2008/11/28 19:43:59.661 GMT+1

SIGLEN DEKLINABIDEA

Irene Arrarats Lizeaga



1. Sarrera

Behin baino gehiagotan agertu izan dira ItzuL zerrendan siglen deklinabideari buruzko galderak, kontua oso garbi ez dagoen seinale: 1998ko abenduan galdera bat izan zen, 2000ko abenduan ere bai, 2001eko otsailean, 2001eko abenduan, 2004ko urrian, 2005eko otsailean eta abuztuan, 2006ko urtarrilean, 2007ko urtarrilean eta apirilean, 2008ko ekainean...

Gure hau osatzeko, ItzuLen esandako horiek guztiak jasotzen eta ordenatzen saiatu gara, baita han eta hemen siglen deklinabideari buruz idatzi izan direnak ere, osagarri. Esaterako, esku artean ibili ditugu Argiro idazteko proposamenak eta ariketak, Azpidazki, Berriaren estilo liburua, EIMAren Letra larriak, EIMAren Ortotipografia, Euskaldunon Egunkariaren estilo liburua (2001), IVAPen estilo liburua, Senezen agerturiko artikulu batzuk, UZEIren Laburtzapenen gidaliburua…  

2. Bi sigla mota

Badirudi nahiko garbi dagoela bi sigla mota daudela: izen berezien siglak, batetik, eta izen arruntenak, bestetik. Diskurtsoan txertatzen direnean, mota bakoitzak ezaugarri bereziak ditu, batez ere deklinabideari dagokionez.

2.1. Izen berezien siglak

Izen bereziak ordezkatzen dituzten siglak, hala nola 'EAJ', 'NBE' eta 'NATO', izen bereziak bezala deklinatu ohi dira.

2.1.1. Bi kasu berezi: plurala bai edo ez?

2.1.1.1. 'AEB'

Izen berezi bat ordezkatzen du, baina plurala den izen berezi bat. Horrek zalantza sortzen du: nola deklinatu, gainerakoak bezala, artikulurik gabe, ala pluralean? Eta egiaz nola irakurtzen da? Alegia, /a-e-be/ irakurtzen dugu, edo azpian den ‘[Ameriketako] Estatu Batuak’?

Gainerako siglak bezala deklinatzearen aldekoek ez dute arrazoirik ikusten ‘AEB’ pluralean deklinatzeko. Alde horretatik, guztiz sistematikoa da haien jokabidea, salbuespenik gabea: sigla irakurtzen da eta sigla irakurri behar da, ez atzean den izena.

Nolanahi ere, zaila da esaten kasu honetan egiaz sigla irakurtzen den ala ez. Hizketan ari garela behintzat, testurik gabe, inork ez du esaten /a-e-be/, baizik eta ‘Estatu Batuak’. Alde horretatik, badirudi oraindik ez duela lortu sigla guztiz ‘beregaina’ izatea, esaterako ‘EIMA’, ‘UZEI’ eta ‘PSOE’ diren moduan, nahiz eta gutxienez 2001. urteaz geroztik erabiltzen den —Euskaltzaindiak 1999an onartu zuen ‘AEB’ izatea Estatu Batuei dagokien sigla, baina zabaltzen hasi zenerako bazen 2001. urtea, oso oker ez bagaude—.

Pluralean deklinatzearen aldekoek, berriz, salbuespena egiten dute. Haien arrazoibidea hau da: testuan lehenik ‘Ameriketako Estatu Batuak (AEB)’ aipatu eta handik aurrera ‘AEB’ sigla erabiltzen bada, pluralari eustea komeni da, bestela koherentziak huts egiten duelako:

  • Ameriketako Estatu Batuek (AEB) enbaxadorea izango dute Libian, 36 urtean lehen aldiz. AEBk Gene Cretz izendatu du kargu horretarako. (?)

Gaur egun, EIMAk proposatzen du ‘AEB’ izen berezi moduan deklinatzea; Berrian eta Elhuyar aldizkarian, adibidez, pluralean idazten dute. Ereduzko prosa gaur corpusean ‘AEB’ lema moduan jarrita, hau ageri da liburuetan:

  • Izen berezi moduan deklinatua: Filosofiako gida (Askoren artean).
  • Pluralean: Oskar Arana (Brooklyngo erokeriak), Iñigo Aranbarri (Hizlandia), Harkaitz Cano (Neguko zirkua, Belarraren ahoa), Itziar Eizagirre eta Amaia Lizarralde (Garapen iraunkorra), Edurne Elizondo (Itoiz, porlanezko gezurra), Monika Etxebarria (Goragalea), Gotzon Garate (New Yorkeko kronika beltza), Iñaki Heras (Txanponaren bi aldeak), Edorta Jimenez (Hemingway eta euskaldunak zerbitzu sekretuetan), Alberto Ladron Arana (Eguzki beltzaren sekretua), Juan Ignacio Pérez eta Pello Salaburu (Unibertsitatea eta euskal gizartea gaur), Txema Ramírez de la Piscina (Ikus gaitzazuen), Urtzi Urrutikoetxea (Zoririk ez), Iban Zaldua (Etorkizuna), Patxi Zubizarreta (Pospolo kaxa bat bezala), Joseba Zulaika (ETAren hautsa),

Hori ikusirik, badirudi erabilera pluralaren alde makurtzen dela, baina Interneten, noski, denetik ageri da.

2.1.1.2. Izen bereko hainbat subjektu: EKT

EIMAren Ortotipografia liburuan emana dago kasu honen berri:

“Sigla batek izen bereko hainbat subjektu baldin baditu, orduan sigla hori pluralean deklinatuko da hala dagokionean. Horixe da, esate baterako, EKT (Euskal Kultura Taldea) siglaren kasua, honako adibide honetan ikus daitekeenez: 'Ahozkotasuna ikertzen ari dira Durangoko EKTn eta Gipuzkoako EKTetan.'”  

2.2. Izen arrunten siglak

Izen arruntak bezala deklinatzen dira, artikulu eta guzti. Horrelakoak dira, adibidez, ‘PC’ (ordenagailua) eta ‘CD’ (disko mota). Guztiz lexikalizatzen direnean, letra xehez idazten dira: ‘hiesa’, ‘radarra’, ‘modema’…

2.2.1. Nola deklinatu azken letra ‘-a’ dutenak?

Bi joera daude:

  • EIMAren Ortotipografia liburuan, ‘A + a = A-ak’ idaztea proposatzen dute. Honela:

NA-a, NA-ak, NA-aren, NA-ari…

DNA-a, DNA-ak, DNA-aren, DNA-ari…

  • Beste batzuek ‘A +a = A’ idazten dute. Honela:

NA, NAk, NAren, NAri…

DNA, DNAk, DNAren, DNAri…

Orain arte, bigarren joera izan da nagusi, eta badirudi EIMAk berak atzera egin lezakeela, Letra larriak liburuan honela baitio:

“Letra larriz idazten dira izen arrunten siglak ere. Adibideak:

BEZa (balio erantsiaren gaineko zerga), TAOa (trafiko eta aparkamenduaren ordenamendua), PVCa (polibinil kloruroa), DNA (azido desoxirribonukleikoa)... ” 

2.3. Kasu eztabaidagarri batzuk

Hona hemen zalantza sortzen duten sigla batzuk, besteak beste Itzul zerrendan bertan ikusi dugunez: ‘BEZa’/‘BEZ’; ‘PFEZa’/’PFEZ’; ‘KPIa’/’KPI’; ‘I+Ga’/’I+G’; ‘AHTa’/’AHT’… Eztabaidaren muina hau da: ea sigla horien atzean izen bereziak dauden, edo izen arruntak.

2.3.1. Zergak

‘BEZ’ eta ‘PFEZ’ agertu zaizkigu, baina, bistan denez, zergen sigla guztiei dagokie eztabaida. Gure administrazioetan, izen berezitzat hartu ohi dituzte zergen izenak, eta beste erakunde batzuetan, berriz, izen arruntzat; adibidez, EIMAn eta Berrian.

Ohar hau ageri da EIMAren Letra larriak liburuan:

“Euskarazko testu ofizialetan, dena den, ohikoa da zerga-izenak letra larriz hasita idaztea (Balio Erantsiaren gaineko Zerga; Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga), hori baita Espainiako administrazio-testuen tradizioa (Impuesto sobre el Valor Añadido; Impuesto sobre la Renta de las Personas Físicas). Frantziako testu ofizialetan edo katalanezko testu ofizialetan, berriz, letra xehez idazten dira zerga-izenak (frantsesa: taxe sur la valeur ajoutée; impôt sur le revenu des personnes physiques. Katalana: impost sobre el valor afegit; impost sobre la renda de les persones físiques)”.

Argi pixka bat egiteko, ikus dezagun beste hizkuntza batzuetan nola jokatzen duten, esaterako, balio erantsiaren gaineko zerga adierazteko orduan:

  • Ingelesez, letra larriz nahiz xehez ageri da Interneten, baina erabilera zainduan nabarmena da xehez idazteko joera; esaterako, Britannica entziklopedian eta The Economisten, The Guardianen eta The Timesen estilo liburuetan: ‘value-added tax’.
  • Frantsesez, administrazioan ez ezik bestela ere letra xehez idazten dute; adibidez, Le Monderen estilo liburuan: ‘taxe sur la valeur ajoutée’.
  • Gaztelaniaz, administrazioaren tradizioa gorabehera, Europako Batzordeko Itzulpen Zuzendaritza Nagusiaren Guía del Departamento de Lengua Españolan letra xehez idaztea gomendatzen dute, ohartxo bat gehituta:
  • “impuesto sobre el valor añadido (IVA) [en determinados contextos se escribe con mayúscula inicial en los sustantivos y adjetivos]
  • impuesto sobre el volumen de negocios [sistema común del impuesto sobre el valor añadido: base imponible uniforme; en determinados contextos se escribe con mayúscula inicial en los sustantivos y adjetivos]
  • impuesto sobre la renta [en determinados contextos se escribe con mayúscula inicial en los sustantivos y adjetivos]” 

Era berean, Europako Erkidegoetako Argitalpen Ofizialen Bulegoaren Libro de estilo interinstitucionalen ere letra xehez idatzita ageri da. 

Hizkuntza bateko eta besteko tradizioaren erakusgarria dugu IATEren datu basea: ‘value added tax’, ‘taxe sur la valeur ajoutée’, ‘Impuesto sobre el Valor Añadido’.

Hori guztia kontuan harturik, badirudi zergen izenak letra xehez idaztea dela joera nagusia, Espainiako tradizioaren eraginez administrazioan bestela jokatzen bada ere. IVAPen estilo liburuan bertan, honela diote:

“[…] zenbaitetan, erabiliaren ondorioz, sigla batzuk izen arrunt bilakatzen dira eta artikulua hartzen dute. Esaterako: BEZa […]”.  

2.3.2. Besterik

Zalantza sortu ohi duten beste kasuetan (‘KPIa’/’KPI’; ‘I+Ga’/’I+G’; ‘AHTa’/’AHT’), sigla horiei dagozkien izenak letra xehez idazten dituzte Elhuyar hiztegian, Euskaltermen eta Zehazki hiztegian (‘ikerketa eta garapen’ ez da ageri). Gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez ere xehez idatziak ageri dira bai Britannica entziklopedian eta bai IATEren datu basean.

Hori guztia kontuan harturik, badirudi zentzukoena ‘KPIa’, ‘I+Ga’ eta ‘AHTa’ idaztea litzatekeela, betiere onartzen badugu izen arruntak direla.  

3. Nola lotu atzizkia: marratxorik gabe

Siglei marratxorik gabe eransten zaie atzizkia gehien-gehienetan. Nolanahi ere, badira salbuespena egin ohi den kasu batzuk. Hona hemen zenbait idazkera liburuk zer kasutan gomendatzen duten marratxoa erabiltzea:

  • Letra larriz idatziriko testuetan (Azpidazki, Argiro idazteko proposamenak eta ariketak, Berria, EIMAren Ortotipografia).
  • Sigla bati letraren bat edo batzuk erantsiz sortutako sigletan; hau da, ‘PCEr’, ‘ETApm’, ‘NPGb’, ‘RNAm’ eta gisakoetan (Berria).
  • Siglaren azken letra eta atzizkiaren lehena bera direnean (Azpidazki, Argiro, Berria, EIMAren Ortotipografia).
  • Siglaren azken letra eta atzizkiaren lehena ‘-k’ direnean (Euskaldunon Egunkariaren estilo liburua, IVAPen estilo liburua).
  • Siglaren azken letra ‘-r’ denean (Berria). Siglaren azken letra ‘-r’ izanik atzizkiaren lehena bokala denean (Azpidazki, IVAPen estilo liburua). // Siglaren azken letra ‘-r’ denean ere ez da marratxorik erabiltzen, eta ez da bikoiztu behar (EIMAren Ortotipografia).  

Lehenbiziko bi kasuetan nahiko argi dago marratxoa jartzea komeni dela, argitasunaren mesedetan:

PS-KO KIDEA; ELA-REN ERABAKIA

PCEr-ko kidea; Bi RNAm-ak batera

Beste hiruretan, batez ere estetikoa da kontua, eta, beharbada horregatik, nahasiagoa erabilera. Oraingo nahas-mahasean, forma hauek ari dira lehian:

GKE-etan / GKEetan

AEK-ko / AEKko

NFR-ko / NFRko; PAR-eko / PAReko

Zaila da esaten zenbateraino dagoen zabalduta bata eta bestea. Nolanahi ere, Googlen begiratu bat emanda, badirudi ‘GKEetan’ forma gehiago erabiltzen dela ‘GKE-etan’ baino: ‘GKEetan’ 1.670 aldiz, eta ‘GKE-etan’ bederatzitan. Baina ‘AEK-ko’ gehiago ageri da ‘AEKko’ baino: ‘AEK-ko’ 14.200 aldiz, eta ‘AEKko’ 344tan…

Alegia, badirudi erabiltzaileek gehienbat bi ‘k’ elkartzen direnean sentitzen dutela marratxoa erabiltzeko premia eta, hango eta hemengo gomendioen gainetik, jokabidea errazte aldera egin dutela. Ockhamgoaren labana zorroztu beharko dugu…

Nork: Irene Arrarats.2008/11/28 19:43:59.661 GMT+1
Etiketak: zergak siglak beza aht aeb | Permalink | Erantzunak (4) | Errenferentziak: (0)

Erantzunak

Aztergai gehienetan ados nago. Dena den, AEBren deklinabidea dela eta, komeniko litzateke argitzea gauza bat:
  • Siglak irakurtzean, siglak berak irakurtzen dira. Adibidez: EHUko errektore berriak... [e-hatxe-u-ko errektore berriak...]
  • Sinboloak irakurtzean, sinboloek ordezkatzen dituzten adigaien izenak irakurtzen dira, eta ez sinboloak berak.
Azken batean, adigaia pluralezkoa izanda ere, siglak izen berezien gisara deklinatu behar dira. Izan ere, zer alde dago AEBren eta LABen artean, esaterako? Langile Abertzaleen BatzordeAK ere pluralezkoak dira. CCOO ere badugu? Salbuespenik egin behar al dugu? Ez dut uste.

Nork: Iñigo.2008/12/09 11:19:30.289 GMT+1

Ondo bildu ditu Irene Arraratsek siglen inguruko zalantzak. Bi puntutxo erantsi nahi ditut: batean, Ireneren argudioen alde; bestean, AEB siglaren kontuan, kontra (kontra ere ez, Irenek ez baitu bataren edo bestearen aldeko hautu garbia egiten; joerak deskribatu besterik ez du egin. Orain arteko joera nagusiaren kontra, zehatzago esatearren, eta Iñigo Roquek emandako iritziaren alde).

1.- ALDE
Zergen izenak letra xehez
«Hori guztia kontuan harturik, badirudi zergen izenak letra xehez idaztea dela joera nagusia, Espainiako tradizioaren eraginez administrazioan bestela jokatzen bada ere», dio Irenek, frantsesezko, gaztelaniazko eta ingelesezko datuak eman ondoren. Haren argudioak indartzeko, beste bi datu:

Hona hemen Espainiako ortotipografia-aditurik ospetsuenak, José Martínez de Sousak, zer dioen 2007an argitaratutako Diccionario de uso de las mayúsculas y minúsculas liburuan:

«impuesto. (...) Los nombres de los impuestos deben escribirse con minúsculas iniciales: el impuesto de tráfico de empresas; el impuesto sobre la renta de las personas físicas: el impuesto de bienes inmuebles: el impuesto sobre el valor añadido. ♦ En los textos oficiales y semejantes suelen aparecer con iniciales mayúsculas, pero no parece una grafía justificada».

Katalanez ere minuskulaz idazteko gomendioa egiten du Generalitateak: impost sobre el valor afegit (IVA); impost sobre la renda de les persones físiques (IRPF). (Iturria: Abreviacions, Secretaria de Política Lingüística; Bartzelona, 2005). Bide batez, horren harira, hona hemen Generalitateko Kultura Sailak zer dioen Majúscules i minuscules lanean (1992) (azpimarra nirea da): «Les sigles sempre s'escriuen amb majúscules, encara que el nom sencer s'escrigui amb minúscules. El poder d'atracció de les sigles probablement és la causa de moltes majúscules que no pertoquen (...)».

2.- KONTRA
Nola deklinatu AEB sigla?
Siglek eta akronimoek badute funtsezko ezaugarri bat, gainerako laburtzapenetatik —laburduretatik eta sinboloetatik— argi eta garbi bereizten dituena: siglak irakurtzekoak dira, eta irakurri egiten dira: dela silabaka, hitz baten moduan (BEZ, EHGAM, EIZIE), dela letraka (KPI, EHU).

Deklinatu ere, horren arabera deklinatzen ditugu: irakurketa kontuan izanda jakiten dugu kontsonantez ([bez], [egam]) ala bokalez ([kapei], [ehatxeu]) amaitua den, eta siglak ordezkatzen duena izendapen berezia (EIZIE, EHGAM) ala arrunta (BEZ, KPI) den jakinda erabakitzen dugu nola deklinatu. Hala, BEZ eta KPI siglak, autobus eta etxe izenak bezala deklinatzen ditugu, hurrenez hurren. Eta EIZIE eta EHGAM siglak, berriz, Doneztebe eta Alesbes leku-izenak bezala, hurrenez hurren.

Eta sigla pluralezkoa bada? Nik esango nuke stricto sensu ez dagoela pluralezko siglarik. Sigla baten erreferentea izen arrunta denean, pluralean deklinatzen dugu, hala dagokionean, baina horrek ez du esan nahi sigla plurala denik:
  • Nire PCa hondatu da; zuen PCak ere hondatu dira.
  • BAMEek greba egin behar dute (BAME: barruko mediko egoiliar; gaztelaniaz, MIR).

Beste batzuetan, siglak ordezkatzen duen izen-sintagmak mugatzaile pluralduna du:
  • AEB: Ameriketako Estatu Batuak
  • ET: Eusko Trenbideak
  • MGM: Mugarik Gabeko Medikuak
  • ARCO: Arrasateko Komunikabideak
  • AKOB: Afrikako, Karibeko eta Ozeano Bareko Herrialdeak (ACP: African, Caribbean and Pacific Countries / Países de África, Caribe y Pacífico / Pays d'Afrique, des Caraïbes et du Pacifique)
  • AMIA: ahuleziak, mehatxuak, indarrak eta aukerak (DAFO: debilidades, amenazas, fortalezas y oportunidades / SWOT: Strengths, Weaknesses, Opportunities, and Threats).
Izendapen berezien kasuan, siglak dena ordezkatzen du, hau da, absolutiboan dagoen sintagmaren ordezkoa da sigla. Horrek esan nahi du AEB siglak Ameriketako Estatu Batuak ordezkatzen duela. Beraz, AEB ez da Ameriketako Estatu Batu sintagmaren sigla.
  • AEB = Ameriketako Estatu Batuak
  • *AEB = Ameriketako Estatu Batu
Horiek horrela, ez da zuzena, nire iritziz, AEBak erabiltzea Ameriketako Estatu Batuak ordezkatzeko. Bestela esanda, Euzko Alderdi Jeltzalea ordezkatzeko *EAJa idaztea bezain desegokia da AEBak idaztea.

Beraz, honelakoak ez genituzke ontzat eman behar:
  • ...eta AEBak II. Mundu Gerran sartu ziren (Berria, 2008-12-07).
  • AEBak gerretan murgilduta daudenez gero... (Berria, 2008-12-02).
  • Brooklynen (New York, AEBak) bizi dira (Berria, 2008-11-30).
Berriaren hemerotekan, AEBak eskatuta, 567 testu ematen ditu bilagailuak. Baina bekatuak auzoan bakarrik ez, etxean ere bai:
  • Agian guri urruti samar gelditzen zaizkigu AEBak eta country-a (Elhuyar, 2004/10/31).
  • AEBak gerran sartu zirenean, Lindbergh aurka agertu zen (Elhuyar, 2003/05/01).
Elhuyaren hemerotekan, AEBak eskatuta, 7 testu ematen ditu bilagailuak.

Aitortu behar dut ni ere harritu egin nintzela Ortotipografia liburuan AEBko ikusi nuenean. Ordu arte, nik ere AEBetan, AEBetako... idazten nuen, hala ikusi eta behin ere horri buruzko gogoeta egitea ez baitzitzaidan bururatu. Baina uste dut Ortotipografia liburuaren hautua jokabide koherente eta zentzuzkoa dela; hau da, ez dut ikusten AEB siglarekin zergatik egin behar dugun salbuespena. Elhuyarreko lankideekin eztabaidatu dudanean, batzuek "amore eman" dute nire argudioen aurrean, baina gogoz kontra, nolabait esateko. Alegia, ez dakit benetan konbentzitu ditudan AEBko dela forma normala eta AEBetako, berriz, anormala. Izan ere, indar handia du ohiturak (hala espero dut, behintzat, ohitura-kontua izatea eta ez sen-kontua. Izan ere, jatorrizko sigla erabili behar izanez gero, uste dut inork ez lukeela USAetan idatziko, USAren adigaia pluralezkoa —United States of America— izanagatik).

Helduleku bakarra du AEBetako moldea aldezten duenak. Irenek ondo bildu du arrazoia:
«Nolanahi ere, zaila da esaten kasu honetan egiaz sigla irakurtzen den ala ez. Hizketan ari garela behintzat, testurik gabe, inork ez du esaten /a-e-be/, baizik eta ‘Estatu Batuak’. Alde horretatik, badirudi oraindik ez duela lortu sigla guztiz ‘beregaina’ izatea».

Sigla irakurtzea edo ez irakurtzea norberaren hautua da. Zenbat eta gehiago erabili, hainbat errazago irakurriko dugu sigla, ekonomiaren legeak agintzen baitu: Ameriketako Estatu Batuak osorik esan beharrean, Estatu Batuak esaten dugu, laburragoa baita, eta are laburragoa da AEB. Inork ez duela esaten baieztatzea, beharbada, ausartegia da, baina, dena dela, horrek ez du ezer aldatzen. Adibidez, berdin esan genezake AAB (Amnistiaren Aldeko Batzordeak) ez duela inork esaten. Hala ere, Berria egunkarian ez dute AEB siglarekin bezala jokatzen, ez dute salbuespenik egiten, eta edozein sigla bezala deklinatu ohi dute:
  • Batasuna zein AAB legez kanporatzeko arrazoiak ere ez direla ideiei lotutakoak esan du... (Berria, 2008-10-22).
  • Iker Zubiak esan zuen torturatu egiten dela; hori esateagatik AABko kidea da, eta, beraz, erakunde terroristakoa (Berria, 2008-10-03).
  • Defentsak azaldu zuen  AABren egoitzak bertako langileek garbitzen dituztela (Berria, 2007-02-28).
  • AABren eta Segiren helegiteak atzera bota ditu EBko Auzitegiak (Berria, 2007-02-28).

Pluralezko erreferentea duten beste sigla euskarazko batzuekin ere modu sistematikoan jokatzen du Berriak:
  • ARKO (Arrasateko Komunikabideak)
  • ASK (Abertzale Sozialisten Komiteak)
  • SA (Sozialista Abertzaleak)

  • Erakunde autonomo moduan bidea hasi zuen ARKOk (Berria, 2008-09-11).
  • ...duela 25 urte desagertu zen IK-ko kideari eskaini dioten omenaldian (Berria, 2008-12-08).
  • IK-k polizia indarrei leporatu zien Larre aurkitu, hil eta haren gorpua desagerrarazi izana (Berria, 2008-12-06).
  • Ezta Joxemi Zumalabe zena ASK-ko kide izan zen arren fundazioari bere izena jarri izana ere (Berria, 2007-02-20).
  • SAren aurrekariak eragina izango du Legebiltzarreko Mahaiak EHAKri buruz har dezakeen erabakian (Berria,2008-09-21).
  • ...eta ez mahaiak edo bozeramaile batzordeak,  SAren kasuan gertatu bezala (Berria, 2008-01-31).
Baita erdarazkoekin ere:
  • FARC (Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak)
  • GRAPO (Urriaren Leheneko Erresistentzia Talde Antifaxistak)
  • GAL (Askapenerako Talde Antiterroristak)

  • FARCek zortzi polizia hil ditu Kolonbian (Berria, 2008-12-06).
  • FARCeko lau gerrillarik 60 urteko kartzela zigorra jaso dute (Berria, 2008-11-29).
  • GRAPOko kide bat 30 urtera kondenatu du Espainiak (Berria, 2008-07-12).
  • Bestalde Lasa eta Zabala GALek torturatu eta hil zituen (Berria, 2008-11-02).

Irenek dioenez, AEB pluralean deklinatzearen aldekoek salbuespena egiteko arrazoibidea hau da:
«(...) testuan lehenik ‘Ameriketako Estatu Batuak (AEB)’ aipatu eta handik aurrera ‘AEB’ sigla erabiltzen bada, pluralari eustea komeni da, bestela koherentziak huts egiten duelako:
  • Ameriketako Estatu Batuek (AEB) enbaxadorea izango dute Libian, 36 urtean lehen aldiz. AEBk Gene Cretz izendatu du kargu horretarako».

Nik, hain zuzen ere, jokabide horretantxe ikusten dut inkoherentzia. Sigla sigla da, eta sigla gisa deklinatzekoa da. Siglen deklinabidea behartzeak sortzen du inkoherentzia. Izan ere, bide hori onartzera, Berriak beste kasu honetan bestela jokatu behar luke ustezko inkoherentzia hori saihestearren:
  • FARCek Latinoamerikaren bitartekaritza eskatu du. Gatibuak preso dauden gerrillariekin trukatzeko asmoa berretsi dute FARC Indar Armatu Iraultzaile Kolonbiarrek... (Berria, 2008-10-29).
[du dioen tokian dute behar luke]

Eta GRAPO edo GAL adigaia zein den adierazten den bakoitzean, ondoren GRAPOko eta GALeko ez eta GRAPOetako eta GALetako idatzi behar luke, ezta? Eta, hala jarraituz gero, Eusko Trenbideak erakundearen sigla (ET) erabiliz gero, berdin jokatu behar litzateke, ezta?:
  • ETek iragarri dute datorren aste-bukaeran hasiko direla gaueko zerbitzu berriak.

Nire ustez, sigla deklinatu behar da, ez siglaren adigaia. Eta, Iñigo Roqueren iritziarekin bat, ez dut uste horretan AEB zergatik salbuetsi behar dugun. Ia-ia salbuespen erreberentziala iruditzen zait. AEBak gisako forma nire ustez desegokiei bidea emateaz gainera, aurrekari arriskutsua ezartzen du, oinarri ezin ahulago batean bermatzen baita: siglaren balizko funtzionalitaterik eza argudiatzen da («inork ez du a-e-be esaten»). Beraz, a-e-be esaten duenak AEB idatzi behar luke, eta esaten ez duenak AEBak? Edo onartu behar dugu a-e-be ezin dela esan?

Nire ustez, garbi dago jokabide asistematiko horrek arazoak konpondu beharrean piztu egiten dituela. Badakit ohiturak indar handia duela, baina ohitura hau oso berria da, 10 urte besterik ez.

Nork: Alfontso Mujika.2008/12/10 20:39:21.587 GMT+1

Alfontsok dioen bezala, aurrekoan joera nagusiak deskribatzen saiatu nintzen, baina orain nire iritzia emango dut, 'AEB' sigla dela eta ez dela.

Iñigok eta Alfontsok gogora ekarri dute azpian pluraleko izena duen sigla mordoxka bat: 'LAB', 'ARCO', 'GRAPO', 'GAL', 'FARC'... Horiek guztiak deklinatzeko orduan, erabat sistematikoa da joera: gainerakoak bezalaxe deklinatzen dira, eta komunztadura singularrean egiten da: "LABek esan du", "GRAPOk bahitu zuen", "FARCek adierazi du", esaterako.

'AEB' sigla horiek bezalakoxea bada, zergatik ez jokatu horiekin bezalaxe? Bada, nire ustez, forma aldetik bakarrik delako horiek bezalakoa.

Izan ere, sigla horiek esan egiten dira egiaz: "LABek esan du", "GRAPOk bahitu zuen" edo "FARCek adierazi du" edonork esaten du. 'AEBk esan du', aldiz, ez dakit inork esaten duen, baina oso zabaldua, behintzat, ez dago. Horrexegatik erabiltzen dute 'LAB' edo 'GRAPO' ikus-entzunezko komunikabideetan, lasai-lasai, jakinik entzuleak ederki ulertuko duela eta ez zaiola arrotza gertatuko, eta horrexegatik ez dute esaten 'AEBk esan du', bai baitakite ulertuz gero ere arrotza gertatuko zaiola entzuleari, onenean ere.

Beraz, forma aldetik ez, baina erabilera aldetik desberdina da 'AEB', orain(goz) behintzat.

Alfontsok dioen bezala, "Sigla irakurtzea edo ez irakurtzea norberaren hautua da", eta ez dirudi askoren hautua denik 'AEB' sigla moduan irakurtzea. Bestela, solasaldietan entzungo litzateke, eta ikus-entzunezkoetarako jauzia ere emana izango luke, sigla berriago batzuek eman duten bezala. Alegia, sigla 'beregaina' bihurtzeko bidean aurrerago legoke.

Beste sigla batzuekin ere gertatzen dira halako bitxikeriak: 'CCOOk' ikusi eta 'Comisionesek' irakurri, esaterako, ez da gutxitan egiten. Orduan, zergatik ez da salbuespenik egiten 'CCOO' siglarekin ere? Bada, zorionez, erdarazko pluralak ez gaituelako kateatzen joskeran: "Comisionesek esan du" esaten dugu, eta ez "Comisionesek esan dute".

'AEB' siglak, aldiz, 'Estatu Batuak' irakurtzen duenarentzat bederen, plurala eskatzen du, esaldian taxuz josiko bada, eta horrek ekartzen du salbuespena egitea.

Horrek ez du esan nahi 'AEB' siglak "funtzionalitaterik" ez duenik; prentsan, behintzat, ondo betetzen du bere funtzioa. Salbuespena egiteak ez du arriskuan jartzen sistemaren oinarria ("siglak irakurtzekoak dira, eta irakurri egiten dira"). Hain zuzen ere, hamar urtean ez da bestelako salbuespenik sortu, nik dakidala.

Eta ez litzateke harritzekoa izango erabiltzearen poderioz 'AEB' ere sigla beregain bihurtzea, 'LAB', 'GAL' eta 'GRAPO' bezala. Baina, datuen argitan, oraindik ez du osatu bide hori euskal idazle eta irakurle gehienen begi-belarrietan, eta kontuan hartzekoa da hori, batez ere siglen sistemari ez ezik testuaren beste alderdiei ere begiratzen badiegu.

Nork: Irene Arrarats.2008/12/15 17:00:50.493 GMT+1

Zerrendan behin baino gehiagotan agertu da zalantza SA ala S.A. ote den “sozietate anonimo” terminoaren forma laburtua. Hots, punturik gabe eman behar ote den, sigla bat balitz bezala (SA) ala puntuekin, laburtzapen gisa (S.A.). Behean jarri dudan loturan sakatuta ikus daitezke Itzul zerrendan puntu horren inguruan idatzi diren mezuak. Ausartuko naiz sintesia egiten (eztabaidagarria, seguruenik, nola ez):

Legearen arabera (Ley de Sociedades Anónimas. R.D.L. 1564/1989, 2.1 artikulua), laburdura gisa idatzi behar da, puntuekin: “En la denominación de la Compañía deberá figurar necesariamente la indicación ‘Sociedad Anónima’ o su abreviatura S.A.”. Hala ere, siglatzat hartzea gomendatzen dute hainbat estilo-liburuk: IVAPeko estilo-liburua, Berriaren estilo liburua, Libro de Estilo Interinstitucional de la Unión Europea...

Hona, berriz, sintesi horri nik egiten diodan eranskintxoa: sigla gisa erabiltzen badugu SA (“ese-a” esaten dugularik beti, ez “sa”), zilegi dirudi honela ebaztea beste zalantza bat, dena delako enpresaren izenarekin batera ematean eta esaldian jostean sortzen dena:

Industrias Elurtza SAk lantegi berria jasotzeko baimena eskatu du.

Ados gaude horretan?

Hemen jaso dut zerrendako mezu-bilduma:

http://www.scribd.com/doc/12959640/Sozietateanonimoa

Nork: Patxi Petrirena.2009/03/04 00:40:37.648 GMT+1

Idatzi artikulu bat





The CAPTCHA image

Mesedez, idatzi irudian azaltzen diren letrak. Captchas.net-i eskerrak.