| EUSKARAZ · ESPAÑOL · FRANÇAIS · ENGLISH | ||
![]() ![]() |
||
| Nouveautés Publications Activités Outils L'association Catalogue Intranet | Mape du site |
|
VOUS ÊTES ICI: EIZIE » Publications » Senez » Senez 21 (1999) » Testu-liburuetako hizkuntza-maila - Idoia Ormaetxea, Maider Ziaurriz |
||||||
|
Data: 1999ko urtarrila Testu-liburuetako hizkuntza-maila - Idoia Ormaetxea, Maider Ziaurriz1. Sarrera Artikulu honen xedea, zenbait testu-liburutako euskara-maila aztertzetik ateratako ondorioak azaltzea da. Azterketa hori egiteko arrazoia, Deustuko Unibertsitateak Donostian duen egoitzan Euskal Filologiako azken urtea egiten ari ginela, eta Elixabete Perez Gaztelu irakasle genuela, Hizkuntza-Mailak deritzan gairako prestatu genuen lana izan da. Aztergai izan dugun lan honetan, euskaraz argitaratutako testu-liburu guztiak hartzea ezinezkoa zitzaigunez, Eusko Jaurlaritzaren onespena duten Lehen Hezkuntzako azken kurtsoko zenbait testu-libururen gainean aritu ahal izan dugu soilik. Aukeratu ditugunak Euskara eta Ingurunea gaiak lantzen dituztenak dira, gure ustez hizkuntza-maila aztertzeko langai egokienak baitira. Erabili ditugun testu-liburuen izenak, gure lanean barrena behin eta berriz ahotan hartuko ditugunez, egokia iruditu zaigu laburdura hauez baliatzea:
Testu-liburu horien azterketa egiteko, gure lana bi ikuspegitatik bideratu dugu: didaktika eta gramatika aldetik. Irizpide horien bitartez, gure helburua liburu hauen egokitasun eta zuzentasun maila neurtzea izan da. Egokitasuna neurtzerakoan aztertutako liburuak adin horretako haurrek duten hizkuntzaren eta ulermenaren mailara moldatzen diren edo ez ikusi nahi izan dugu. Hala ere, pedagogoak ez garenez, ez dugu Pedagogiaren eremuan gehiegi sartu nahi izan eta liburuak nahiko azaletik begiratu ditugu. Dena den, hamaika urteko haurren ulermen-maila nolakoa den ikusteko, Añorgako Amassorrain eta Urnietako Egape ikastoletara jo genuen. Gisa honetan, testuen egokitasuna bertako ikasleekin egindako ariketetatik epaitu ahal izan dugu, neurri batean, bederen. 2. Paragrafoen luzera eta antolamendua Aztertutako liburuetako testuetan oso luzeak diren hainbat paragrafo aurkitu ditugu. Horrek zenbait eragozpen sor ditzake: alde batetik, hain luzeak izatean gaiaren haria galtzeko arriskua dago, areago hamaika urteko neska-mutilek; bestetik, liburugileak berak, esaldiaren zentzua galtzen duela dirudi eta gaizki moldatutako perpausak sortzen ditu: 3. Gaien trataera Aztertutako liburuen argitaletxeak bat baino geihago izaki, gaien trataeran ere desberdintasunak islatzen dira: Inguruneak biltzen dituen gaien artean (Historia-Gizartea, Natur Zientziak eta Fisika-Kimika) alde nabarmenena Historia-Gizartean sumatu dugu. Izan ere, Elkar argitaletxeko liburuak Euskal Herrian bertan egindako liburuak izaki, Euskal Herriko egoera sozio kultural eta historikora egokitzen dira. Ibaizabalekoak aldiz, Espainian egindako liburua denez, gaia lantzeko orduan ere, Espainia hartzen du kokalekutzat eta ez Euskal Herria. Gainera, Euskal Herriari aipamenik txikiena ere ez dio egiten. Aitzitik, Autonomia-Elkarte izenpean agertzen da: Adibidez: Aipa itzazu zure Autonomia-Elkarteak esportatzen dituen produktu ezagunenak (Txep., 173). Dudarik gabe, ikasleek Elkareko liburuek darabilten ikuspuntutik gertuago ikusiko dute beren burua, eta testuinguru eta historia horretan kokatzen errazago egingo zaie.Adibidez: Euskal Herritik oso urruti, Ekialde Hurbilean... (Sir., 64) Esan bezala, oso bestelakoa da Txepetx liburuaren ikuspegia: Espainia jada, hobeto ezagutzen dugu: bere ingurune fisikoa... (Txep., 180) Espainiako Nazioak, justizia, askatasuna eta segurtasuna ezarri eta bertakoen ongizatea bultzatu nahian, subiranotasunaren izenean, honako asmo eta gogoak aldarrikatzen ditu: -Konstituzioaren eta legeen esparruan demokrazia bermatzea ordena ekonomiko eta sozial zuzen baten arabera. - Zuzenbidezko Estatua indartzea, bertako legedia herriaren borondatearen adierazgarri izango delarik. (Txep., 188). Quién galdu zaigu mendiko bideetatik? (Xabier) Alguien etorri al da gaur goizean itsasotik ? (Ez) Alguien ikusi al zaituzte gaur Cordoba-tik ? (Ez) Azkenean ikasturtea (terminado) dago. Egia esan, ez gara (de broma) ibili ikasturtean zehar, ez. (sudando) lan franko burutu dugu denon artean (codo con codo). (De este modo), lagun handiak egin ditugu gure ikaskideen artean. (Tpa., 192-193) Guztiarekin ere, Pedagogiaren arloan oso trebatuak ez gaudenez, alderdi horri begiratu bat besterik ez diogu egin eta artikulu honetan desegokiena iruditzen zaiguna besterik ez dugu aipatu. Jarraian bada, bete-betean guri dagokigun gaiari helduko diogu, alegia, testu-liburuen hizkuntzaren aldeko zuzentasun eta egokitasunei. Aztertutako testuak zuzenak diren edo ez epaitzeko euskal tradizioaren bideak eta euskara batuaren arauak jarraitzen ote dituzten izan dugu irizpide. 4. Kasu-markak Kasu-marken alorrean hainbat hanka-sartze topatu ditugu. Esate baterako ergatiboaren erabilera okerra:
...errepideek egin izan dira... (Txep., 170) ...arabiarrek (...) egon ziren...(Ing., 176) ...haurrak baginatik kanpora atera dadin (Txep., 83) ...karraskariek (...) bihur daitezke (Txep., 81)
Espainiar guztiak (...) dituzte (Txep., 162) Masa komunikabideak(...) elkarrekin egiten dute lan (Txep., 165) Zeinu berdineko poloak (...) indarra egiten dute. (Ing., 55) Gainera, berdineko beharrean bereko beharko luke. ...bi pertsonak harremanak eduki ditzakete (Ing., 81) Lehen mailako kontsumitzaileak (...) ugariagoak izan behar dute hortan (Ing., 95) Bi pertsonak elkarren artean gutunez dituzte harremanak (Gil., 18)
Giza izaerarekin loturik daude askatasun ideologiko eta erlijiosoarekiko, adirazpen askatasunarekiko, manifestatzeko, biltzeko eta elkartzekoarekiko, intimitate-eskubidearekiko eta ohore eta heziketarekiko eskubideak."(Txep., 151) Bestetik, badirudi askotan -(r)ekin soziatiboaren esanahia galdu, eta gaztelaniazko zenbait preposiziok (al, hacia...) euskaraz sortzen dizkigun arazoak konpontzeko, sistematikoki baliatzen dugula. Lehenengo adibidearen kasuan, mendiaren esatea aski zen; bigarrenaren kasuan, berriz, -(r)ekiko eta -ko atzizkiak nahasten dira, eta, antza denez, guztiak eskubideak izenaren laguntzaile dira. Hala ere, esaldia oso luzea gertatzen da, eta adieraren aldetik, badirudi itzultzaileak berak ere esaldiaren zentzua galdu duela. Honela bada, eskubideak izena, izenlagun bakoitzaren ondoan jarriko bagenu, intimitate-eskubidearekiko eskubideak egitura sortuko litzateke.
Krabelina asko (Gil., 57) Sua eman (Gil., 49) iman berri batean bihurtzen da (Ing., 55) iman batean bihurtzen da (Ing., 57) mota bat beste mota batean bihurtzeko (Ing., 58) Era berean, azken hiru adibide horietan gaztelaniaren eraginez sortu den joera bat suma dezakegu: gaztelaniako uno artikulu zehaztugabearen eraginez euskaraz bat zenbatzailea behar baino egitura gehiagotara zabaldu da. Honenbestez, txukunagoa litzateke iman bihurtzen da...esatea. Antzeko arazoa aurki dezakegu egitura honetan: lehen begirada batean (Ing., 25)
... errenta nazionala biztanle kopuruaz zatitu...(Txep., 144)
sortu zeneko garaiko (Ing., 11) 5.1. Eratorbidea eta elkarketa Atal honetan antzeman dugunez, liburugileek hitzak nolanahi sortzen dituzte, euskal eratorbidearen eta elkarketaren legeak jarraitu gabe. Laburzurrean, artikulu honetan ez ditugu testu-liburuetan aurkitutako guztiak aipatuko; nabarmenenak iruditu zaizkigunetatik batzuk besterik ez ditugu ekarriko. Era berean, gehiegi ez luzatzearren, hitz horien desgokitasunaren azalpen laburra besterik ez dugu egingo.
Bestalde, eta zuzenean elkarketari ez badoakio ere, aztertutako testu-liburuetan agertzen diren zenbait egituratan gaztelaniaren itzala suma dezakegu. Hala nola:
Halaz ere, untzi espazial, iraultza industriala...egiturak zuzenak badira ere, euskaraz baditugu beste aukera batzuk hori bera adierazteko eta beharbada, gaztelaniaz gisa honetako izen-izenondoak ditugunean bide horietara jo beharko genuke. Aukera horietako bat, beti ezin egin badaiteke ere, hitz elkartuetara jotzea litzateke. Bide horretatik egitura horiek honela taxutuko genituzke: espaziontzi, sexu-ugalketa, sexu-sentsazio, industria-iraultza, konstituzio-arau, sexu-zelula, gizarte-komunikabide, buru / gogo-osasuna... Drama eternalen kasuan, berriz, betiko drama edo antzeko egituren bidez ematea egokiagoa litzateke. Bestela, izenlagun + izena bezalako egituretara ere jo daiteke.
Aztergai ditugun liburuetako testuetan erdaratiko hitz ugari topatu ditugu. Esate baterako: botere exekutiboa (Txep., 158); exekutibo hitzak seguru aski, hamaika urteko haur batentzat beste esanahi bat izango du: enpresa gizon edo emakumea... Honenbestez, ez da botere exekutiboaaren adieraziaz ongi jabetuko. Aldiz, UZEIk dakarren betearazteko botere edo guk eskolan ikasi genuen botere betearazlea garbiagoak direnez, hitz horren adiera hobeto jaso dezakete. Maileguak erabiltzeko orduan, oreka edo irizpiderik eza agerian geratzen da; izan ere, zenbaitetan, egunero erabiltzen ditugun hitzen ordez maileguetara jotzen dute. Adibidez: eskualde, eremu... erabili beharrean erregio (Txep., 141), funtsezko hitzaren ordez esenzial (Tpa, 84) ospakizun edo elizkizun beharrean zeremonia (Tpa., 24, 93), kreatzaile (Tpa., 85), sortzaileren ordez eta abar. Bestetan, berriz, maileguetara ez baizik, eguneroko euskaraz -haurren artean batik bat- oso ezagunak ez diren hitzak baliatzen dituzte; hala nola: jaraunspenezko monarkia. Ildo beretik, sukalkin (Tpa., 130) hitza ere aurkitu dugu. Osamodua gora-behera, tradizioan oinarritutako hiztegietan soilik aurki daiteke, jada zaharkitua dagoen hitza baita. Horren ondoan, egun erabiliko genukeen hitza sukaldari da. Beraz, ulermenari begira, askoz egokiagoa iruditzen zaigu azken hori erabiltzea. Testu-liburuen helburua irakaskuntza da, izan ere, eta, horretarako, behar-beharrezkoa da erabiltzen den hizkuntza-maila argia eta ulerterraza izatea. 6. Aditza Aditzaren inguruan ere hainbat eta hainbat trakeskeria irakurri ahal izan ditugu. Hona hemen aurkitu ahal izan ditugunetarik zenbait:
...dinosaurioak sortzen dira (...) hasten dira(...) agertzen dira...(Sir., 29) V. mendearen hasieran (...) bukatu egiten da (...) iristen dira...(Txep., 186) ...bere iloba Karlos I.ak (...) hartzen ditu (...)ematen zaio (...) Portugal Espainiatik banatu egiten da...(Txep., 192) Bikote batek haurrik izan nahi duten (Sir., 199) Propietate honek zer pentsatu ugari ekarriko dizute (Ing., 41) Egurra, papera edo beste erregaiak (...) askatzen dute (Ing., 49) Aldaketei deitzen diogu (Ing., 75) Guzti hauei (...) deitzen zaio. (Ing., 86) Hemen alboan duzu burdinolaren marrazkia eta hurrengo orrialdean erreka ertzeko burdinola baten argazkiak (Ing., 197) deritzaie (Ing., 13, 45, 46, 52, 55, 106, 127): aditz batuak deritze nahiz derizte dakartza forma zuzentzat. deritzaio (Txep., 80): deritzo / deritza dira aditz-forma zuzenak. Joskeraren alderditik ere desegokitasun ugari aurkitu ditugu:
...barbaro bezala izendatzen...(Txep., 186) Aintzira hauen artean Leman aintzira eta Konstantzakoa aukeratu ditugu garrantzitsuen bezala.(Ing., 125) ori dela eta, Europako lurralde gehienak klima epeleko bezala har ditzakegu.(Ing., 126) Kirikitxok esanda bezala liburuko 35. orrialdera joana bazara...(Ing., 36) egiten dugularik (Ing., 25), daudelarik (Txep., 72), direlarik (Txep., 84), duelarik (Txep., 77), delarik (Txep., 120), duelarik (Txep., 134, 135, 137, 142, 148, 161, 183, 185), eta abar. J. Garziak (1997:304) horrelakoak euskaraz emateko zenbait bide aipatzen dizkigu; hala nola: koordinazioa edo justaposizioa, -z edo -rik atzizkiak... Iparraldeko aintzira hauek (...) diren bitartean , Alpetako...(Ingurune, 125) bakarra duen bitartean... (Txanpa, 24) Horiek gaztelaniatik zuzen-zuzenean egindako itzulpenak dira. Bitartean ez dago bere berezko balioarekin, gaztelaniako mientras konparazio kutsua duen lokailuaren ordainetan baizik. Gainera, arestian aipatutako gaztelaniazko gerundioarekin gertatzen zen bezala, mientras hori gaztelaniaz ere ez dirudi zuzen erabiltzen denik. Eta berriro ere erabilera oker hori geureganatu dugu (Id.:285-287).
arrazoi hori medio (Txep., 59) trataera berriak medio (Txep., 193)
Hartu baita ere (Tx-Tx, 63) Aztertu, baita ere, energi iturriak: ikatza, petrolioa, gas naturala... (Ing., 51) Hor dugu, baita ere, kanpoan egoten diren metaletan ematen den oxidaketa ere. (Ing., 49) Adierazi baita ere, animalia horiek erruleak ala umegileak diren. (Ing., 74) Baita ere / ezta ere egituren osamodua bai + eta / ez + eta denez, bi edo osagai gehiago elkartzen dituzte. Beraz, baita / ezta osagaia ezin da elkartzen dituen bi osagaien atzean joan, bien erdian baizik. Honenbestez, adibide horiek gisa honetara hobeto bide leudeke: energi iturriak ere aztertu, kanpoan egoten diren metalen oxidaketa ere hor dugu, eta abar. Bestalde, azken adibide horretan (ematen aditzaren erabilera alde batera utziko dugu, oraingoz; izan ere, horri buruz "8. Gaztelaniazko kalkoak" atalean jardungo dugu) baita ere eta ere, biak batera agertzen dira.
Gas desberdinez osatutako eta Lurra inguratzen duen geruza da atmosfera (Ing., 17). (Ikus desberdin hitzari buruz 17. orrialdean esandakoa). ur nahiko dutela (Ing., 122): Badirudi nahiko(a) graduatzailea izenaren ezkerretara jarriz gero -a mugatzailea eskatzen duela. Hala ere, aukera bat baino gehiago dugu: ur nahikoa, nahiko ura, nahiko(a) ur (Euskaltzaindia 1991:183). eskualde buru ziren horietan eta egun zehatz batzuetan ospatzen ziren (Txep., 172) botoa ematen du sufragio unibertsalaz (Txep., 157): Ez dirudi egitura horretan zuzena denik kasu-marka instrumentala erabiltzea, sufragio unibertsala ez baita bozkatzeko "instrumentua", horretarako baldintza baizik.
Atal honetan gure testu-liburuetan aurkitu ditugun gaztelaniazko egitura eta semantikaren mailako euskarazko kalkoak izango ditugu mintzagai. Horren erakusgarri dira, besteak beste, honako adibideok:
Euskal aditz horrek (familia mantendu, behiak mantendu...) gaztelaniazko mantenerekin duen antza dela medio, azken horrek duen esparrura zabaldu zaigu, honako egiturak sortuz: begia eta likidoaren gaina lerro horizontalean mantendu (Ing., 40), kableak pertson eta animaliengandik urruti mantentzen dira (Ing., 54), dieta mantentzeko (Txep., 35), heze mantentzen (Txep., 88), gero eta azkarrago egin behar dugu korrika leku berean mantentzeko (Txep., 116), instituzioak mantendu (Txep., 188), ingurugiroa mantendu (Txep., 162),portaera zuzena mantendu (Gil, 40), ardatzak mantenduz (Gil., 46), jarrera hauek mantentzen dituzun (Gil., 50). Beraz, atxiki, eutsi bezalako aditzak ere hor daudela ez genuke ahantzi beharko.
birkonkista astiro eman (Txep., 187) herrialde edo nazio garatuetan eman ohi dira (Txep., 174) Hor dugu, baita ere, kanpoan egoten diren metaletan ematen den oxidaketa ere. (Ing., 49)
Nagusi izenondoak ez du gradu gorenak sortzeko baliatzen dugun -en osagaiaren beharrik, gradu gorena baita (Sarasola 1997:143).
Gorputzeko atal desberdinek ere elkarrekin komunikatua egon behar dute (Txep., 14). Komunikatua gaizki komunztatuta egoteaz gain, desberdin soberan dago. Izan ere, gorputzeko atalek esatea aski litzateke. Gisa bera gertatzen da besteak beste adibide hauetan ere: ...hau era desberdin askotara gerta daiteke beraiengan (Txep., 78). Horrenbeste plastiko mota desberdin daudenez... (Txep., 113). ...makina mota desberdin ugari dago (Txep., 125). ...hiru multzo desberdinetan (Ing., 124). ...sei nahastura ezberdinen zerrenda (Ing., 46) ...ugaltzeko era desberdin horiek guztiak (Ing., 94) ... hiru edo lau janari desberdin prestatu (Gil., 176) (...) Ipinitako adibide horietan aski litzateke era askotara, horrenbeste plastiko mota, makina mota ugari, hiru multzotan, sei nahasturen, ugaltzeko era horiek guztiak, hiru edo lau janari esatearekin. Berriz ere gaztelaniaren eragina aipatu behar dugu, bai baitirudi desberdin esaten ez bada, ez dela argi geratzen makina, plastikoak... desberdinak direla. Mota ugari, era guztiak, hiru multzo... dagoela esaten bada, ordea, jadanik agerian jartzen da ez direla berdinak.
Areago, hitz hori bi modutara agertzen zaigu: desberdin nahiz ezberdin. Ez dirudi irizpide jakinik jarraitzen denik bata eta bestea erabiltzeko garaian. Aitzitik, elkarren ordezko dira eta balio berbera dute. Esate baterako: propietatedesberdin horien (Ing., 45), sei nahastura ezberdinen zerrenda (Ing., 46), energia iturri ezberdinez (Ing., 50), bi era desberdini (Ing., 50)....
Guztiok ez dugu berdin jokatzen (Txep., 7). Eguzkiaren argiak eta beroak ez du intentsitate berdina (Txep., 47). ...izaki bizidun guztiak ez gara modu berdinean elikatzen (Txep., 72). Hari eroalean zehar ez da beti elektroi kopuru berdina joaten (Txep., 123). Umea eta heldua ez daude euskarritik distantzia berdinera (Txep., 125). ...ezaugarri berdina dituztenak talde berdinean (Ing., 69). ...iraupena ez da berdina (Ing., 81). Kasu horietan guztietan, bera erabili beharko lukete, ez baita izaki bat baino gehiagoz ari, bakar batez baizik.
Hori guztia ikusi ostean, akats horietako asko -gaztelaniak duen eragina ahantzi gabe, noski- arreta ezagatik egiten direla esan dezakegu. Hori dela eta, akats horiek guztiak zuzentzeko premiazkoa iruditzen zaigu X. Mendigurenek "Irakaskuntza liburuetako euskararen desberdintasunak" (1996:210-213) artikuluan dioen bezala, eskoletan banatuko diren testu-liburuak gainbegiratu, zuzendu eta orraztuko dituen talde edo erakunde bat sortzea. Haurren hizkera hori hobetzeko gune funtsezkoa eskola-orduak dira. Horien barnean, noski, irakasleen hizkerak eta eskolak emateko baliatzen diren materialetako euskarak lagungarri ez ezik, eredu ere izan behar dute. Beraz, euskara hobetzen lagundu beharrean, liburuak ere gaztelaniaz pentsatuak daudenez, umeak gaztelaniaz pentsatzera bultzatzen ditu, euskaraz ari diren ustearekin. Hortaz, hartzen ari diren oinarria kontuan izanik, ez gintuzke harritu behar neska-mutilen hizkuntza-maila horren eskasa izateak. Horri oso larria deritzogu, haur horiek izango baitira euskararen etorkizuna bere gain hartuko dutenak. Egia da euskara eremu guztietara zabaltzen ari den heinean, "euskal usaina" neurri batean behinik behin galduko duela, baina testu-liburu horiekin lortzen dena euskara traketsa ez ezik -euskal usaina inondik ere ez darion hizkera- gaztelaniatik zuzenean itzulitakoa da. Dena den, liburu guztiak ez dira maila berean jartzekoak. Guk azterturiko liburuen artean, alde nabarmenak sumatu ditugu Elkar-ek argitaratutako liburuen eta beste argitaletxeek plazaratutako liburuen artean. Azken horiek gaztelaniako ereduen itzulpenak edo moldaerak dira, eta darabilten hizkuntza-maila, zuzenean euskaraz sortutakoen aldean, kaskarragoa da. Honenbestez, agerian geratzen da itzultzaileek ez dutela lan handirik hartu hiztegietara jotzen edo erdal egiturei euskal ordain jatorrak bilatzen; aitzitik, orohar, gaztelaniazko formak hartu ditu itsu-itsuan, euskaraz zuzenak edo egokiak ote ziren begiratu gabe. Eta itzultzaileari ezin dakioke horrelako axolagabekeriarik onar. Bestalde, are kritikagarri eta larriagoa iruditzen zaigu euskarazko liburuek darabilten hizkuntza-maila hain eskasa eta traketsa izatea, hizkuntza bera irakasten baitute. Hortaz, zalantzan jarri behar dugu testu-liburu horiek irakasten duten euskara. Nolanahi ere, kaleratzen diren testu-liburuen egoera ezin dieziokegu inori lepora, are gutxiago erantzulerik bila. Gainera, sarreran esan bezala, eskolaren mundua hemen ispilatua baino ñabarragoa da, hamaika arazo baitituzte. Guztiarekin ere, estimatzekoa litzateke ardura gehixeagoz egingo balituzte lanak, erantzunkizun handia hartzen baitute bere bizkar. BIBLIOGRAFIA
Hiztegiak
Testu-liburuak
|
||||||
Zemoria 25 E-20013 Donostia | bulegoa@eizie.org Tel. +34943277111 Fax +34943277288 Eizie.org © EIZIE | Software & Design: CodeSyntax | eu es en |
||||||
|
||||||