Ikasturte berria eta berri ugari

2014 Urria 7
Ikasturte berria eta berri ugari

Oporretako atsedenaren ostean, merezi dugun lekutxoa berreskuratu dugu hedabideetan. Izan ere, iraileko hilabete honetan sarri agertu da gure ofizioa medioetan, askotariko gaiak jorratuz.

Ezer baino lehen, EIZIEk hilabete honetan jendaurrean aurkeztu dituen bi proiektu handi azpimarratu behar ditugu: Nor da Nor datu-basea eta Shakespeareren Ametsa biziarazten. Hala, azken horrek hilaren 30ean izan zuen lehenengo ekimena, Itzulpengintzaren Nazioarteko Egunarekin, Itzultzailearen Sukaldea, Gasteizko Letren Fakultatean.

Horrez gain, eta inolako meriturik kendu gabe, elearaziko kideek Iraitz Urkulo aurkeztu digute hilabete honetako "Itzultzaileak mintzo" atalean; Iñigo Roque Euskadi Irratiko Arratsean saioan izan da galizieratik itzulitako Post-it bizitzak aurkezten; eta Maria Colerak eta Ainara Muntek elkarlanean Sarrionandiren Jo no soc de aquí liburua katalanera itzuli izana abiapuntu, katalanaren eta euskararen arteko harremanaz mintzo izan dira El Diario Vascoko artikulu batean. Era berean, Pomes perdudes katalanera itzulitako euskal narratiba garaikidearen antologiaren berri ekarri digu Argia aldizkariak. Bestalde, Donostiako Zinemaldiaren testuinguruan, HamaikaTBk prestatutako Zurriolako Butaka saio berezian, Marian Galarraga eta Mikel Mendizabal bikoizleak izan dira, eta horrek oihartzuna izan du Berrian ere.

Azkenik, eta Itzultzaileon Nazioarteko Egunera bueltatuz, Lierni Otamendik, Elhuyarreko Itzulpen eta zuzenketa zerbitzuen arduradunak, "Oro ez da urre" artikulua idatzi zuen Berria egunkarian eta "La importancia de la calidad en la traducción" artikulua El País egunkarian.

Betiko legez, artikulu, bideo, elkarrizketa eta eduki interesgarri horiek guztiak gure webguneko Itzulpengintza ikusgai atalean dituzue.