaniaren esakera jatorren tokian erabiltzen diren alferreko hitz arrotzak baztertu eta gaztelaniaren beraren erabilera okerrak zuzentzearren. Antolakera horren seriotasunaren frogagarri, aski da aipatzea batzorde aholkularia osatzen dutenen artean Manuel Alvar, Real Academia Espanolako zuzendaria, eta Fernando Lazaro Carreter eta Valentin Garcia Yebra, akademiakideak biak, daudela. Esan bezala, MEU-aren eginkizuna, edo baliagarritasuna, kazetaritzaren munduko hizkuntzatik haruntzago iristen da, eta gaztelaniaren beste hainbat alorretara zabaltzen; izan ere, liburuaren helburua aurkezteko orrietan adierazten denez, "gaur egun askoz eragin handiagoa dute hizkuntzaren baitan prentsak, irratiak eta telebistak, hezkuntz sistemak berak baino". Horrela, ematen diren adibideetatik eta zuzentzen diren erabilera okerretatik hainbat eta hainbat i a hizketa molde arruntetara ere pasa direla baiezta daiteke. Halako oinarriak eta abiaburuak izanik, liburua zazpi zati nagusitan banatuta dago:
Hemengo erreseina honen helburua ez da, ordea, berrargitarapen honen albistea emate hutsa, baizik eta eskuliburu honek guri, euskal itzultzaileoi, eta euskaraz idazten dugunoi ere esan beharko, ematen dizkigun ikaskizunak agerian jarri eta goraipatzea. Ezen elebidunak garen aldetik, eta erdaraz baliatzen ohituak, gureak ere bait dira neurri oso handian liburu honetan salatzen diren okerrak, eta ez bakarrik gaztelaniaz ari garenean, baita erdal testuak euskaratzen ditugunean eta, orobat, euskaraz idazten dugunean ere. Neure esperientziak eta eskarmentuak erakutsi didatenez, eta niri bezala beste hainbati ere bai, administrazioan aritzen garen itzultzaileoi oso testu kaskarrak eta era guztietako okerrez beteak iristen zaizkigu haiek euskaratzeko aginduaz. Eta ez bakarrik administrazioan aritzen garenoi, ez bada. Horregatik, on da tankera honetako liburuen laguntza gure esku edukitzea, kaskartasun eta oker guzti horien arriskuetatik begira gaitezen, euskarara ere aldatu eta sustraiak aterako ez badituzte. Eta hainbatek atereak ditu jadanik, tamalez, segituan ikusiko dugunez. Adibideetara igaro aurretik, interesgarria izango da gogoratzea gure artean ere honelako lanik agertu izan dela; Pello Salaburuk eta Xabier Kintanak 1984. urtean argitaratu zuten Euskara hobean hobe liburuaz ari naiz, jakina. Izan ere, liburu honen sorrera ere antzekoa da, parte batean behintzat, haren lehenengo zatia, Salabururen ardurapekoa hain zuzen, Euskal Herriko Unibertsitateko Informazio-Zientzien Fakultateko euskaldun ikasleen idaztankera lantzeko apunteek osatzen bait zuten; bestetik, gainera, Kintanak tajuturiko pasartean gaur egungo euskaran dauden trakeskerien artean erdarakadei zor zaizkienak ugari dira. Tamalez, liburu hark bost urteotan ez du argitalpen gehiagorik izan, eta bere balioa ia lekukotasunaren mailan geratu da horrenbestez. Dena dela, ez liburuska hartan, ez geroxeago Gotzon Garatek plazaratu zuen Erderakadak luzeagoan, ez da ezer aipatzen erdaraz ere gaizki eratuak diren erdarakadei buruz, eta horiexek nabarmendu nahi ditut nik oraingoan. Egiazki, ezin esan daiteke euskaldunon artean irizpide-batasunik dagoenik erdarakaden auzian ere; alferrik ez bait da euskal esamolde jatorra "herrik bere lege, etxek bere haztura"; baina zerbaitez bat etorri behar badugu, erdaraz ere erabili behar ez direnak tintontzian uzteaz etorri beharko gutxienez. Hona hemen horietako batzu. a. Ortografia eta morfologiaz
Euskaraz ere buruhauste usua izaten da hori, denetarik ikusten bait da, eta ez dena urre-legezkoa—ez behintzat "hirurogeigarren hamarkada" erruz entzuten bada ere—.
b. Gramatikaz
d. Lexikoaz MEU-ak arreta berezia ematen die gaztelania modernoan, esan edo idatzitakoari halako goi maila eman ustez, erabiltzen diren sasiteknizismoei, eta ez du lotsarik horiek "pedantesco" edo "abominable" bezalako deituraz bataiatzeko. Itzultzaileak garen aldetik, hau da inork egin duen testu bat beste hizkuntza baten hiztunengana helarazteko beharrezko diren bitartekari hutsak, iristen zaizkigun hitz-esaldiak zuzentzeko uzkur ibiltzen gara, haiekin batera ideiak ere aldatuko ditugulakoan; eta hori pekatu da. Alabaina, ez zaizkigu gaizki etorriko erabilera horiei buruz EFE Agentziaren eskuliburuak azaltzen dituen iritziak eta jarrai-bideak ezagutzea. Ziur nago gutako askori aspaldidanik ez zaigula egokitu halako arautegi, egitasmo, txosten edo dena delakorik filosofia batean oinarrituta ez dagoenik, edota ondorioetara iristearren nola edo halako parametroak eta premisak kontutan hartzen ez dituenik. MEU-ak dioenez, badirudi jadanik ahuleriak jota daudela irizpideak, ikuspegiak, funtsak, eta abar ezertxoren oinarri izateko; eta, beste horrenbeste, alferrik ditugu arrazoiak, zertzeladak, gertakizunak edo gorabeherak "La opinión pública cambia con arreglo a parametros imprevisibles" euskaratu behar dugunean. Txakur txiki batek adina balioko digute uste, iritzi, baldintza edo planteiamenduek halako "La valoracion de lo producido bajo estas premisas no es tarea facil" bat aurpegiratzen digutenean. Dotore usteko hizkuntzarekin jarraituz, begien bistan dago gure gizarte dohatsu honek aspalditik ez duela problemarik, baina ez gaitezen alaitu, problematikak barra-barra dituelako: gazteriaren problematika, emakumeena, edo "hirugarren adineko"ena, puripurian daudenak aipatzearren. Eta okerrago dena, arazo guzti horiek konpontzeko moduak, bideak eta abar aski ez izan, eta metodologiak baino ez zaizkigu geratzen, gu dohakabeoi. Ez erdaraz, ez euskaraz ere. Nolanahi ere, gaztelerari esker esandako horiek guztiak gero eta gutxiagotan ari dira gertatzen Euskal Herrian, edo Gipuzkoan, edo estatuan: denak Euskal Herri mailan, Gipuzkoa mailan eta estatu mailan gertatzen dira eta. Gainera, denak ez dira munta handiko gorabeherak, eta bakanka azaltzen dira, edo jende gutxiri dagozkio; bada, horiekin ez dezagun irtenbide, neurri edo ezer berezirik erabil, inondik ere ez, neurri espezifikoak behar ditugu eta. Horiek horrela —testuinguru honetan, barkatu—, Jaungoiko errukitsuak lagun gaitzala gure lege-antolakuntzaren markuan—hau da, gure legedian edo gure legeen artean—horrelako kinka larrietarako konponbideak aurrikusten duen dekreturik ez badugu eskura-konponbideak erabaki, ezarri, aipatu edo esatea ez zaio nahikoa dekretuari-. Horrelakorik gabe, agintariak nekez inplementatuko ditu behar direnak; nekezago betearaziko ditu, edo abian jarriko, edo... Horrelako bidegabekerien aurrean, hobe du itzultzaile ohar-gabeak—euskalduna izan zein beste edonongoa—alferreko hiztegien ondoan Manual de espanol urgente hau eduki, larrialdietarako hain zuzen ere. Zerrenda luzea osa genezake: dimensionar, economicidad, emblematico, especulacion, dimensionar, nucleizar, retroalimentar, redimensionar, vehicular, versus... Bukatzeko, badira beste oker batzuk euskarara ere igaro direnak, baina ez dagozkionak hizkera "pedante" horri, izatez ez behintzat. Horrela, gutxik dakite polfglota edo autodidacta emakumezkoak baino ezin direla izan, eta, ohitura ez izan arren, "poligloto" eta "autodidacto" esan behar dela, are gehiago halakoen eraginez horren alderantzizkoak, "amigoslas" esaterako, barra-barra ugaltzen ari direlarik. Probetxugarria izango zaigu jakitea, halaber, "encuentro" hitza (gure "topaketa" ospetsua) ez dela zuzena gaztelaniaz, oraingoz behintzat; edo "al objeto de", gaizki egoteaz gainera "con el objeto de" esan behar bait da-, "para" batekin konpon daitekeela lasai-lasai, eta guk ere ez dugula "-tzeko xedez" itsusi horren beharrik, batzuk nonahi sartzeko zazpi ahaleginak egin arren. Bada, erdi barrez erdi serio, hona hemen esandako eskuliburutik ateratako ohar bakan batzuk, haietaz baliatu nahi direnentzat. Ase geratu ez denak badaki nora jo. |
||||||
Zemoria 25 E-20013 Donostia | bulegoa [a bildua] eizie.org Tel. +34943277111 Fax +34943277288 Eizie.org © EIZIE | Softwarea eta diseinua: CodeSyntax | es en fr |
||||||
|
||||||