EUSKARAZ ˇ ESPAŅOL ˇ FRANĮAIS ˇ ENGLISH
  Albisteak      Argitalpenak      Jarduerak      Tresnak      Elkartea      Itzulpen katalogoa      Intranet      Mapa 
Senez 33 (2007)
Senez 32 (2007)
Senez 31 (2006)
Senez 30 (2006)
Senez 29 (2005)
Senez 28 (2005)
Senez 27 (2004)
Senez 26 (2003)
Senez 25 (2002)
Senez 24 (2002, ale berezia)
Senez 23 (2001)
Senez 22 (2000)
Senez 21 (1999)
Senez 20 (1998)
Senez 19 (1997)
Senez 18 (1996)
Senez 17 (1996)
Senez 16 (1995)
Senez 15 (1994)
Senez 14 (1993)
Senez 13 (1992)
Senez 12 (1991)
Senez 11 (1991)
Senez 10 (1990)
Senez 9 (1990)
Senez 8 (1990)
Senez 7 (1989)
Senez 6 (1986)
Senez 5 (1986)
Senez 4 (1985)
Senez 3 (1985)
Senez 2 (1985)
Senez 1 (1984)

HEMEN ZAUDE:   EIZIE »  Argitalpenak »  Senez »  Senez 21 (1999)

Data: 1999ko urtarrila

Senez 21 (1999)

Aurkezpena - Gotzon Egia

Hogeita batgarren ale honekin Senez aldizkariaren ardura eskuz aldatua da. Koldo Biguri lankideak azken bederatzi urte luzeotan aldizkariari ezarri dion bizi-arnasari eta eramolde goratuari eustea izango dugu, ardura berriotan sartuak garenok, zeregin nahikoa. Adiskide artean egiten zen itzulpen noizbehinkari amateur (hitz polita, zentzurik estuenean hartuta: itzulpengintzaren maitaleak, zer beste ziren gure elkartearen aitzindari haiek?) hura atzean utzi, eta euskal itzultzaileon lanbidearen muinean errotutako aldizkari profesional sendoa utzi digute Bigurik eta bere taldekideek. Ez ahal diegu, aurrekooi bezala atzekoei ere, hutsik egingo...

Itzulpen aldizkari batek itzulpenak behar ditu: horra, biribil-biribil, orriotara etenik gabe ekarri nahi genukeen uzta, gure arteko itzultzaileren batek berariaz egindakoa, aurrez argitaragabea alegia. Poesia eskas izan dugu gurean joan den aspaldian, garaiotan hitz neurtua zaharresten dutenen nomina handia da, poesiarako lekurik ez dela diote batzuek, poesiarako astirik ez dela diogu guk zuzenkiago. Atzera begira jartzen gaitu, etorkizuna ikusteko modu berezi batean alegia, Bob Dylan zaharrari Juan Garziak kendu dizkion poemen itzulpenak. Hitz neurtuak dira, estu neurtuak gehienak, silabatan edo erriman bezala bihotz taupadatan ere. Kantatzeko poemak dira, zinez kantatzeko eta, honez gero, kantatutako poema itzuliak.

Hizkuntzaren erabilera zuzenaz edo, egungo neo-euskara txukungarrian esango luketen gisan, "hizkuntz kalitateaz" bi azterketa zorrotz datoz gero, aztermolde eta ikuspegi bat bera ez badute ere. Alde batetik, Karlos del Olmoren artikuluak gaur-gaurko erabilera okerren iturri batzuen jatorria, nolakoa, zergatia azaltzeko saioa izan nahi du, eta gazteleratiko uholdeari ataka jartzeko irtenbide zehatzen proposamen. Bestetik, hezkuntzaldi osoa euskaraz egiten duten ikasleek ikasliburu anitzetan pairatu behar duten hizkuntza mordoiloa agerian uzten dute, ihesbiderik gabe utzi ere, Idoia Ormaetxea eta Maider Ziaurriz itzultzaile gazteek. Harrotasun apur batez erantsiko dugu guk, gainera: EHUko Itzulpen Masterra amaitu berriak dira biak; teoria ikasketak gainditurik, itzultzailearen sen pragmatikoa ederki atzemana dutela erakutsi dute lan honetan.

Itzulpen pragmatikaren arazoetatik urrundu gabe, Juan Garziak akotazioak egiteko sistemen eremu labainkor, zalantzagarri eta araugabera argitasun amiņi bat dakarkigu, beti-bateko erantzun ezean, norabideak eta korapilo-askatzaileak proposaturik.

Juan Mari Arzallusek eta Antton Olanok ez zuten asmatuko, Ismail Kadare-ren H dosierra euskaratzen hasi zirenean, Kosovo berripaper guztien buruan izango zela sarri, ez hain xuxen ere literaturak ez itzulpengintzak sortutako berriengatik, zoritxarrez. Gaurkotasunak zipriztindutako irakurketa da, zalantzarik gabe.

Itzulpengintzaren barruti teorikoagoetara dator, Babelgo dorrea gainbeheratu orduko itzulpengintzaren bidegurutzean izan den fideltasun/traizioaren kontzeptua arakatzera, Gotzon Egiaren lana.

Amaitzeko, inoizka aukeran izaten dugun solasaldi eder bat ematen dugu argitara, norekin eta euskal idazle oparoenetakoen artean den Anjel Lertxundirekin eta haren eleberriak gaztelerara eman dituen Jorge Gimenez Bech itzultzaile eta editorearekin. Itzulpen prozesua zertan den hobeki ulertzeko pasadizo gogoangarriak ditu, benetan; itzultzaileoi bost gramatikak eta hamaika hiztegik baino gehiago irakasten digun irakurraldi horietakoa!

Berrikuntza batekin dator, azkenik, Senez-eko 21. ale hau: paperezko aldizkaria eskuetara aurretik, edizio elektronikoa prest izango da Interneten, EIZIEren orri honetan. Aurrerakoan beti hala izatea espero dugu.

AURKIBIDEA

Bob Dylan-en poemak euskaraz - Itzultzaile: Juan Garzia
Oratoria, akatsak, itzulpengintza eta kalkoak - Karlos del Olmo
Testu-liburuetako hizkuntza-maila - Idoia Ormaetxea, Maider Ziaurriz
Minus ala kakotx (solasak narrazioan txertatzeko akotazio-sistemez) - Juan Garzia
Traduciendo se entienden los pueblos - Juan Mari Arzallus
Lau kantoiko ontzak: fideltasunaren arazoa itzulpengintzan - Gotzon Egia
Anjel Lertxundi eta Jorge Gimenez Bech: idazlea eta bere itzultzailea

Localizer
Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea
Zemoria 25 E-20013 Donostia | bulegoa@eizie.org
Tel. +34943277111 Fax +34943277288
Eizie.org Š EIZIE | Softwarea eta diseinua: CodeSyntax | es en fr
Webgune honen babesleak:   www.cedro.org Gipuzkoa.net